MENDI LASTERKETAK
Zegama-Aizkorri 2022ko maiatzaren 29an lehiatuko da berriz
COVID19 gaitzak eragindako bi urteko etenaren ostean, Zegama-Aizkorri mendi maratoia bueltan da eta 2022ko maiatzaren 29an egingo da, antolatzaileek jakinarazi berri dutenez.
Ohikoa duen data berreskuratuko du Zegama-Aizkorrik, eta ez da izena emateko eperik zabalduko, parte-hartzaileen dortsalak banatuta baitaude 2020tik, eta orduko hartan inskribatu zirenen lehentasuna errespetatu dute antolatzaileek.
Dena den, Zegama-Aizkorri mendi maratoia ez da geldi egon bi urte hauetan, izan ere, 2020an modu birtualean ospatu zuten ekitaldia eta 2021ean ohiko lasterketa ez baina modu presentzialean egin ahal izan zen Zegama-Aizkorri, beste modu batera, uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean lau etapatan zatitutako ibilbidea 340 parte-hartzailek osatu zutelarik
Lasterketa erdi mailako mendietan izango da, Aratz eta Aizkorri mendilerroetan zehar, EAEko tontorrik garaienetatik igaroz Aratz – Aizkorri – Aketegi. Zegama herritik (296 m.) abiatu eta Otzaurte gainera (652m.) heltzen da eta mendate honetatik aurrera, ingurune zoragarri batean zehar bide eta xenda liluragarrietan barrena zuhaizti ederrak, pagadiak gehienak, haitz biziko malkar zakarrak eta mendi-larreak tartekatzen dira. Teknikoa eta zailtasun handikoa.
LASTERKETAREN FITXA TEKNIKOA
DATA: 2022ko maiatzaren 29an.
IRTEERA ETA HELMUGA: Zegama [Gipuzkoa] – Irteera ordua 9:00
DISTANTZIA: 42,195 kilometro
PASAGUNE KONTROLAK: 14
JAN-EDARI POSTUAK: 13
GORA BEHERA METATUA: 5.472 metro
GEHIENEKO ALTUERA: 1.551 [Aketegi]
GUTXIENEKO ALTUERA: 296 [Zegama]
EREMU TEKNIKOA EHUNEKOTAN: %50a g.g.b.
GEHIENEKO DENBORA: 8 ordu
TARTEKO HELMUGAK: Aizkorri (Km 22,58)
Beti bezala, antolakuntzako kideek Zegama-Aizkorrik dituen lau zutabe garrantzitsuenen babesa izango dute:
Lehena, korrikalariak, izan ere, askorentzat urteko helbururik garrantzitsuena da Zegama-Aizkorri lasterketa eta pandemia honetan entrenatzen jarraitzeko argi izpi bat izan direlako pozik agertu dira.
Bigarren zutabea, urtero mundu osotik etortzen diren eliteko korrikalariak dira. Beraiek eman diote Zegamako probari urte guzti hauetan zehar nazioarteko lasterketa maila, eta bere izena zabaltzen lagundu dute.
Hirugarren zutabea, urtero lasterketa babesten duten zaleak dira. Ikusleak, korrikalariak Sancti Spirituko pendizean orroekin bultza egiten dituztenak, Urbiko zelaietan, inor gal ez dadin, pasilloak egiten dituztenak, euri, haize edo eguzki Aizkorriko puntan irribarre artean aldapa bukatu dela oihukatzen dutenak… Nazioartean “Basque fever” bezala ezagunak direnak alegia.
Eta azken zutabea, eta garrantzitsuena, lasterketan aritzen diren boluntarioak. Zegama-Aizkorriren izena irribarre batekin lotzea lortu dutenak, asko herrikoak bertakoak, baina baita inguruko herrietatik etorri eta asteburu batez ia zegamar bihurtzen direnak.
Eneko Llanos eta Enara Oronoz garaile Aiarako Mendi Duatloian
Errelebokako sailkapenean Iñaki Carrok eta Koldo Etxebarriak osatutako bikotea nagusitu zen
Arrate Mintegi eta Urko Herran nagusi Gasteiz Duatloian
Proba herrikoian berriz, Pablo Alvarez eta Andrea Larrañaga izan ziren irabazleak
Isaac Nader eta Esther Guerrero nagusi Berangoko Nazioarteko Milia lasterketan
Larunbatean lehiatu zen XXXIII. Berangoko nazioarteko Milian Tokion egondako 16 atleta olinpiko bildu ziren