SURFA
Aitor Francesena surf egokituko munduko txapelduna
Aitor Francesena garaile Kaliforniako surf egokituko Munduko Txapelketan
Iragan astean, surf egokituko herrialdeen arteko Munduko Txapelketa izan zen Kaliforniako La Jolla hondartzan. Ikusmen urriko kategorian Aitor Francesena 50 urteko surflari zarauztarrak urrezko domina irabazi zuen bigarren aldiz.
2016. urtean aurrenekoz surf egokituko munduko txapela lortu zuenetik, garaipen hura errepikatzea izan da Francesenaren helburu nagusia. 2017an brontzezko domina eskuratu zuen eta 2018an laugarren postuan geratu zen. 2019ko mundo txapelketa iazko abenduan jokatzekoa zen baina hiru hilabetez atzeratu egin zen eta tarte hau ondo baino hobeto baliatu du zarauztarrak bere mailarik onenean heltzeko lehiaketara.
Aitorrek sendo hasi zuen bere ibilbidea Munduko Txapelketan Elias Ricardo Diel brasildarraren, Thomas Da Silva frantziarraren eta Pablo Martinez argentinarraren aurka, eta nagusitasunez irabazi zuen lehen kanporaketan, VI1 kategorian. 9.00 eta 7.90eko bi olatuk eman zioten lehen postua.
Bigarren kanporaketan ere bere txandako onena izan zen (13.9), Elias Ricardo Diel brasildarraren (13.17), Thomas da Silva frantziarraren (6.94) eta Alvaro Perez uruguaitarraren (2.26) aurretik.
Hartara, finalera sailkatu zen eta bertan garaipen erosoa lortu zuen, aurkariekin alderatuta puntuazio askoz hobeak lortuta: Francesenak 14.20 puntu eskuratu zituen eta atzetik sailkatu ziren Elias Ricardo Diel brasildarra (7.74), Henry Martinez costarricarra (7.10) eta Joshua Loya estatubatuarra (3.47).
14 urte zituela glaukoma batek eragin zion eskuineko begian ikusmena galtzea eta 2012an olatu bortitz batek ezkerreko begia guztiz kaltetu zion, hartara ikusmena erabat galdu zuelarik. Hala ere aitorrek ez du inoiz surfarekiko grina galdu eta bigarren urrezko domina honek egindako ahaleginen saria izan da.
Euskaldunei dagokionez, Ibon Muguerza tolosarra ere txapelketako finalera ailegatu zen, beste kategoria batean. Istripu baten ondorioz ezker besoko mugikortasuna galdu zuen, baina hala ere Zarauzko olatuetan surf egiten jarraitu zuen eta egun Europako txapelduna da surf egokituan. Muguerza laugarren geratu zen La Jollan pasa den larunbatean amaitutako munduko txapelketan.
SURFA
Nadia Erostarbe, txapeldunordea Portugalgo MEO Cup of Surfing txapelketan
Ariane Ochoak ez zuen bigarren aukerako kanporaketa gainditu eta Aritz Aranburuk agur esan zion txapelketari finalaurdenetan
Ariane Otxoa eta Iker Trigueros, Euskadiko surf txapeldunak
Sopela Kosta Fest jaialdiaren barruan, Euskadiko Surf Txapelketa lehiatu zen larunbata eta igandean
Aranburu eta Erostarbe podiumera igo dira Pantin Classic txapelketan
Aritz Aranburu eta Nadia Erostarbe zarauztarrek bigarren eta hirugarren postuak eskuratu dituzte, hurrenez hurren.