EUSKAL PILOTA
UTS Master Txapelketa gaur hasiko da bi finalerdiekin
Buruz Buruko Master Txapelketa gaur hasiko da, eguerdiko 12:00etan, bi finalerdiekin
Lau erremontista lehiatuko dira finalerdietan. Buruz buruko txapelketa nagusian, lehenbiziko lau postutan geratu ziren pilotariak izango dira parte hartzaileak. Aurten, Endikaren baja dela eta 5. postuan geratu zen pilotariak hartuko du parte, Ansa II.ak.
Gaurko lehenengo partiduan ariko da Barrenetxea IV.a. Atzelari hernaniarrak pasa den urtean txapela hau jantzi zuen eta txapelaren defentsan, lehenengo finalerdian, Juanenea izango du aurkari. Nahiz eta Master txapelketako txapeldun izan, pasa den udaran galdu egin zuen Juanenearen aurka 30-21. Beraz, Barrenetxeak arantza hori atera nahiko du. Gainera Buruz Buruko Txapelketa nagusian jokatutako hiru partiduak galdu zituen eta 2019ko sentsazio onak berreskuratu nahi ditu. Ez da erraza izango garaipena. Juanenea saldiastarrak erakutsi zuen uztaila, abuztua eta irailean zehar joko maila oso altua duela eta banakakoan ederki moldatzen dela.
Bigarren partiduan, Urriza txapeldun haundia Ansaren aurka neurtuko da. Endikak hiru hilabeteko atsedena hartu du eta bere lekua txapelketan Ansa urnietarrak hartu du. Urriza da faborito nagusia txapela janzteko eta gaur finalera sailkatzeko ere bai. Gogoratu, finala datorren larunbatean jokatuko dela, gaueko 11:00etan, gaurko irabazleen artean.
Aurtengo txapelketaren berrikuntzarik nabarmenenak egutegia eta ordutegia izango dira. Esan bezala, finalerdiak igande honetan, urtarrilaren 24an, jokatuko dira eguerdiko 12:00etan hasita. Artxibategira joan beharko litzateke jakiteko noizbat jokatu ote den igande eguerdian. Bestetik, finala, urtarrilaren 30ean, larunbatean jokatuko da, baina ordutegia ere ez da ohikoa izango, gaueko 23:00etan jokatuko baita. Partidu guztiak ETB1ek eskainiko ditu zuzenean.
Euskal pilotaren ondare historikoa Andaluzian
Esaterako, euskal pilota Almeriako araututako kirolik zaharrena da, bere garaian kirol nagusia izan zelarik
Aimarrek eta Arbek jokatuko dute Jai Alai World Tourreko finala
Aimar Aldazabalek eta Jokin Arbek jokatuko dute finala urtarrilaren 2an, finalerdietan Alberdi eta Beaskoetxea garaitu eta gero
Pala Ligako azken txanpan sartu dira
Necol-Gordon bikotea finalera zuzenean sailkatu da eta Fusto-Urrutia eta Ibarguren-Ibargaray bikoteek jokatuko dute finalerdia