EUSKAL PILOTA

Airean dago Emakume Master Cup Txapelketa

by | 2020/03/28

Geldirik dago Emakume Master Cup Txapelketa, etenaldiarena pilota mundo osora orokortu den neurria delarik

 

Dena den, Emakume Master Cup Txapelketa ez dago atakarik okerrenean, izan ere, irtenbide ez da hain zaila kontutan izanda bi egun lortu behar dituztela besterik ez eta denbora tartea egon badagoela, hurrengo txapelketa San Fermin torneoa baita.

Duela aste batzuk, erakundeek koronabirusaren inguruan emandako aholkuei eta eginbeharrei jarraituz, Elgoibarren jokatu beharreko pilota goxoko finalerdiak bertan behera geratu ziren, erabakia  arduragatik eta pilotari eta pilotazaleen hobe beharrez hartu zelarik. Honako partiduak aurreikusita zeuden finalerdietarako: Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi /Irantzu Etxebeste-Leire Etxaniz eta Eneritz Arrieta-Amaia Jaka / Nagore eta Leire Galeano.

Aurreko astebukaeran bai jokatu ziren ordea, lehen aldiz antolaturiko binakako pilota mistoko finalerdiak Beasainen. Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldaik eta Miren Larrarte-Olatz Ruiz de Larramendik eskuratu zuten martxoaren 29rako iragarrita zegoen finalerako txartelak. Olatz Arrizabalaga (Gernika, 1997) eta Gentzane Aldai (Orozko, 1994) bikain aritu ziren eta Amaia Aldaik eta Arrate Bergarak osatutako bikoteari 22-11 irabazi zioten. Miren Larrarte eta Olatz Ruiz de Larramendi ere sailkatu ziren finalerako,  Leire Garai eta Nora Mendizabal 20-19 mendean hartuta.

Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketa azken txanpan dago beraz, pilota goxoko finalerdiak eta diziplina horretako eta pilota mistoko finalak bakarrik daudelarik jokatzeke. Finalerdiak hilaren 14an ziren jokatzekoak Elgoibarren eta finalak martxoaren 29an Irunen, baina pairatzen ari garen egoeragatik data hauek ezerezean geratu dira.

Hala ere, antolakuntzako kideak baikor daude eta haien asmoa da behin egoera hobera jotzen duenean txapelketa amaitu ahal izatea. ETBrekin elkarlanean finalentzako eguna zehazteko ahaleginean dabiltza, eta oraindik goiz baldin bada ere epeak aurreratzeko, ziurtzat ematen den bakarra da aldez aurretik iragarrita zegoen bezala, bi finalak Irunen lehiatuko direla.

Pilota goxoko finalerdiak falta dira ere jokatzeko Elgoibarren, baina horiek finalaren egunaren arabera zehaztuko dira eta posible da astebukaeran jokatzea baino, astean zehar jokatu behar izatea.

Momentuz, gizarteko beste sektore guztietan gertatzen den bezala, Binakako Laboral Kutxa Emakume Master CUP lehiaketan jarraitzen duten pilotariei ere etxean geratzea tokatzen zaie. Atzeratu diren Elgoibarreko jaialdia zein Irungo finalak ahal bezain laster jokatzeko asmoa dutenez, pilotariek ez dute euren sasoia galdu nahi eta ahal bezala ari dira, etxean eta bakarka, euren entrenamendu saioak egiten.

Aurtengo Txapelketa

Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketak indartsu jarraitzen du eta aurten ia ehun pilotarik, zehatz esanda 94k, –47 bikotek– hartuko dute parte Binakako txapelketan.

2020ko Binakakoa bi kategoriatan jokatuko da: ohiko pilota goxoakoak jarraitzen du jarraitzailerik gehien izaten, (35 bikote izango dira, 70 pilotari), eta geroz eta parte hartzaile gehiago erakartzen ari den pilota mistokoan 12 bikote arituko dira lehen ekitaldi honetan.

Txapelketa osoa Gipuzkoako pilotalekuetan jokatuko da. Ataun, Antzuola, Villabona, Deba eta Berastegik lehen aurrekanporaketak hartuko dituzte. Getarian eta Pasaian, final-laurdenetako jaialdiak izango dira, eta finalerdiak Beasainen, martxoaren 8an eta eta Elgoibarren, martxoaren 14an jokatuko dira. Bi mailetako finalak martxoaren 29an jokatuko dira Irunen.