ARGITALPENAK/HERRI KIROLAK

Geure Sport aldizkari digitalaren 11. alea

by | 2020/06/04

Argazkiak: egursport.com

Geure Sport herri kirol aldizkariaren edizio digitalaren hamaikagarren alea irakurgai dago

 

Iker Vicente, Nafarroa eta Euskal Herriko aizkora txapeldun eta Munduko bigarrena denak, kanaerdiko (54 ontzako) hamalau enbor 27 minutu eta 17 segundu baino gutxiagotan mozteko ahalegina egingo du ekainaren 14an, eguerdiko hamabietatik aurrera Iruñeko Nafarroa Arena aretoan. Modu honetan, Donato Larretxeak 1995. Urteko abuztuaren 15ean Donostian egindako marka hobetu nahi du.

Ekimena guztiz solidarioa izango da eta Covid-19aren kontra lan egiten ari den Nafarroako Unibertsitateko Ikerkuntza Mediku Zentroarentzat ahalik eta dohaintza gehien lortzea da helburua (informazio guztia haien webgunean topatu daiteke: www.helpify.es).

Iker Vicente berriro irribarrearekin ari da entrenatzen, eta hori seinale ona da, jadanik helburuak baditu eta nabaritzen da.

Egur Sport aldizkariak egindako elkarrizketan, orain ongi dagoela adierazten du, jadanik normal entrenatzen hasita. Itxialdiaren hasiera oso gogorra izan zela aitortzen du, ez baitzegoen ezer egiterik, baina gerora egurrak ekartzea lortu zuen eta apurka-apurka hasi zen ariketak egiten.

Oraindik ehuneko ehunean ez dagoela onartzen du, baina gustura dabil. Entrenatzeko garaian helbururik ez izatea ere ez da ederra izaten baina orain helburuak ikusten dira, badirudi gauzak irteten hasi direla, eta horrek ilusioa piztu dio.

Esan bezala, bere aurreneko erronka 14 kana-erdiko moztea eta Donato Larretxeak duen marka ontzea izango da. Berak 27 minutu eta 27 segundoan dauka marka eta hori hobetu nahi du Vicentek.

Marka izugarri ona egin zuen bere garaian Larretxeak,  enbor bakoitza bataz beste bi minututik behera moztua dauka, eta horrek esan nahi du hasieratik erritmo handi bat jarri beharko duela Vicentek.

Etorkizun hurbilera begira lehen baino baikorragoa da Otsagabiako aizkolaria, izan ere badirudi Urrezko Aizkolarien txapelketa jokatzeko modua izango dela, eta hura helburu bezala finkatua dauka jadanik.

Erakustaldirik ez du ematen egongo denik, herrietako festa guztiak bertan behera geratu direlako eta nahiz eta oraindik berririk ez egon, beranduago bada ere Nafarroako zein Euskal Herriko txapelketetan parte hartzeko parada izatea desio du aizkolari txapeldunak.

Geuresport aldizkariaren edizio digitalaren 11.alea irakurtzeko sakatu HEMEN

Lehenengo alean, Mikel Larrañaga eta Jon Rekondori,  pasa den martxoaren 7an Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren irabazleei egindako elkarriketatxoa ekarri zuten gurera argitalpenaren egileek.

Bigarren alean, egun berean jokatutako 2020ko Urrezko Harrijasotze Txapelketaren irabazle suertatu zen Xabier Peñarekin elkarrizketa burutu zuten.

Hirugarren alean, Emakumeen Banakako Aizkolari Txapelketaren irabazlea den Irati Astondoarekin solasaldia irakurtzeko aukera eskeini ziguten.

Laugarren alean, Urdax Magunazelaia harrijasotzailearekin elkarrizketa dakarkigute, azkeneko Urrezko Harrijasotze txapelketan txapeldunorde izandakoa.

Bosgarren alean, Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Suharri Rodriguez, Urrezko Binakako 23 urtez azpiko txapeldunei elkarrizketa irakurgai.

Seigarren alean, Axel Larrañaga eta Markel Zapiain, Urrezko Binakako 19 urtez azpiko txapeldunei egin diete elkarrizketatxoa aldizkariaren egileek.

Zazpigarren alean, Virginia Finol, Euskal Herriko ingude-jasotze txapelketako irabazlearekin solasaldia.

Zortzigarren alean, Emakumeen Banakako Aizkolari Txapelketan bigarren geratu zen Nerea Sorondorekin solasaldia.

Bederatzigarren alean, Binakako Urrezko Aizkolarien Txapelketan txapeldunorde izandako Julen Alberdi Txikia IV.arekin solasaldia.

Hamargarren alean, Eneko Otaño, Beizamako aizkolariari egindako elkarrizketa irakurtzeko aukera izan genuen.

Share This