HERRI KIROLAK/SOKATIRA

Abian da goma gaineko Sokatira mundiala

by | 2020/02/19

Argazkiak: egursport.com

2020ko Munduko Goma Gaineko (Indoor) Txapelketa lehiatuko dute ostegunetik iganderarte, Irlandako Letterkenny herrian

 

Kluben arteko txapelketaren saioak ostegun eta ostiralean izango dira eta larunbatean eta igandean jokatuko dituzte nazioen arteko kategoriak. Tiraldi guztiak Letterkennyko Aura Leisure Centre kirol instalazioan egingo dituzte.

Azkoitian (Gipuzkoa) hasi, eta Ezkabarten (Nafarroa) amaitu berri diren Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketak eta gero jarraian dugu Irlandako Munduko Indoor Txapelketa.

Euskal Herriko hamar sokatira klubetako taldeak ariko dira txapelketaren barruan jokatuko den nazioarteko kluben arteko lehian. Kluben arteko sokatira txapelketaren ondoren, nazioen arteko Munduko Txapelketa jokatuko dute. Kasu horretan, Euskal Herriko Goma Gaineko Sokatira Txapelketako talde txapeldunek ordezkatuko dute Euskal Herria.

Euskal Herriko espedizioa 170 pertsonek osatzen dute (105 gizon eta 65 emakume) eta lehiakide guztien artean ordezkaritza haundiena izango duen herrialdea da bai kluben kategorian zein nazio selekzioen arloan.

Basque Country izenpean jokatzen ditu sokatirako txapelketa ofizialak Euskal Herriko selekzioak 2014az geroztik, Nazioarteko Federazioak (TWIF) eskubide osoko kide gisa onartu zuenean.

Kluben arteko Txapelketa

Kluben arteko konpetizioan talde gehien aurkezten dituen herrialdea da Euskal Herria,  orotara 39 euskal talde izango direlarik lehiatuko direnak, atzetik Holandak 17 talde aurkezten ditu eta Irlandak 15, besteak beste.

Euskal Herriak aurkezten dituen 39 talde hoiek hamar klub ezberdinetako partaideak dira: Murueta (Bizkaia), Gaztedi (Bizkaia), Badaiotz (Araba), Bizindar (Araba), Ibarra (Gipuzkoa), Antsoain (Nafarroa), Berriozar (Nafarroa), Beti-Gazte (Nafarroa), Txantrea (Nafarroa) eta Zuraide (Lapurdi).

Nazioen arteko txapelketa

Bestalde, nazioen arteko lehiari dagokionez, Basque Countryk hamar pisutan parte hartuko du. Larunbatean,  seniorren lau kategoria lehiatuko dituzte. Goizean 680 kilotan ariko dira gizonezkoak eta 540 kilotan emakumezkoak. Arratsaldean, berriz, 560an lehiatuko dira gizonezkoak eta talde mistoa 580an ariko da. Igande goizean, gizonezko seniorren taldea 640an lehiatuko da eta 23 urtez azpikoen gizonezkoena 600 kilotan. Arratsaldean 600 kiloko saioa edukiko du gizonezkoen senior taldeak eta 500ekoa maila bereko emakumezkoenak. Dena den, 560 kiloko 23 urtez azpiko mistoa eta 500 kiloko 23 urtez azpiko emakumeen kategoriak erakustaldi gisa lehiatuko dira azkenean, bakarrik Euskal herriak eta Errusiak aurkeztu dituztelako taldeak.

Hamabi selekziok lehiatuko dute txapelketa. Euskal Herrikoaz gain, Irlanda, Ipar Irlanda, Alemania, Ingalaterra, Taiwan, Eskozia, Errusia, Herbehereak, Japonia, Italia eta Nigeria ariko dira txapelketan.

Mundu mailan, goma gainean sokatiran, gizonetan nahiz emakumeetan, Txinakoak dira tiralari indartsuenak, baina tamalez oraingo txapelketan ez dute parte hartuko txinatarrek, koronabirusa dela eta.

Kluben arteko txapelketan irlandarrak dira faborito gizonezkoetan, eta taiwandarrak eta herbeheretarrak nesketan. Nazioen artekoan, berriz, eskoziarrak eta taiwandarrak gizonetan, eta txinatarrak eta taiwandarrak emakumezkoetan.

Kluben arteko txapelketan lehiakorrago aritzen dira euskal taldeak, baina esan daiteke nazioen artekoa hobeto prestatzen dutela beste herrialde batzuek. Izan ere, Munduko Txapelketa baino lehen nazio moduan ezin entrenatu izateak euskal selekzioaren maila jaisten du.

Gogoratu behar da Irlandan jokatuko den Mundu Txapelketa goma gainekoa dela (Indoor) eta lur gaineko (Outdoor) aurtengo Mundiala irailaren 14tik 20ra Euskal Herrian lehiatuko dela, Getxon (Faduran) hain zuzen ere.

Sokatira jardunaldia Berriozarren

Sokatira jardunaldia Berriozarren

560 kilotan gizonezkoak neurtu ziren egun bakarrera eta 500 kilotan emakumezkoek txapelketako azken jardunaldia izan zuten