HERRI KIROLAK/SOKATIRA
2021eko Getxoko lurreko Sokatira Mundialaren Txapelketa
2021eko irailean egingo den Lur Gaineko (Outdoor) Sokatira Mundialaren aurkezpena egin dute
Datorren urtean, irailaren 15etik 19ra, Getxon izango den lur gaineko Sokatira Mundiala aurkeztu berri dute Bilbon. Aurreneko bi egunetan kluben arteko norgehiagoka izango da eta, azkenengo bietan, aldiz, selekzioen artekoa. Denera, lau kontinentetako 30 herrialdetatik etorritako 1.500 kirolari inguruk parte hartuko dute lehian.
Aurtengo irailean zen hastekoa txapelketa, baina jakina denez, pairatzen ari garen COVID-19 pandemiaren ondorioz, datorren urtera arte atzeratu behar izan da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Mundialaren lehia atal bitan egituratuko da: lehenengo egun bietan torneo bat egingo dute Tug of War International Federation-ari (TWIF) atxikitako eta 72 herrialdetatik etorriko diren klubetako kideen artean, eta azken egun bietan, aldiz, talde nazionalen txapelketa egingo dute.
Lehiak kategoria ezberdinetan garatuko dira, modalitateen eta pisuen arabera, emakumezko zein gizonezkoetan, mistoak diren sekzioak ere kontutan hartuko direlarik.
Sokatirako ospakizun hau bi urtetan behin egiten da, aurretik Hegoafrikan (2018), Suedian (2016) eta AEBetan lehiatu delarik. Ez da lehenengo aldia izango Getxon ezaugarri hauetako txapelketa bat antolatzen dena. 1991ean Fadurako Kirol Gunea goma modalitateko sokatiraren lehenengo Munduko Txapelketaren egoitza izan zen eta.
Bestalde, Getxoko Mundialean hiru aldagai garrantzitsu emango dira. Alde batetik, TWIF Nazioarteko Federazioak bere 60. urteurrena betetzen du 2020an, eta pandemiak ospakizunak eten baditu ere, Getxoko Txapelketan berreskuratzeko asmoa dute.
Bestetik, txapelketa honetan parte hartzeak kirolariengan sortutako interes handia nabarmendu behar da, izan ere, bertan ematen diren emaitzak 2022ko Munduko Jokoetara sailkatzeko balioa izango dutelako.
Eta hirugarrenez, 2021eko hasieran dopping-aren kontrako araudi berria martxan jarriko delako sokatira arloan, neurri zorrotzagoak ezarriz.
Txapelketa mundial baterako egoitza izateko Getxoren aukeraketa, nazioarteko testuinguruan nortasun propioarekin lehiatzeko eta selekzioaren ofizialtasuna lortzeko esfortzu irmo baten emaitza da.
Munduko Txapelketaren logoak “Sokatira Mundiala” izenburua dakar, horrela kirolaren euskarazko izendapena finkatuz, kirol honek gure herrian izan duen errotzea bistaratu nahian.
Euskal Herriko talde nazionala
2014an TWIF erakundeak euskal talde nazionala eskubide osoko kide modura onartu zuen Federazioan eta, ordutik, nazioarteko txapelketetan parte har dezake, Basque Country izendapenarekin.
Urte horretako abuztuan talde nazional modura lehenengo aldiz lehiatu zen, AEBetako Wisconsinen ospatutako lurreko Sokatira Mundialean. 2018an, gainera, Lurmutur Hirian ospatutako azken Munduko Txapelketan Basque Country taldearen ordezkaritzak arrakasta bikaina lortu zuen, etxera zazpi domina ekarrita: hiru sari selekzio nazionalen araberako txapelketan; zilarra gizonezkoen kategoriako 560 kilotan, brontzea emakumezkoen kategoriako 500 kilotan eta zilarra Mundialean lehiatzen ziren proba guztien artean gogorrena eta lehiakorrena den gizonezkoen 720 kilotako azken jardunaldian. Eta beste lau taldeen araberako modalitatean, Goiherrirako bi dominakin eta Gaztedirako beste birekin: Goiherrik zilarra eskuratu zuen 560 kiloko kategorian; eta brontzea 640 kiloko gizonezkoen hitzorduan. Gaztedik, aldiz, zilarra jaso zuen emakumezkoen 540 kiloko kategorian; eta brontzea 560 kiloko proban, hain zuzen Goiherriren aurka.
Garbiñe Lopez de Uralde eta Ion Lapazaran garaile, Euskal Herriko trontza misto txapelketan
Bigarren Ainhoa Iraizoz eta Josetxo Barberena sailkatu ziren eta Sela Goñi eta Jesus Goñik osatu zuten podioa
Jokin Eizmendik irabazi du Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa
Iñigo Eizagirre izan da bigarren, Jon Unanue hirugarren eta Aimar Galarraga laugarren
Mikel Larrañagak irabazi du Gipuzkoako Aizkora Txapelketa
Azpeitiarraren ondoren sailkatu ziren, hurrenez hurren, Eneko Otaño beizamarra eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra