TXIRRINDULARITZA
2022ko Itzuliaren ibilbideak aurkeztu dira
Euskal Herriko Itzulia apirilaren 4tik 9ra lehiatuko da, aurtengo edizioa Hondarribian amaituko delarik dozena erdi kilometroko erlojupeko batekin.
Pasa den asteazkenean, otsailaren 9an, Itzulia 2022ko ibilbide ofiziala aurkeztu zen Hondarribiko Udaletxeko pleno aretoan, irteera hartuko duen herrian.
Lasterketa apirilaren 4tik 9ra egingo da, 882,2 km zeharkatuz eta orohar azken edizioetako eskemari jarraituko dio. Itzuliak Nafarroarekin bat egingo du bigarren egunean, Leitza eta Viana lotuko dituen etapa batekin. Lehiaketaren hirugarren egunerako, Laudio eta Amurrio lotuko dira, 180 kilometroko jardunaldi batean. Arabatik irten gabe, laugarren etapak Gasteiz izango du abiapuntu, eta bosgarren etapan aldiz, tropela Bizkaia aldera joango da, Urdaibaitik igaroko delarik neurri handi batean. Euskal txirrindularitzako santutegi batean amaituko da lasterketa, izan ere, Arrateko gailurreranzko azken igoeran erabakiko baita 2022ko txapelduna.
Julian Erasok eta Roberto Laisekak, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatearekin batera, 2022ko Itzuliaren ibilbidea aurkeztu zuten bertan, etapa bakoitza aztertu zutelarik prentsaurrekoan:
1. etapa (apirilak 4): Hondarribia – Hondarribia (7,5 km)
“Banakako erlojupeko etapa, 7,5 km Itzulia hasteko oso etapa laburra, aldapa txiki batzuekin. Lehen igoera puntuagarria izango da Mendiko Sariko lehen maillota lortzeko. Txirrindulari batzuk onena ematera aterako dira Mendiko Maillota eskuratzeko; Sailkapen Orokorrerako denbora alde txikiak sortuko dira.”
2. etapa (apirilak 5): Leitza – Viana (207,9 km)
“Itzuliko etaparik luzeena; irteera gogorra izango da orografiagatik. Ziurrenik ihes txikiren bat sortuko da, baina zaila izango dute helmugara iristea, bezperako aldea segundo gutxikoa izango baita.
Baliteke azken kilometroetan airea aurkitzea. Esprintetarako etapa aproposa da, talderen batek kontrolatu nahi badu.”
3. etapa (apirilak 6): Laudio – Amurrio (181,7 km)
“Etapa honek mamia izango du. Bi zatitan bana daiteke: lehena nahiko erraza izango da Laudiora iritsi arte, eta orduan bigarren zatian sartuko gara: hankak hausteko moduko zirkuitu bati bi bira eman beharko zaizkio, tartean errepide estuetatik igaroz, eta tropelean tentsio handia sortuko da tropelburuan kokatzeko.”
4. etapa (apirilak 7): Vitoria-Gasteiz – Zamudio (185 km)
“Etapa honetan hasiera-hasieratik lehia bizia egongo da, ihesa irits daitekeelako. Lurzorua oso “nekeza” izango da. Amaieran igoera gogorra egongo da eta Sailkapen Orokorreko txirrindulariek aldeak lor ditzakete.
Etapa honek bi lasterketa desberdin izango ditu, batetik Sailkapen Orokorraren alde borrokatuko direnena eta, bestetik, etapa irabazi nahi dutenena.”
5. etapa (apirilak 8): Zamudio – Mallabia (163,8 km)
“Oso etapa konplikatua izango da hasiera-hasieratik; ez dago lehen kategoriako mendaterik, baina txirrindulariek zapalduko duten lurzoruak etengabe gora eta behera egiten du, eta, eguraldiaren arabera, oso etapa gogorra izan daiteke.
Taldeen taktikak erabakigarriak izan daitezke, eta amaiera izugarria izango da, azken kilometroan % 16ra arteko aldapa aurkituko baitugu, eta Sailkapen Orokorreko txirrindulariek ez dute atsedenik hartzeko tarterik izango.”
6. etapa (apirilak 9): Eibar – Arrate (Izuako gaina) (135,7 km)
“Itzuliko etapa nagusia izango da; hori esanda nahikoa da. Hasieratik oso etapa gogorra eta selektiboa izango da, eta Sailkapen Orokorreko txirrindulariek izango dute protagonismoa; talde zabala izatea garrantzitsua izango da etapa kontrolatu eta Arraten gailentzeko.”
TXIRRINDULARITZA
Oier Iturraldek irabazi du 2020 Transpyrenees txirrindularitza froga
Errepidean 1000 km baino gehiago egin eta 40 mendate igo ostean, 2 egun, 18 ordu eta 56 minutuko denborakin jantzi du txapela Atanok
Igor Arrietak irabazi du Euskadiko Junior mailako Txapelketa
Berriatuako lasterketa irabazi du uharte arakildarrak, urrutitik erasoa jo eta gero
Aurten ez da Santikutz Klasikarik izango
Urtero maiatzaren 1ean izaten den proba irailaren 27ra atzeratu zen baina egoeraren okertzeak antolakuntzaren planak zapuztu ditu berriro ere