MENDIKO LASTERKETAK
Ainara Uribarri Skymasters txapelketarako sailkatu da
Munduko Kopako laugarren proban, Austriako Maria Alm herrian jokatu den Hochkönig Skyrace lasterketan alegia, Euskal Selekzioaren hiru 3 korrikalarik parte hartu zuten: Ainara Uribarri, Javi Goitia eta Aitor Ajuria.
Oso gogorra izan zen 32 kilometro eta 2.720 metroko desnibel positiboa zuen Austriako lasterketa. 1.400 metroko igoera indartsu batekin hasi zen, eta, horren ondorioz, hainbat korrikalarik bertan behera utzi zuten lasterketa. Ondoren, oso eremu harritsuarekin egin zuten topo, elurrarekin tartekatuta, parte-hartzaileen erorketak eragin zituena ibilbidearen zati handi batean.
Emakumezkoetan, Marcella Vasinova korrikalari txekiarra jaun eta jabe izan zen 4:13:00ko denborarekin helmugaratu zelarik. Ainara Uribarrik, Euskal Selekzioko ordezkaria, bederatzigarren postua lortu zuen 5:14:57ko denbora eginda nahiz eta erorketaren bat izan zuen ibilbidean zehar. Oraingoan Raidlight Team-eko koloreak defendatzen zituen beste euskal korrikalari bat, Maite Maiora, laugarren postuan sailkatu zen podiumetik 6 segundora geratuz.
Ainara Uribarriren emaitza bikain honekin, dagoeneko Euskal Selekzioko 5 korrikalarik lortu dute postu bat final handian, Skymastersa Gorbeia Suzienen: Ainara Uribarrik berak, Ainara Urrutiak, Sara Peñak, Maud Combarieuk eta Maite Maiorak.
Gizonezkoetan Christian Mathys suitzarrak irabazi zuen 3:31:09ko denborarekin helmugaratuta, Damien Humbert frantziarraren aurretik. Euskal Selekzioko bi korrikalariak lasterketaren burutik urrun egon ziren, parte-hartzaileen maila oso altua izan baitzen. Javier Goitiak hogeita bigarren postuan bukatu zuen 4:14:37ko denborarekin. Atzerago, zehazki 41. postuan bukatu zuen Aitor Ajuria gazteak (4:56:04).
Euskal Selekzioaren emaitzak
9. Ainara Uribarri
22. Javi Goitia
41. Aitor Ajuria
Robert Pkemboi eta Mayi Mujika izan dira irabazleak T3T proban
Keniarrak gainera lasterketako marka hautsi zuen, 3.56.29ko denborarekin lehen aldiz lau orduetatik jaitsiz
VII. Intxixu Trail lasterketa irabazi dute Nerea Amilibiak eta Hodei Lujanbiok
Pasa den igandean lehiatu zuten 16 kilometro luze eta 901 metroko desnibel positiboa duen proba
Oihane Perez eta Ugaitz Artolak irabazi dute Euskal Herria Mendi Erronka
Erreleboka Hodei Lujanbio eta Oihana Zubillaga nagusitu ziren