HERRI KIROLAK/SOKATIRA

Zortzinakako sokatira txapelketako jardunaldia lehiatu da Ibarran

by | 2020/02/10

Argazkiak: egursport.com

Iragan larunbatean lehiatu zen Ibarran Euskal Herriko zortzinakako Sokatira txapelketako jardunaldia, gizonezkoetan (600 kilo) eta emakumezkoetan (500 kilo)

 

Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa azken txanpan sartua da. Larunbatean Ibarran (Gipuzkoa) jokatutako jardunaldian, Beti Gazteko gizonezkoen taldeak 600 kiloko txapela jantzi zuen eta emakumeen 500 kiloko bigarren jardunaldian, talde lesakarrak lortu zuen lehenengo postua.

Gizonen 600 kiloko kategorian finala jokatu dute Belabieta kiroldegian, arratsaldeko 17:00tan hasita. Kasu honetan, aurreko jardunaldietan puntu gehien pilatutako lehen sei taldeak sailkatu ziren finalerako, Antsoain kanpoan geratuz eta beraz Ibarra, Beti Gazte, Berriozar, Txantrea, Gaztedi eta Murueta taldeak aritu dira Euskal Herriko txapelaren bila.

Beti Gazteko mutilen zortzikoteak irabazi du txapela, atzetik Ibarra txapeldunorde izan delarik, 12 puntu lortuta. Hirugarren postuan berdinduta geratu dira Berriozar eta Gaztedi, zazpina puntu eskuratuta. Desenpatea jokatu behar izan dute eta azkenean, brontzezko domina eskuratu ahal izan du Gaztedi taldeak. Berriozar laugarren izan zen, Murueta bosgarren eta Txantrea seigarren.

Lesakarrek tiraldi guztiak irabazi zituzten eta 680 eta 640 kilokoan bezalaxe, 600 kiloko Euskal Herriko txapela jantzi zuten. Karmelo Mitxelena, Joxe Angel Mitxelena, Mikel Apeztegia, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Dominique Errandonea (Ezpeleta), Eneko Saldias (Sarasate) eta Gerardo Telletxea aritu ziren zortzikote txapeldunean, Paskual Taberna erakusle zutela.

Emakumezkoen ligaxka

Bestetik, emakumezkoen 500 kiloko kategorian ligaxka formatuan ari dira jokatzen, hiru jardunaldi puntuagarrirekin, eta Ibarrakoa izan da bigarren jardunaldia.  Lehendabiziko ekitaldian Badaiotz arabarra izan bazen garailea, bigarrengo honetan Beti-Gazte izan da 6 puntu metatuz. Atzetik Badaiotz (5), Txantrea (4), Gaztedi (3), Ibarra (2) eta Antsoain (1) sailkatu ziren. Hurrengo larunbatean jokatuko den kategoria honetako hirugarren eta azken jardunaldiaren faltan, sailkapen orokorrean Badaiotz da lehenbizikoa 11 punturekin, Beti Gazte bigarren 10 punturekin eta Txantrea hirugarren 9 punturekin. Hiruen artean izanen da txapelaren jokoa. Gaztedik 6 punturekin, Ibarrak 4 punturekin eta Antsoainek, 2 punturekin, ez daukate aukerarik.

Euskal Herriko txapelketako azken asteburua

Berriozarren, larunbatean, emakumezkoen 500 kiloko hirugarren jardunaldi erabakigarria ez ezik, gizonezkoen azken txapela ere jokoan izango da Euskal Herriko txapelketan: 560 kilokoa. Beti Gazterekin batera, Ibarra, Berriozar, Txantrea, Gaztedi eta Murueta lehiatuko dira pisu arinenean. Biharamunean, igande goizean Ezkabarten, txapelketa mistoa jokatuko dute, 580 kiloko kategorian. Hemen zortzi talde arituko dira lehian: Beti Gazte, Ibarra, Berriozar, Antsoain, Txantrea, Bizindar eta Gaztedi A eta B.

Beti Gaztek, bostik bost

Beti Gaztek, bostik bost

600 kiloko gizonezkoen Euskal Herriko txapela ere jantzi zuen lesakako sokatira taldeak