MENDI LASTERKETAK
Urriaren 3an jokatuko da Zumaia Flysch Trail lasterketa
Maiatzaren 3an zen jokatzekoa 2020ko Flysch Trail mendi lasterketa baina koronabirusaren pandemiaren bilakaera zela eta ekitadia bertan behera geratzen zela jakinarazi zuen antolakuntzak.
Aldi berean 2021eko maiatzak 8-9an probarako gonbitea luzatu zuten momento hartan baina aurrez ezarritako data horretan ere ez da posible izango proba lehiatzea eta dena ondo bidean, azkenean urriaren 3an korrituko da hamabigarren Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa.
Momentuz, data gorde dute dagoeneko eta hemendik aste batzuetara egingo dituzte beharrezko gestioak baina dena den, lasterketako antolatzaileek, ekainaren erdi aldera izango den egoeraren arabera hartuko dute erabaki definitiboa. Izan ere, garai horretan ikusiko da zelako egoera dagoen eta COVID gaitzagatik ezinezkoa bada korrikalarien, boluntarioen eta publikoaren segurtasuna bermatzea, ez da jokatuko.
Bi distantziatan korrituko da hamabigarren traila: distantzia luzeko lasterketak 42 kilometro izango ditu, eta 2.950 metroko desnibel positiboa. Aurreko lasterketakoa baino 700 metro gehiago izango ditu beraz. Metro horiek Andutzen egingo dira: lehen bitan igotzen zen eta orain lautan igoko da. Distantzia laburreko lasterketak, berriz, 22 kilometro izango ditu, eta 850 metroko desnibel positiboa.
Biak ala biak Munduko Koparako puntuagarriak izango direla iragarri dute antolakuntzako kideek. Kopako azken probetako bat izango da, eta Zumaian jakingo da zer korrikalarik irabaziko duten txapelketa hau.
Oraindik ere egutegi guztia zehaztu gabe badago ere, litekeena da lasterketa honen inguruan antolatzen ziren beste jarduera batzuk bertan behera utzi behar izatea. Hasteko, aurten ez da itsuen lasterketarik egongo, eta Nordic Walkingekoa ere kolokan dago gaur-gaurkoz.
Flysch Traila jokatzeko baimena lortuz gero, uztailean zabalduko lukete lasterketarako izen-ematea. Printzipioz, bi lasterketetako partaidetza batuta, 700 korrikalarik hartu ahal izango lukete.
Senpereko Traila bertan behera utzi dute
Jadanik hurrengo urteari begira jarri dira antolatzaileak, izan ere, 2022ko martxoaren 12an edo 13an lasterketa antolatzeko asmoa plazaratu dute
Aurten bertan behera geratu da 41. Idiazabalgo Herri Krosa
Urtarrilaren azken igandean izan ohi da 1981. urtetik egiten den lasterketa, San Blas jaien hasieran
2021eko Kobaz Koba Traila, bertan behera
Otsailean zen jokatzekoa Zestoan Kobaz Koba 2021 Traila, baina proba ez jokatzea erabaki dute antolatzaileek osasun egoeraren ondorioz