HERRI KIROLAK/HARRIA
Aimar Irigoien nagusitu da Harri Handien Txapelketan
Argazkiak: egursport
Pasa den larunbatean jokatu zuten Harri Handien Txapelketa Aiako probalekuan, bertan bost harrijasotzaile aritu zirelarik nor baino nor gehiago: Iñigo Eizagirre eta Jokin Eizmendi zarauztarrak, Aimar Galarraga oriotarra, Aimar Irigoien errezildarra eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra.
Harri-jasotzaileek lau lan egin behar izan zituzten: 200 kiloko bolarekin, 150 kiloko kubikoarekin, 175-200 kiloko zilindroarekin nahiz 175-200 kiloko laukizuzenarekin zeinek altxaldi gehiago egin hiru minutuko txandetan.
Lan ia guztietan Aimar Irigoien izan zen onena eta guztira 8.100 kilo jaso zituen, 52 altxalditan banatuta: hemezortzi aldiz bola, hamabi aldiz kubikoa, hamalau aldiz zilindroa eta zortzi aldiz laukizuzena. Bola eta zilindroa altxatzen Irigoien gailendu zen, baina Eizmendik berdindu egin zuen harri kubikoarekin eta laukizuzenarekin. Hartara, hamaikagarrenez irabazi zuen Harri Handien Txapelketa errezildarrak, marka horrekin Juan Joxe Unanue Goenatxo II.a berdindu duelarik.
Bigarrena Jokin Eizmendi izan zen, zarauztarrak hurbiletik jarraitu zion Irigoieni, baina ezin izan zuen txapelketa laugarrenez irabazi. Guztira 7.500 kilo altxatu zituen 48 jasoalditan: hamasei aldiz bola, hamabi aldiz kubikoa, hamabi aldiz zilindroa eta zortzi aldiz laukizuzena.
Hirugarren Goenatxo III.a sailkatu zen, 5.350 kilorekin 35 jasoalditan: hamairu aldiz bola, hamar aldiz kubikoa, zazpi aldiz zilindroa eta bost aldiz laukizuzena. Atzetik, laugarren postuan sailkatu zen Galarraga 4.975 kilo altxatuz 32 jasoalditan (hamabi aldiz jaso zuen bola, zazpi aldiz kubikoa, zazpi aldiz zilindroa eta sei aldiz laukizuzena), eta bosgarren Eizagirre, 4.200 kilo jasota 28 altxalditan (hamabi aldiz bola, zazpi aldiz kubikoa, sei aldiz zilindroa eta hiru aldiz laukizuzena).
Iazko edizioa
Aimar Irigoienek irabazi zuen 2019an Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatutako txapelketa. Guztira, 8.225 kilo altxatu zituen errezildarrak. Bigarren Jokin Eizmendi zarauztarrak egin zuen, 7.250 kilo jasota.
Zazpi harrijasotzaile aritu ziren guztira: Aimar Irigoien errezildarra, Jokin Eizmendi zarauztarra, Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarra, Aimar Galarraga oriotarra, Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarra, Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna eta Julen Diaz urizahartarra.
2019ko Harri Handietako Txapelketako sailkapena:
1- Aimar Irigoien (Errezil). 8.225 kilo altxatuta (7-15-13-18)
2- Jokin Eizmendi (Zarautz). 7.250 kilo (7-11-12-17)
3- Xabier Peñagarikano (Aizarnazabal). 6.150 kilo (5-8-10-18)
4- Aimar Galarraga (Orio). 5.600 kilo (6-9-8-13)
5- Xabier Aranburu Guzta (Urrestilla). 5.250 kilo (6-8-10-10)
6- Iñigo Eizagirre Eiza (Zarautz). 4.300 kilo (3-5-8-13)
7- Julen Diaz (Urizahar, Araba). 3.425 kilo (4-5-5-8)
Geuresport aldizkariaren 22. alea
Argitalpen honek 2018ko ekainetik hilabetero jorratzen du Herri Kirolen mundua
Urrezko aizkolari eta harrijasotzaileen finalak martxoaren 7an
Binakako Aizkolari Txapelketako finala, Emakumezkoen Aizkolari Binakako Txapelketarena eta Urrezko Harrijasotzaileena jokatuko dira Azpeitian
Euskal Herriak beste hiru domina eskuratuta amaitu da Munduko Sokatira Txapelketa
Munduko Txapelketan euskal taldeek orotara 8 domina lortu dituzte eta Euskal Selekzioak 6.