HERRI KIROLAK/HARRIA
Aimar Irigoienek Euskal Herriko Harri Handien txapela berreskuratu du
Argazkiak: uztarria.eus/
Harri Handien Txapela Irigoienen burura itzuli da
Hamargarren txapela jantzi du Aimar Irigoienek larunbat arratsaldez Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu zen Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa Nagusian.
Txapelketako faborito nagusia erraz nagusitu zen lan bikaina eginda eta duela bi urte egin zuen marka berdinduz.
Inoizko harri-jasotzaile kopururik handienak parte hartu du aurten Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan, zazpik, 180 bat ikusle bildu zirelarik ia bi ordu eta erdiko finala jarraitzeko.
Lehia estua espero zen arren, txapela irabazteko faborito argi bat zegoen, Aimar Irigoien, alegia eta honek ez zuen hutsik egin. Errezildarrak hamargarrenez irabazi du txapela, orainarte txapelduna izandako Jokin Eizmendi zarauztarra aise gaindituz. Irigoien ez zen aritu iaz, min hartuta baitzegoen eta beraz larunbateko garaipenarekin Harri Handien txapela bereganatu du berriro ere.
Lau harrirekin jardun dute lehian harri-jasotzaileek, harri bakoitzarekin hiru minutuko lanean: 200 kiloko laukizuzena, 175 kiloko zilindrikoa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola.
Pisu desberdineko lau harri modelo hauek erabilita,Irigoienek Txapela 8.225 kilo leporatuta bere buruan kokatu zen. Bigarren Jokin Eizmendi izan zen, 7.250 kilo jasoaz. Hirugarren, Xabier Peñagarikano (6.150 kilo). Ondoren, Aimar Galarraga (5.600 kilo), Xabier Aranburu (5.350 kilo), Iñigo Eizagirre (4.300 kilo) eta Julen Diaz (3.425 kilo).
Euskal Herriko Harri Handietako Txapelketako sailkapena:
1- Aimar Irigoien (Errezil). 8.225 kilo altxatuta (7-15-13-18)
2- Jokin Eizmendi (Zarautz). 7.250 kilo (7-11-12-17)
3- Xabier Peñagarikano (Aizarnazabal). 6.150 kilo (5-8-10-18)
4- Aimar Galarraga (Orio). 5.600 kilo (6-9-8-13)
5- Xabier Aranburu Guzta (Urrestilla). 5.250 kilo (6-8-10-10)
6- Iñigo Eizagirre Eiza (Zarautz). 4.300 kilo (3-5-8-13)
7- Julen Diaz (Urizahar, Araba). 3.425 kilo (4-5-5-8)
Beti Gazte A taldeak irabazi du Nafarroako launakako sokatira txapelketa mistoa
Beti Gazte B bigarren izan zen eta Amaiur B hirugarren
Jokin Eizmendik irabazi du Gorostidi Harriaren txapelketa
Orain arte, Adunako proban jaun eta jabe izan den Irigoien izan zuen atzetik
Abian da Nafarroako launakako sokatira txapelketa
Gizonezkoen eta emakumezkoen pisu astuneko lehen jardunaldian Beti Gazte nagusitu zen