EUSKAL PILOTA
91. Villabona vs Hazparne errebote partida
San Inazio egunez, Behar Zanako pilotariek Hazparneren aurkako 91. Errebote Partida jokatuko dute
Euskaldunok jokatu ohi ditugun pilota-joko guztien artetik, ziurrenik Errebote deiturikoa eta Laxoa dira joko-motarik zaharrenak edo zaharrenetakoak, horien jardunak gaur egun Euskal Herriko eskualde eta herri gutxi batzuetara murrizturik dauden arren.
Errebotea berrehun bat urteko antzinatasuna izan dezakeen jokua da eta horren jatorria Europa erdi eta mendebalde osoan barrena garai batean jokatzen zen Jeu de Paume izeneko jokua izan liteke. Hain zuzen, Jeu de Paume horretatik apurka-apurka garatu ziren, besteak beste, gaur egun mundu osoan zabalduriko tenisa eta baita gure txokoan bizirik dirauen Errebotea ere.
Datorren ostiralean goizeko 11:00etan, uztailak 31 eta San Inazio egunez, Behar Zanako pilotariek Hazparneren aurkako 91. errebote partida jokatuko dute, Villabonako errebote plazan.
Partida historikoa da honako hau, urtetan zehar galdu ez dena, eta aurten ere egoera oso berezia izan arren jokatuko dena.
1930. urtean hasitako partidari eutsiko diote aurten ere beraz Amasa-Villabonan. San Inazio egun hartan errebote partida jokatu zuten Hazparneko pilotarien aurka, eta harrez gero, gerra urteak kenduta, urtero-urtero etortzen dira Hazparnetik partida jokatzera.
Bihar, uztailak 31, 11:00etan, Villabonako Errebote plazan arituko dira bi taldeak nor baino nor gehiago, eta 91. Errebote partida jokatuko dute. Sarrera doan izango da.
Antolatzaileek adierazi dutenez, hasiera batean, plazako edukiera ez da mugatuko, baina hala ere, udaltzaingoak elkartze handiak ikusten baditu, sakabanatzeari ekingo dio. Era berean, nahitaezkoa izango da maskara jantzita izatea.
Behar Zanatik jokatuko duten pilotariak honako hauek izango dira:
Paretean: Jon Ander Artola eta Beñat Iraola
Hirugarren eskularru: Aratz Luixa
Paradore: Kepa Nazabal
Sakalaria: Iñaki Otaegi
Hazparneko taldearen izenean beste bost pilotari arituko dira baina momentuz ez dituzte izenak jakinarazi.
Iazko Edizioa
10:30ean ongietorria egin zitzaien zaie Hazparneko erreboteko pilotariei Kale Nagusitik abiatuta txistularien konpainian. Bertan izan ziren udaleko eta Behar Zana elkarteko ordezkariak. Jarraian, errebote partida jokatzeari ekin zioten eta iparraldekoak nagusitu ziren: Noizbait 11-7 Behar Zana.
Villabona eta Hazparne, 91 urtez Errebotea suspertuz
“Ni ez naiz jaio inoren mende egoteko”. Teodoro Hernandorenaren (1898-1994) hitz hauek bere izana eta lana ederki islatzen dituzte. Herritar askorentzat aski ezaguna da bere abertzaletasun eta euskalzaletasuna. Baina arlo ugari ukitu zituen Hernandorenak; horiek guztietatik zizurkildarraren kuttunena pilota zen. Gehienbat errebotean jarduten zuen eta berak argitaratu zuen 1932an errebote-jokoaren lehen araudia, euskara errazean, herriko hizkeran eta era didaktikoan. Teodoro Hernandorenarentzat euskaltasunerako bidea finkatzen zuen kirol honek. Buru-belarri jardun zuen errebotea indartzeko lanetan. Saiakera horren eredu da Hazparne eta Villabonaren arteko lehen neurketaren prestaketa, 1930ean.
Emakumeen I. Pilota Masterra igandean hasiko da Gasteizen
Txapelketa hiru jardunalditan jokatuko da: bi finalerdi eta final handia, uztailaren 25ean eta abuztuaren 5ean eta 8an
Plazaz Plazako jardunaldia jokatu da Bartzelonan
Txapelketako hiru partida lehiatu ziren Natació Barcelona Klubeko instalazioetan
Emozioak borborka Plazandreak txapelketan
Erlantz Garciaren taldeak ez du azken hitza esan eta dena azken jardunaldian erabakiko da