HERRI KIROLAK/AIZKORA

Urrezko binakako aizkolari txapelketa jokatu da Deban

2020/01/06

Argazkiak: egursport.com

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa “Eusko Label Saria”lehiatu zen atzo Deban, Aldats pilotalekuan

 

Banakako Txapelketa amaitu bezain laster, Binakakoak txanda hartu dio igande honetan bertan, Deban, eguerdiko 12:30tatik aurrera.

Honakoan, Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Jon Rekondo leitzarra osatutako bikoteak, Ugaitz Mugertza mutrikuarra eta Julen Alberdi “Txikia IV” azkoitiarra izan ditu aurrez aurre, 22 enbor – 5 izakerako jardunean.

Mikel Larrañaga eta Jon Rekondok irabazi dute lehenengo jardunaldi hau guztira 21 minutu eta 23 segundu behar izan dituztelarik lana amaitzeko: 45 ontzako enborra erlojuaren aurka mozten 1.33ko denbora behar izan zuten. Kanaerdikoa zutik mozten, 1.46koa. 65 ontzakoa abiadurazko frogan mozten, 2.28koa. Laugarren froga 45 eta 54 ontzakoak etzanda jarrita moztea izan zen (2.16). Iraupenezko azken proban lau enbor 60 ontzako eta bi enbor 65 ontzako moztu zituzten (13.20).

Bere aurkariek, Mugerza eta Alberdik, lan berdinean orotara 22 minutu eta 15 segunduko denbora erabili zuten: erloju kontra (1´25´´), zutik (1´55´´), abiaduran (2´12´´), zutik/etzanda (2´47´´) eta iraupenezkoan (13´56´´).

Urrezko Aizkolari Emakume Banakako Txapelketaren lehen jardunaldia ere lehiatu da Deban non Nerea Sorondo eta Itxaso Onsalo aritu diren nor baino nor. Nerea Sorondok eskuratu du garaipena, hiru enbor mozten 7 minutu eta 59 segunduko denbora eginda, Itxaso Onsalok 9 minutu eta 46 segundu behar izan zituelarik lanak amaitzeko.

Bestalde, 2020 Urrezko Harrijasotze Txapelketan Aimar Galarraga izan dugu lanari ekiteko prest. Erabili diren harriak hurrengoak:175 kiloko laukizuzena, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Orotara 23 jasoaldi egin ditu, laukizuzenari 7 jasoaldi, kubikoari 5 eta bolari 11.

Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo irabazleak

 

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa:

Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren edizio berri honetan lau bikote izango dira lehian: Vicente-Mujika, Mugertza II.a-Txikia IV.a, R. Saralegi- Otaño eta Rekondo-Larrañaga.

Lehen fasean denek denen aurka jokatuko dute. Ondoren izango dira kanporaketak. Hasierako fasean bost lan dituzte: erlojuaren aurka bi enbor 45 ontzakoak, zutik kana-erdikoa txanda librean. Abiadurakoa, 65 ontzako enbor bat bikote bakoitzak, zutik/etzanda bat 45 ontzakoa eta bestea kana-erdikoa –bikotekideek bana–, eta azken proba 60 ontzako lau enbor eta bi 65ekoak txanda librean.

Hurrengo jardunaldiak:

Urtarrilaren 12an, Beizaman, Vicente-Mujika eta Saralegi- Otaño izango dira lehiatuko direnak. Urtarrilaren 19an, goizez Aian Saralegi eta Otaño, Mugertza II.aren eta Txikia IV.aren aurka jokatuko dute; eta arratsaldez Iraetan Mujika eta Vicente, Rekondoren eta Larrañagaren aurka arituko dira. Otsailaren 3an, Abadiñon izango da lehia, eta han Mujika-Vicente, Mugertza II.a- Txikia IV.aren aurka jokatuko dute eta otsailaren 5ean Beasainen, Rekondo eta Larrañaga, Saralegiren eta Otañoren aurka arituko dira, honela lehen faseari amaiera emanez. Ligaxkako hirugarren eta laugarren sailkatuak otsailaren 16an Oñatin lehiatuko dira, eta horko irabazlea, ligaxkako aurreneko bi sailkatuekin finala jokatuko du Azpeitian, martxoaren 9an.

Bueltan dira Zesta Puntako txapelketak

Bueltan dira Zesta Puntako txapelketak

Ostiral honetan, Jai Alai Masters Series Txapelketako lehen finalerdia jokatuko da, Beaskoetxea-Lekerika eta Erkiaga-Aldazabal bikoteen artean