MENDI LASTERKETAK
Zaldibiako Mendi Lasterketa bertan behera
Ekainaren 20an egitekoa zen Zaldibiako Mendi lasterketaren bigarren edizioa hurrengo urtera arte atzeratu dute
Zaldibiako Mendi Lasterketaren antolakuntza taldeak adierazpen ofiziala kaleratu du non COVID-19ak eragindako egoera ikusita eta zuhurtziaz jokatuz, aurtengo lasterketa bertan behera uztea erabaki duten.
Oharrean diotenez, egoera aldatzen hasia dela badirudi ere, ez dute argi ikusten ekainaren 20an lasterketa nahi bezala burutu ahal izateko baldintzak egongo direnik, eta hori dela eta, ez dituzte arriskuan jarri nahi boluntarioak, parte hartzaileak, ikusleak ez eta herritarrak ere.
Aurtengo ekitaldia erronka gehigarri zein interesgarriekin zetorren, hain juxtu horietako bat Euskal Herriko mendi lasterketen ranking-erako puntuagarria izatea.
Erabaki honek eragin ditzakeen ondorioak ikusita, izen ematearen diru kopurua %100ean itzuliko zaie izena emandako guztiei, gaineratu dute antolakuntzako kideek.
Azkenik, eskerrak eman nahi izan dizkiete babesleei, zaldibitarrei eta modu batean edo bestean parte hartzen duten guztiei.
Iazko edizioa
2019an, Zaldibiako Mendi Lasterketaren lehenengo edizioa lehiatu zen, Ainhoa Sanzek eta Iñaki Olanok garaipena lortu zutelarik.
Gizonezkoetan, Iñaki Olano altzotarrak irabazi zuen iazko edizioa, bi ordu, 29 minutu eta 15 segundo erabilita. Bigarren gizonezkoa Ibon San Miguel lekeitiarra izan zen eta hirugarrena Xabier Macias iruindarra.
Proba luzean parte hartu zuten emakumeei dagokienez, garaipena Ainhoa Sanz urretxuarrak eskuratu zuen, bi ordu, 46 minutu eta 7 segundoko denborarekin. Bigarren postuan Laida Elizegi zaldibiarra helmugaratu zen eta hirugarren Sonia Lopez ermuarra.
Proba motzean aldiz, Gartzen Elejabarrieta abadiñoarra eta Ainhoa Jauregi urnietarra nagusitu ziren. Bigarren gizonezkoa Iker Diges huartearra izan zen eta hirugarrena Josu Urrestarazu idiazabaldarra. Emakumeei dagokienez, bigarrena Laiane Arrospide tolosarra izan zen eta hirugarrena Irati Larrañaga usurbildarra.
18 urte beteak dituen edozein mendizale, atleta edota kirolarik parte hartu ahal izaten du lasterketa luzean; lasterketa motzean aldiz, 15 urte beteta eduki eta guraso edota tutoreen baimena erakutsi beharra dago.
Ander Iñarra bigarren Skyrace Munduko Kopako Pirin Ultra lasterketan
Euskal Selekzioko Ander Iñarra lezoarra bigarrena. Eta, garailea, Aviron B.O.M. Taldeako Beñat Marmisolle baionarra
Azkorbebeitia zortzigarren Skyrace Mundu Kopako Zacup lasterketan
Bederatzigarren postuan dago Skymaster Mundu Kopako sailkapen orokorrean. Finala Limonen (Italia) jokatuko da, urriaren 19an
Euskal Selekzioko partaideen emaitza Zermatteko lasterketan
Azkorbebeitia, Iñarra, Larruzea eta Alonso lehen hogeien arteko postutan sartu dira Zermatten jokatutako
Munduko Kopako lasterketan