PILOTA
Urriza-Labakak eta Segurola-Barrenetxeak lortu dituzte lehenengo lau puntuak Binakakoan
Pasa den larunbatean hasiera eman zitzaion Binakako Erremonte Txapelketari, Galarretan jokatutako bi neurketekin: Urriza-Labaka vs Juanenea-Larrañaga eta Segurola-Barrenetxea IV.a vs Etxarri-Endika. Bost bikote arituko dira aurtengo txapelketan eta honakoan Ansa II.a eta Aizpuru III.a geratu ziren jokatu gabe.
Urriaren bukaeratik egon da jaialdirik gabe Galarreta frontoia baina larunbatean bueltatu zen erremontea Hernanira, denboraldiko zita garrantzitsuenetako batekin: Binakako Txapelketa nagusia, bere 50. edizioan. Publikorik gabe hasi zen txapelketa, baina zuzenean ikusteko aukera egon zen, ETB1en eta interneten.
Partiduei dagokionez, erraz irabazi zuten bi bikote gorriek, 40-26 eta 40-30 Juanenea-Larrañaga eta Etxarri-Endika bikoteen aurka, hurrenez hurren. Giro aldetik hotz, ikuslerik gabe, eta jokoan ere emozio haundirik gabe erabaki ziren beraz Binakako Txapelketaren lehengo bi partiduak.
Aurreneko lehian, Urrizak eta Labakak erraz gainditu zituzten Juanenea eta Larrañaga, 40-26. Ikuskizun gehiago espero zen norgehiagoka honetan, baina Juanenea eta Larrañaga ez ziren izan aurkari gogorrak Urriza eta Labakarentzat. Urriza jaun eta jabe izan zen eta 20 tantorekin partiduko erremontistarik onena izan zen. Hasieratik lortu zuten abantaila haundia eta 15 tantoetakoa ere izan zen momentu batzutan. Azkenean urdinek puntu negatiboa ekiditeko helburua gutxienez lortu zuten. Honela garaileek lau puntu batu zituzten eta galtzaileak punturik gabe geratu ziren.
Bigarrengoan berriz, parekotasun pixkat gehiago egon zen, 40-30 irabazi zutelarik Segurola eta Barrenetxea IV.ak, Etxarri eta Endikaren aurka. Barrenetxearen sakeak egin zuen zuloa lehenengo tantuetan eta abantaila horrek eman zien garaipena gorriei. 20-10 aurreratu ziren Segurola eta atzelari hernaniarra eta horietatik 10 sakez eginak zituen Barrenetxeak. 28-25era hurbildu ziren urdinak, baina azken tantoetan akats gehiegi egin zituzten. Aurreko partidan bezalaxe, irabazleek lau puntu eskuratu zituzten, eta galtzaileek punturik ez zuten punturik batu.
Binakako 50. Erremonte Txapelketa
Aurtengo edizioa bi arrazoirengatik berezia izango dela nabarmendu du txapelketaren antolatzailea den Oriamendi enpresak. Batetik, bizi dugun mundu mailako osasun krisiak erremontea ere baldintzatu duelako, beste edozein ekitaldi bezala. Bestetik, aurten txapelketak 50. edizioa ospatzen duela da, beraz, urrezko ezteiak betetzen ditu.
Txapelketa Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko da eta larunbatean, azaroaren 21ean, hasiko da. Finalaurrekoak abenduaren 26an izango dira eta finala urtarrilaren 2an.
Bost bikotek osatzen dute txapelketa eta multzo bakarrean arituko dira, non denek denen aurka neurtuko dituzten indarrak. Urriza-Labaka, Ansa II-Aizpuru III, Juanenea-Larrañaga, Goikoetxea V-Endika eta Segurola-Barrenetxea IV dira bost bikoteak. Segurolak eta Labakak euren postua lortu zuten atariko batean, non Etxarri eta Zalduarekin bi partida jokatu zituzten bikoteak nahastuz.
Puntuazioa ohikoa izango da: 4 puntu partida irabazteagatik, bi puntu 36-39 tantoren artean eginez gero, puntu bat 32-35 tantoren artean eginez gero, puntu bakar bat ere ez 26-31 tantoren artean eginez gero, eta puntu bat kenduko da 25 tanto edo gutxiago eginez gero.
Lehen faseko azken bikotea txapelketatik kanpo geldituko da eta, hortaz, lau bikote sailkatuko dira hurrengo faserako. Ligaxkako lehen bikoteak laugarren bikotearen aurka jokatuko du, eta beste neurketan bigarrenak hirugarrenaren kontra. Finalaurrekoetako bi bikote irabazleek jokatuko dute txapelketaren finala, 2021eko urtarrilaren 2an.
Iaz Binakako Erremonte Txapelketako txapelduna izan zen Larrañaga, Urrizarekin bikotea osatuta. Matxin III.aren eta Barrenetxea IV.aren aurka irabazi zuten finala.
Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionala irabazi du Irurtzunek
Lemoari (3-0) gailenduta, 2020koa behar zuen txapela eraman zuen, 2019an lortutakoa berretsiz
Master Laboral Kutxaren aurpegi guztiak Ortuellan ikusgai
Giro goxoa Ortuellan lehen mailako mistoko pilotariak lehiatzen hasi diren jardunaldian
Goikoetxea V.ak eta Barrenetxea IV.ak Txapelketako lehen lau puntuak eskuratu dituzte
40-28 nagusitu dira Juanenea eta Aizpuru III.aren aurka, Galarretan jokaturiko partidan