EUSKAL SELEKZIOA/FUTBOLA
Xabier Azkargorta: “Jokalariek ez dute kurrikulumean Euskal Selekzioan jokatu dutenik aipatzen”
Xabier Azkagorta (Azpeitia, 1953), bere herriko taldean ibili ondoren, Realaren jubeniletan aritu zen, medikuntza ikasketak egin nahi eta Bilbora joan beharra izan zuen arte. Han Athleticeko harrobian aritu zen 71-72 denboraldian, urte horretan belauneko lesio larri baten ondorioz jokatzeari utzi behar izan ziolarik. Gazte atera zuen ordea, entrenatzaile titulua. Oviedon 1978an urte askotan euskal selezionatzailea izan den Etxarrirekin batera. Lagun onak izan dira harrez gero biak, eta horri esker Euskal Selekzioak Boliviaren aurka jokatzeko aukera izan du birritan.
Herriko Lagun Onak taldeko jubenilak entrenatzen hasi zen, eta ondoren ordurako hirugarren mailan zegoen Ondarruko Aurrera entrenatzera joan zen. Entrenatzea oso gogokoa edukita eta izaeraz ausarta izanik, jarraian bigarren mailan zegoen Tarragonako Nastic-era salto egin zuen eta handik Españolera bigarren entrenatzailea moduan. Denboraldi erdian hartu zuen taldea, jaitsiera postuetan zegoela, eta gorantza eraman zuen. 83-84 denboraldia zen, eta lehen mailako entrenatzaile gazteena bihurtu zen. Ondoren Valladolid, Sevilla, eta Tenerife zuzendu zituen. Denetik egin du futbolean, jokatu, entrenatu, eskolak zuzendu, hedabideetan komentarista gisa aritu…
93an Boliviako selezionatzaile izendatu zuten eta hantxe bizi da oraindik, Santa Cruzen.
Egun on, Xabier (han 5 ordu gutxiago dira). Euskal Selekzioaren karira elkarrizketatu nahi zaitugu, baina has gaitezen Boliviatik. Nola gogoratzen duzu selekzionatzaile hautatu zintuzten garai hura?
Oso garai berezia izan zen. Orduan Espainiako enbajadore gisa bilbotar bat zegoen eta asko lagundu ninduen. Iritsi nintzenean ez zegoen ezertarako dirurik, eta ez talderik. Jokalari onak ziren, baina ez zuten diziplinarik, profesionaltasunik, ezta talde dinamikarik ere. Parranda zaleak ziren… nolabait esateko autoestima gutxiko jendea zen. Ez zuten kobratu ere egiten.
Eta horretan egin nuen lan handiena. Jokalariak zaintzen, euren indarren jabe izan zitezen, terapia handi bat egin nuen eta emaitza izugarria izan zen. 50 urtetan lehen aldiz 94ko Estatu Batuetako Mundialera sailkatu ginen, Brasili historian lehen aldiz 2-0 irabazi ondoren.
Gatozen gure herrira. Nola ikusten duzu gure selekzioa?
Ofiziala ez den bitartean kaxkar ikusten dut. Bertara ez dira jokalari onenak joaten, eta jokalariak ere ez diote beste munduko garrantzirik ematen. Ohartu zaitez adibidez jokalarien kurrikulumean, inork ez duela Euskal Selekzioarekin jokatu duenik aipatzen. Horrek duen garrantziaren islada ematen du.
Zer egin behar du aurrera egiteko?
Gauza onak baditu, zaletuak, tradizioa, kirolari onak eta abar. Jokatzen diren partidak serio hartu behar dira, baina benetako partida politika arloan dago. Espainiako Federazioarekin akordiora iritsi behar da. Tristea da baina Espainiako Federazioarekin adostu gabe ez da aurrera egingo.
Xake jokalari amorratua zarela badakigu. Ze pieza mugituko zenuke?
Dudarik gabe, peoiak mugituko nituzke, zarata gutxi ateratzen dute eta indar posizioa lantzen dute. Ez nituzke pieza handiak mugituko oraingoz.
IRITZIA/ELKARRIZKETAK
X. Euskal Herria Kopa 2020, oztopoak oztopo, jokatu egingo da
Aurreikusitako egutegia moldatu beharko dugu emakumezko futboleko 2020/21 denboraldia hasteko daten aldaketen ondorioz
Gorka Etxeberria: «Euskal Herriko lurraldeetako futbol eskolek kohesioa behar dute, zubi lana behar da»
Gorka Etxeberria, entrenatzailea eta futbol analistarekin solasaldia
Eneko Pou: «Neurri batean Euskal Herriaren enbaxadoreak gara munduan zehar»
Eneko Pouri elkarrizketa. Mendi-gidaria eta eski-irakaslea; alpinismoan, eskalada librean, muturreko eskian eta izotzeko eskaladan aritzen da