HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA
Urrezko Banakako Aizkolarien lehen kanporaketa lehiatu da
Larunbat honetan, Diva Pentsuak enpresak eta Leaburu-Txaramako Udalak antolatuta, Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa Eusko Label Sariko lehen kanporaketako saioa jokatu da Leaburuko industrialdean, 11:30ean hasita.
Hamabi aizkolari aritu dira bertan: Urtzi Olasagasti, Ibon Garaiburu, Dani Lopez, Xabier Garcia Utxu, Beñat Lekue, Aritz Oregi, Beñat Amade, Mikel Agirre, Aritz Irazabal, Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Jon Telletxea eta Josu Santamaria. Egin beharreko lanak, zortzi enbor ahalik eta azkarren moztea, lehen hirurak hurrengo faserako sailkapena eskuratzen zutelarik.
Lehen fasean, hiru multzotan banatu zituzten aizkolariak, eta multzo bakoitzeko bi onenek egin zuten aurrera: A multzotik, Zelai IV.ak eta Mikel Agirrek; B multzotik, Lopezek eta Garaiburuk; eta C multzotik, Lekuek eta Irazabalek.
Gero, buruz-buruko lehian aritu ziren sei aizkolariak: Ibon Garaiburu Zelai IV.aren aurka, Dani Lopez Aritz Irazabalen aurka eta Beñat Lekue Mikel Agirreren kontra.
Azkenean, Zelai IV.a, Irazabal eta Lekue sailkatu ziren eta datorren asteburuan Zumaian jokatuko den kanporaketan izango dira.
Gizonezkoen txapelketaz gain, Emakumezkoen Aizkolari Txapelketako kanporaketa ere jokatu zuten Laiene Pikabeak eta Uxue Ansorregik. Launa enbor moztu behar zituzten, lehena, erlojuaren aurka, eta ondorengo hirurak abiadurako proban. Bietan ere Pikabea izan zen onena, eta berak egin du aurrera txapelketan.
Azkenik, harri-jasotzaileen txanda izan zen. Berez, Urrezko Harri-jasotze Txapelketako kanporaketa jokatu behar zuen Julen Diazek, baina azkenean, erakustaldia eskaini zuen.
Emakumezkoetan, Karmele Gisasola Zelai III.ak, txapelketako kanporaketa jokatu zuen, 63 kiloko kubikoa eta pisu bereko bolarekin, bi minutu txandetan. 15 jasoaldi eman zizkion kubikoari eta bolari, berriz, 23 jasoaldi.
Mikel Larrañagak irabazi du Urrezko Aizkolarien Kopa
Bigarren sailkatu zen Iker Vicente eta hirugarren, berriz, Eneko Otaño
Bi Harri Txapelketa jokatu zen igandean Aritzbatalden
Karmele Gisasola Zelai III.a-k eta Mikel Lopetegi Urra-k jantzi zituzten txapelak, azken honek marka berria ezarrita
Zarauzko Bi Harri Txapelketa, abuztuaren 1ean
Aurtengo berrikuntza nagusia da lehen aldiz emakumezkoek ere parte hartuko dutela txapelketan