MENDI LASTERKETAK
Ainhoa Sanzek errekorra jarri du Cap de Creuseko mendi trailean
Ainhoa Sanz korrikalari urretxuarrak irabazi zuen Rosesen (Girona, Katalunia) Cap de Creuseko traila, eta garaipena lortzeaz aparte errekor berria ezarri zuen 2 ordu eta 2 minutuko denborarekin. Oihana Kortazar bigarren postuan sailkatu zen. Hortaz, biek eskuratu dute Salomonek antolatutako Golden Trail txapelketako finalerako txartela, urriaren 29tik azaroaren 1era bitartean lehiatuko dena.
Pandemiaren eraginez, Trail lasterketa ia gehienak bertan behera geratu ondoren, berriro lehian aritzeko aukera izan zuten kirolariek asteburuan Gironan jokatutako Cap de Creus proban. 23 kilometro luze eta 1.200 metroko goranzko desnibela du Creus lurmuturreko lasterketak.
Proba garrantzitsua zen, batetik maila handiko partehartzea izan zelako eta bestetik, urriaren amaieran jokatuko den Golden Trail World Championship-erako zortzi “urrezko txartel” banatu zirelako (lau emakumezkoetan eta beste hainbeste gizonezkoetan).
Azoreak uharteetan jokatuko den Golden Trail Championship lasterketak izen haundia dauka eta bertan 30 kilometroko distantzia duten lau lasterketa korrituko dituzte, urriaren 29tik azaroaren 1era arte (hori gutxi balitz, 100.000 euro banatuko dira sarietan).
Asteburuko lehian norgehiagoka azkarrak eta oso parekatuak ikusi ziren orohar eta euskal ordezkariei dagokienez, soilik emakumezkoak lehiatu ziren. Hain zuzen ere, bi gipuzkoar: Ainhoa Sanz eta Oihana Kortazar. Eta biek ala biek lan bikaina egin zuten. Urretxuarrak irabazi zuen, 2:02:26 denborarekin. Garaipena erdiesteaz gain, errekor berria ezarri zuen. Bien bitartean, elgetarrak bigarren postua eskuratu zuen.
Sanzek azken kilometroetan finkatu zuen bere garaipena. Nahiz eta itxialdiaren osteko lehendabiziko lehia izan, estrategia bikaina eraman zuen aurrera: lehenengo kilometroak lasai hartu zituen eta bere erritmora joan zen, ordurako Oihana Kortazar aurretik zihoalarik. Une jakin batean Azara Garcia de los Salmones-ekin bat egin eta Oihana harrapatu zuten. Aurrerago, 14. kilometroan, jaitsiera batean, erritmoa bizkortu eta aurkariak atzean utzi zituen Sanzek helmugara bakarrik iristea lortu zuelarik. Arestian esan bezala, bigarren postuan Kortazar helmugaratu zen, bi minutura. Canfranc-eko maratoian ez bezala, elgetarrak ezin izan zuen bere nagusitasuna erakutsi. Hala eta guztiz ere, azken bi hitzorduetan garaipen bat eta bigarren postu bat sinatu ditu. Azara Garcia de los Salmones berriz, hirugarrena izan zen, urretxuarrarengandik lau minutura.
Bestalde, gizonezkoetan, Oriol Cardonak irabazi zuen. Katalanak 1:42:20ko denbora egin zuen, eta, Sanzek bezala, aurreko marka ondu zuen. Antonio Martinez eta Andreu Blanes elkarrekin iritsi ziren helmugara.
Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren egutegia zehaztu da
Lehenengo proba irailaren 5ean izango da Igantzin, eta azkenekoa azaroan Adunan oraindik zehaztu gabeko datan
Gorbeia Suzien 2020 aurreikusitako datan mantentzen da
Skyrunner World Series zirkuitua bertan behera geratuta ere, irailaren 27an egingo dute proba Zeanurin
Mendi lasterketetako Euskal Selekzioaren kirolariak ezagutzen
Ander Iñarra, Euskal Selekzioko mendi korrikalariari egindako elkarrizketa