HERRI KIROLAK/HARRIA
Aimar Irigoienek irabazi du Etxauri Harria
Igande honetan, ekainak 12, eguerdiko 13.00etan, Etxauriko Harri Zaharraren Jasotze Txapelketaren 17. edizioa ospatu zuten berriro Etxaurin bertan, Etxauriko udalak eta Lurgorria kultur elkarteak antolatuta. Pandemiak eragindako hiru urteko etenaldiaren ondoren, bost harri-jasotzaile lehiatu ziren saria nork eskuratuko: harriaren pisua ardo botiletan. Etxauriko Harriak 136,5 kg pisatzen dituenez, garaileak 136 botila irabazteko aukera zuen.
Etxauriko harria landugabeko harri bat da, 136 kilo eta erdikoa. Irregularra izaki, zaila da jasotzen. 136 kiloko harri hori, apustuak egiteko erabiltzen zuten antzina herrian, ardo botilak jokatuz. Harria desagertu egin zen, ordea, eta 1999an berreskuratu egin zuten. 2005. urtean hasi ziren urteroko txapelketa antolatzen, naiz eta estreinakoz 2000. urtean altxatu zen, urte hartan hildako Alberto Lakosta Etxauriko aizkolariaren omenaldian. Horrexegatik, 2005az geroztik, Alberto Lakosta Memoriala deitzen zaio txapelketari.
Parte hartzaileak honako hauek izan ziren: Aimar Irigoien errezildarra, Jokin Eizmendi zarauztarra, Madrilgo Sergio Mielgo madrildarra, Goenatxo III.a azkoitiarra, eta Imanol Royo zarauztarra.
Patxi Larretxea arraioztarra izan zen txapelketako lehen irabazlea, hamar jasoaldirekin, baina gerora Irigoien izan da jaun eta jabe eta historiako jasoaldi errekorra ere ezarri duena, 2013an, 2017ean eta 2019ko azken edizioan lortutako 17 altxaldiko markarekin eta honakoan egindako 18 jasoaldiekin.
Harri-jasotzaileek bost minutu izan zituzten eta altxalditan berdinketa egonez gero, pisu gutxien zuena izango zen irabazlea. Baina ez zen halakorik suertatu eta Aimar Irigoien nagusitu zen. Lehiaketa sei aldiz irabazteaz gain, 18 altxaldirekin marka berria ezarri zuen errezildarrak.
SAILKAPENA
1 Aimar Irigoien 18 jasoaldi
2 Jokin Eizmendi 16 jasoaldi
3 Jon Unanue “Goenatxo III.a “ 12 jasoaldi
4 Sergio Mielgo 12 jasoaldi
5 Imanol Royo “Lartain” 5 jasoaldi
Binakako aizkolari txapelketako bigarren jardunaldia Beizaman
Iker Vicente eta Jesus Maria Mujika nagusitu dira Ruben Saralegi eta Eneko Otañoren aurka. Emakumeen banakakoan Irati Astondoak Itxaso Onsalori irabazi dio
Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa jokoan da
Abiatu da Euskal Herriko Goma Gaineko Euskal Herriko zortzinakako Txapelketa eta iaz bezala Beti Gazte da nagusi
Urrezko binakako aizkolari txapelketako bigarren jardunaldia igandean Beizaman
Iker Vicente eta Jesus Maria Mujika arituko dira nor baino nor Ruben Saralegi eta Eneko Otañoren aurka. Emakumezkoetan Itxaso Onsalok Irati Astondoa izango du aurrez aurre.