EUSKAL PILOTA
16 pilotari arituko dira Nafarroako erremonte enpresa berrian
Erremonteko jarduera laster hastekoa den honetan, enpresa sustatzaile berriak bere egitasmoak zehazten dihardu
Erremontea izan zen ateak itxi zituen azkena, eta ziurrenik zabaltzen aurrena izango da, osasun egoerak ahalbidetzen badu, ekainaren erdialdera aurreneko partidak lehiatzeko aukera baitago.
Erremontean hiru hilabetez behin joaten dira hitzarmenak egiten, baina Covid19 gaitzak sorturiko egoera dela eta martxoaren 31tik aurrera lan-harreman guztiak etenda geratu ziren eta pilotariak kontraturik gabe egon dira orainarte.
Azkenaldi hontan, espero zen bezala akordioak eman dira pilotari batzuen eta Oriamendi10 entrepresaren artean eta honetaz aparte berri garrantzitsua jazo da erremontearen munduan, izan ere, erremonteko enpresa sustatzaile berri bat sortzeko proiektua errealitate bihurtu da.
Lau nafar empresa-gizonek osatzen duten taldeak hilabeteak zeramatzan egitasmoa hezurmamitu nahian eta azkenean lortu egin dute erremonte empresa berria sortzea, gehienbat frontoi motzean arituko dena eta ekainaren amaiera aldera binakako txapelketa abian jartzeko asmoa duena.
Hori dela eta, Oriamendi enpresarekin aritutako ia 30 pilotariek hernaniko enpresarekin berriro sinatu edota empresa berriarekin akordioa adosteko aukera izango dute.
Momentuz, egitasmo honetan parte hartzen duten lau enpresaburuek 16 erremontista bildu dituzte, urte honen amaierararte kontratuak sinatu dituzte eta ekaineko hirugarren astetik aurrera lehiatzen hasteko asmoa plazaratu dute.
16 erremontista horietatik 12 nafarrak dira (Xanti Uterga, Josetxo Ezkurra, Aimar Jabalera, Aimar Saldias, Julen Larretxea eta Eloy Garcia doneztebarrak, Xabier Azpiroz, Aritz Garces, Mikel Otano, Ibai Barricart, Beñat Rodríguez, Kemen Aldabe) eta lau gipuzkoarrak (Patxi Zeberio, Ion Etxeberria, Igor Agirrezabala eta Matxin III.a).
Gehienak, dozena bat, Oriamendi 2010 enpresan arituak ziren martxoaren 31an etenaldia eman zen arte. Beste laurak Doneztebekoak dira, hiru profesional berriak (Jabalera, Saldias eta Larretxea) eta laugarrena, duela urte pare bat profesional izan zen eta orain lehiaketara itzuliko den Eloy.
16 pilotariek urte bukaera bitarteko kontratua sinatu dute eta orain arte bakarka entrenatu dute Agoitz, Azpeitia, Doneztebe eta Atarrabiako pilotalekuetan, hemendik aurrera binaka aritzeko baimena izango dutelarik.
Jose Miguel Leatxe, duela urte asko pilotarekin harremana duena (Eugiren botilleroa izandakoa eta Euskal Jai Berri Fundazioarekin kolaboratzen duten Tejados Aoiz zein Construcciones Leache enpresen bazkidea) eta oraindik izena zehaztu ez duen enpresako bozeramaile denak adierazi duenez, 8-10 jardunaldiko torneo batekin hasteko asmoa dute ekainaren hirugarren asteburutik aurrera, aurreneko partidak Agoitzen eta azkenak Labriten jokatuko liratekeelarik.
Enpresa berriaren jokalari-taldea honakoa da momentuz:
Zeberio II, aurrelaria, gipuzkoarra, Oriamendi 2010 enpresatik dator.
Matxin III, aurrelaria, gipuzkoarra, Oriamendi 2010 enpresatik dator.
Uterga, aurrelaria, nafarra, Oriamendi 2010 enpresatik dator.
Ezkurra II, nafarra, Oriamendi 2010 enpresatik dator.
Ion, atzelaria, gipuzkoarra, 2010 enpresatik dator.
Azpiroz, aurrelaria, gipuzkoarra, Oriamendi 2010 enpresatik dator.
Agirrezabala, atzelaria, gipuzkoarra, Oriamendi 2010 enpresatik dator.
Garcés, atzelaria, nafarra, Oriamendi 2010 enpresatik dator.
Aldabe, aurrelaria, nafarra, Oriamendi 2010 enpresatik dator.
Barricart, aurrelaria, nafarra, Oriamendi 2010 enpresatik dator.
Beñat, aurrelaria, gipuzkoarra, Oriamendi 2010 enpresatik dator.
Otano, atzelaria, nafarra, Oriamendi 2010 enpresatik dator.
Hasiberriak:
Jalabera (Doneztebe)
Saldías (Doneztebe)
Larretxea (Doneztebe)
Eloy (Doneztebe), profesional bezala aritutakoa eta orain kantxetara itzuliko dena
Bizkaia Txapelketako azken jardunaldia jokatuko da ostiralean
Hirugarren jardunaldi honetan ematen diren emaitzek zehaztuko dute txapela nortzuen artean jokatuko den
Berrikuntzekin dator UTS Master erremonte txapelketa
Fnalerdiak igande honetan jokatuko dira eguerdiko 12:00etan eta finala urtarrilaren 30ean, gaueko 23:00etan
Malerrekako eskuz binakako XIX. pilota txapelketa igandean abiatuko da
Benjaminak Legasan, alebinak eta infantilak Lesakan eta kadete eta jubenilak Donezteben arituko dira aurreneko jardunaldi honetan