ELKARRIZKETAK/MENDIA

Zigor Egia: “Aztertu behar dugu nazioartean ofizialki aritzeko ze aukera dauden”

by | 2021/05/01

Argazkiak: emf.eus

Zigor Egia (Amurrio, 1975) Euskal Mendizale Federazioko presidente aukeratu berria da. Bere jaioterrian bizi da eta mendia du eta izan du betidanik bizitzaren ardatz. Arrigorriagako Padura mendi taldean dago federatuan eta bere herriko Mendiko Lagunak taldeko bazkide ere bada.

Egun on, Zigor! Mendiko federazioan hauteskundeak izan berri dira. Nola joan da prozesua?

Dakizuenez Federazioetan 4 urtean behin hauteskundeak izaten dira. Oraingoan pandemiaren kontuagatik atzeratu egin dira eta aurtengo otsailean deitu ziren. Gu 8 laguneko talde bat aurkeztu gara, lehen aldiz parekidea, 4 gizonezko eta horrenbeste emakumezko: Javier Calvo Arabako mendi federazioko presidente izana; Ainara Aparicio, Bizkaikoaren idazkari izandakoa; Ana Gonzalez, diruzain bizkaitarra; Rikardo Hernani, bizkaitarra, mendiko hainbat liburu idatzitakoa; Alberto  Ruiz de Azua, bizkaitarra ere; Arazeli Bejarano, gasteiztarra; Jose Ramon Aiastui, Arabako presidentea; Victor Manuel Vivar, Bizkaiko Medizale Federazioko presidentea; Koldo Sansienea, Gipuzkoako Mendi Federazioko presidentea; eta ni neu, arabarra izan arren Arrigorriagako Paduran federatua eta Bizkaiko Federazioko segurtasun arduradun izandakoa, besteak beste.

Urte bat lehenago hasi ginen talde-lanean eta otsailean aurkeztu genuen geure burua. Ez zen beste hautagaitzarik izan eta beraz, bozkarik egin gabe atera ginen.

Zergatik aurkeztu zineten?

Euskal Herria mendi zaletasunari oso lotuta dago. DNAn daramagu. Euskal Herriko etxe guztietan daude motxila bat eta mendiko botak. Egiten zena baino zerbait gehiago, zerbait diferentea  egin zitekeela uste genuelako lanean jarri ginen 8 lagun eta aurkeztea erabaki genuen. Hala ere, aipatu behar dut ez garela zuzendaritzan 8 lagun 11 baizik, lurraldetako presidenteak ere zuzendaritzan baitaude.

Nondik datorkizu mendiarekiko lotura hori?

Betidanik, txiki-txikitatik aitarekin joaten nintzen mendira. Mendiarekiko lotura zaletasuna baino gehiago da, nire bizitzako ardatza da. Egunero joaten naiz mendira, asteburuetan ere, eta pare bat espedizio egiten ditut urtean.

Nire etxera etorriko bazina, ikusiko zenuke leku guztietan mendiarekin zerikusi duten ikurrak daudela, etxea baino mendiko museoa ematen du.

Ze esperientzi on izan dituzu mendian?

Denak onak datozkit burura. Himalaian egon naiz; Groelandian, zein munduko zenbait mendi lerrotan ere bai, eta izugarrizko esperientziak izan dira, baina atzo bertan inguruan dugun Ungino menditik ibili nintzen eta ederra izan zen hori ere. Ez dago zertan urrutira joan behar mendiaz gozatzeko. Eta ni behintzat pertsona bezala asko aberasten nau, pertsona hobea egiten nau.

Eta oroimen  txarrik baduzu?

Mendian gabiltzanok badakigu arrisku batzuk  hartzen ditugula, eta lagun batzuk hil zaizkit mendian. Eta momentu horietan zalantza batzuk ere izaten dituzu, merezi ote du? Horregatik segurtasunari garrantzi handia ematen diogu. Norbaitek duen esperientzia aipatzen didanean, beti galdetzen diot, ea zenbat gailur utzi dituen igo gabe, horren baitan neurtzen baitut  esperientzia.

Baina galderari zuzenean lotuz, ez dut esperientzia txarrik izan, gogorrak bai, baina pasatutakoan onak bezala gogoratzen dira.

Goazen Mendiko Federazioaz hitzegitera. Presidentea zara. Zeintzuk dira EMFaren eginkizunak?

Alde batetik zuzendaritza estrategikoa, politikoa eta teknikoa bideratzea, eta bestetik dauden batzorde guztiak koordinatzea.

Kontuan izan, federazio honek atal asko dituela: senderismoa, eskalada, eskia, espeleologia, mendi lasterketak, martxa nordikoa e.a. Eta tamaina handia duen federazioa dela. Oraintxe bertan, katalanen atzetik, Estatu Espainoleko handienak gara. 38.000 federatu ditugu (iaz 34.000 mila ginen baina pandemiagatik edo, gora egin du nabarmen federatu kopuruak).

Zeintzuk dira Federazioak dituen erronka nagusienak?

Hiru lurraldeetako federazioak eta Euskadikoak, denok, norabide berean lanean aritzea inportantea da. Eta funtzionamendu aldetik ere ezin du goitik behera aritu. Funtzionamendu horizontala behar da, nolabait armiarma sare gisa arituz, dauden batzorde eta asmo guztiak koordinatuz.

Bestalde, 2024an, ehun urte izango dira, “Federación Vasco-Navarra” sortu zenetik eta hori erabili nahi dugu Nafarroako Federazioarekin harremanak estutzeko eta elkarrekin zerbait amankomuna egiteko.

Eta ze oztopo nagusirekin aurkitzen zarete?

Oztopo garrantzitsuena denbora eza da. Kontuan izan, zuzendaritzako kide guztiok musu-truk ari garela honetan, bakoitzak dugun lanetik aparte egiten dugula. Badira langileak federazioan, kudeatzaile bat, 2 tekniko, eta 2 administratzaile, baina zuzendaritzakook geure lana dugu aparte eta denbora atera behar da, eskatzen dituen beharrak egiteko.

Zer moduzko harremana duzue Espainiako Federazioarekin?

Ona, oso ona esango nuke. Hainbat batzordetan gaude eta asanbladan ere parte hartzen dugu. Ni neu Espainiako Federazioko segurtasun batzordeko kidea ere izana naiz.

Eta nola dago Selekzioaren gaia?

Egun hiru selekzio daude: eskalada, mendi eskia eta mendi lasterketena. Laugarren bat sortuko dugu: Ibilketa nordikoarena.

Dena den aztertu behar dugu, nazioartean ofizialki aritzeko ze aukera dauden.

ELKARRIZKETAK/MENDIA

Eneko Bidegain: “Futbola politika da”

Eneko Bidegain: “Futbola politika da”

“Frantziak Munduko Futbol kopako finala jokatzeak –eta irabazteak– karga politiko handia du. Ez gara kirolaz ari. Politika da, eta politika bakarrik. Kirolaren mozorro azpian eta jokoaren aitzakian, Frantziak sekulako gola sartu digu euskaldunoi”