EUSKAL PILOTA

Urriza eta Zubirik pauso handia eman dute sailkatzerako bidean

2022/05/19

Argazkiak: oriamendi2010

Urrizak eta Zubirik (Larre Gain) osatutako bikotea berriro atera zen garaile iragan astelehenean, Sagardoaren Txapelketan, Aldabe eta Larrañaga 30-17 mendean hartuta. Bereziartua ordezkatzen duen bikoteak ez zuen garaipenik lortu, eta hiru neurketa jarraian galdu ondoren ez dute punturik batu. Hala ere, oraindik sailkatzeko aukerak dituzte. Bi partidu geratzen zaizkie eta biak irabaziz gero, hirugarren ere sailkatu daitezke eta. Bestalde, bikote irabazlea sailkapeneko bigarren postuan kokatu da, jokaturiko bi partiduak irabazi eta gero.

Urriza eta Zubiri nagusi izan ziren aurreneko partiduan. Hasieran lehia izan zen, baina pixkanaka abantailak lortzen hasi ziren eta 10-6koa eta gero ihes egin zuten 24-13ra. Partidua erabakita zegoen eta azkenean nahiz eta puntu negatiboa ez izan, 17an geratu ziren urdinak.

Jaialdiko bigarren partida lehiatuagoa izan zen, baina azkenean Segurolak eta Azpirozek (Petritegi) garaipena lortu zuten Ezkurra II.aren eta Zaldua I.aren (Gurutzeta) aurka (29-30). Emaitza honekin, Segurola eta Azpiroz hirugarren posturaino igo dira, eta Ezkurra II.ak eta Zaldua I.ak bosgarren postuan jarraitzen dute, partidu baten faltan. Oraindik ez dago argi azkenaurreko postu hori norentzako izango den.

Esan bezala, partidu ikusgarriagoa izan zen bigarrena. Urdinak ongi hasi zuten partidua eta abantaila politak lortu zituzten, 6-11, 8-15, 8-18, 18-27. Ezkurra II.a ez zen ongi aritu hasieran eta ez zuen bere lekua topatu kantxan. Urdinak aldiz oso eroso ari ziren jokatzen. Hamar tantoko abantailak erabakigarria zirudien, baina gorriek ez zuten  amore eman eta Segurola eta Azpirozek zailtasunak izan zituzten partidua ixteko, 20-28tik, 24-29ra pasa zirelarik.

Bost tantora zeuden gorriak, baina bakarra falta zuten urdinek. Urduritasuna nabaritu zitzaien eta Ezkurra eta Zalduak 29na berdintzea lortu zuten. Azken tanto ikusgarria jokatu zuten lau erremontistek. Ezkurrak eskura izan zuen garaipena bi pareta batekin, baina Azpirozek ongi eraman zuen eta Segurolak aukera izan zuenean ez zuen hutsik egin, tantoa irabazi eta garaipena eskuratuz.