EUSKAL PILOTA
Urriza da Buruz Burukoaren lehen finalista
Javier Urrizak 30-17 irabazi zion Aritz Juaneneari Banakako Txapelketako finalerdietako ligaxkako azkenaurreko partidan. Emaitza honek Urrizaren finalerako txartela ziurtatu zuen, helburua lortzeko 17 tanto behar zituen arren, ezustekoari lekurik utzi ez eta erraz irabazi ziolarik Juaneneari.
Juaneneak bere aldetik, ‘match ball’ bat salbatu zuen azkenaurreko tantoan. 16rekin matematikoki txapelketatik kanporatuta geratuko zen, baina errebote zaila eraman ondoren 17. tantoa egin zuen eta horrek finalerdietara sartzearekin amets egitea ahalbidetzen dio. Horretarako, Ansak 17 tanto baino gutxiago egin beharko ditu larunbatean Barrenetxearen aurka.
Partidak 14-12 arte historia izan zuen, baina une horretan, Urrizaren bi pareten ondoren, Saldiaseko aurrelariak kontrakantxako hormaren kontra jo zuen eta kolpe horren ondoren ez zuen berriro berdin jokatu.
Eskuineko izterrean jo zuen kolpea eta ustez errekuperatu zen arren, handik aurrera ez zuen asmatu. 11-1eko partzial batek, 13-12tik 24-13ra eraman zuen Urriza, erabat hautsi zuelarik partida. Hamaika tanto horietatik zazpi sakekoak izan ziren.
14-12ra arte Juanenea gertu mantendu zen. 0-1 ireki zuen partida, baina Urriza 7-3 eta 10-6 aurreratu zen. Inork ez zuen argi agintzen piloteoan eta Juaneneak markagailua eusten asmatu zuen tanto batera hurbilduz, 11-10 eta 13-12. Momentu horretan, Juaneneak izterrean kolpea jaso eta ondorioz guztiz hautsi zen partida.
Sakearekin Urrizak min handia egin zuen eta abantailek gora egin zuten 28-15, 29-16 eta 30-17ko emaitzak jaso zituelarik markagailuak. Saldiaskoak 17 tanto baino gutxiagotan ez geratzea lortzen ote zuen jakiteko emozioa egon zen behintzat. Lehen ‘match ball’a salbatu zuen, baina orain ez dago bere esku sailkapena.
Urrizak 13 tanto egin zituen piloteoan eta hutsegite bakarra. 13 tanto ere egin zituen sakez. Juaneneak hamabi tanto egin zituen piloteoan eta bi huts. Sakearekin lau tanto eta bi sake falta egin zituen.
Abuztuaren 26ko emaitzak, Galarreta
- Segurola-Labaka 40 Urrutia II.a-Larrañaga 32
- Urriza 30 Juanenea 17 BURUZ BURUKO TXAPELKETA
- Zaldua II-Martirena 34 Loitegi-Murgiondo 40
Malerrekako pilota erronkako ligaxka amaitu da
Mendaur eta Ekaitza izango dira aurrez aurre datorren igandeko finalean
Ansak eta Barrenetxeak partida ikusgarria irabazi dute
40-38 irabazi zieten Urriza eta Azpirozi mailako ikaragarriko partida batean
Sagardoaren Txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu da
Oialume Zarrek eta Setienek finalerdietan sartzeko pauso garrantzitsua eman dute