HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA
Urrezko Aizkolarien lehen jardunaldia jokatu zen Berastegin
Herri kirol saioa lehiatu zen iragan larunbatean, maiatzak 1, Berastegiko frontoian, 12:00etan hasita. Batetik, Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaren kanporaketa izan zen jokoan, eta bestetik Hiru Hamarreko Harri-jasotze Txapelketa zein Emakumezkoen Harri-jasotze Txapelketak lehiatu ziren.
Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako kanporaketan guztira hamabi aikozlarik parte hartu zuten: Ibon Garaiburu berastegiarra, Unai Zabala leaburuarra, Jokin Urretabaizkaia Basozabal donostiarra, Hodei Ezpeleta mendaroarra, Endika Goia beratarra, Iker Ibarrondo arrankudiagarra, Xuban Kañamares arostegiarra, Axel Larrañaga oiartzuarra, Oier Larretxea beratarra, Miguel Martin segoviarra, Suharri Rodriguez hernaniarra eta Markel Zapiain astigarragarra.
Aizkolari bakoitzak bina enbor moztu behar izan zituen, hiru txandatan aritu zirelarik, launa aizkolari. Aurreneko fase honetan, lehen txandan Oier Larretxea (6´33´´), Markel Zapiain (4´52´´), Axel Larrañaga (4´55´´) eta Miguel Martin (6´46´´) aritu ziren. Bigarren txandan, Endika Goia (8´05´´), Unai Zabala (7´08´´), Xuban Kañamares (5´09´´) eta Jokin Urretabizkaia (3´49´´). Eta hirugarren txandan berriz, Ibon Garaiburu (4´32´´), Hodei Ezpeleta (4´05´´), Suharri Rodriguez (4´16´´) eta Iker Ibarrondo (7´15´´).
Denbora hoberena lortu zuten sei aizkolarik bigarren fase bat jokatu zuten. Hiru txanda izan ziren hor ere, eta bina aizkolari aritu ziren txanda bakoitzean. Kañamares V.a (4´53´´) Markel Zapiainen aurka (5´47´´), Basozabal (3´49´´) Suharri Rodriguezen aurka (5´03´´), eta Hodei Ezpeleta (4´07´´) Axel Larrañagaren aurka (6´07´´).
Azkenean, hurrengo faserako txartela lortu zuten aizkolariak, Jokin Urretabizkaia Basozabal, Xuban Kañamares V.a eta Hodei Ezpeleta izan ziren.
Bestetik, Hiru Hamarreko Harri-jasotze Txapelketan Mikel Lopategi Urra eta Iñigo Eizagirre Eiza aritu ziren lehian, hiru harri erabilita: 125 kiloko zilindro zaharra, 125 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola.
Urrak guztira 49 jasoaldi egin zituen, 24 zilindro zaharrari, 14 kubikoari eta 11 bolari. Eizak berriz, orotara 40 altxaldi burutu zituen, 20 zilindro zaharrari, 11 kubikoari eta 9 bolari.
Azkenik, Emakumezkoen Harri-jasotze Txapelketan, Karmele Gisasola Zelai III.a aritu zen lanean, 75 kiloko zilindroarekin, eta 63 kiloko kubikoa zein bolarekin, minutu eta 30 segunduko txandetan. Guztira 33 aldiz jaso zituen aipatu harriak: 11 jasoaldi zilindroari, 8 kubikoari eta 14 bolari.
Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketako azken bi kanporaketak jokatu dira
Alvaro Garcia, Unai Otaegi, Luis Polanco, Julen Aranberri, Txomin Amundarain eta Julen Olano sailkatu dira finalerako
Sherpa.ai aizkora txapelketa berriaren kanporaketa jokatu dute Zestoako pilotalekuan
Final handira sailkatu ziren Mikel Larrañaga, Iker Vicente, Eneko Otaño, Julen Alberdi, Aitzol Atutxa eta Jon Irazu.
Bertan behera gelditu da Euskal Herriko I. Sega Sail lehiaketa
Igande honetan jokatzekoa zen Hernanin baina egoerak hala behartuta, lehiaketa bertan behera uztea erabaki du Almitza sega elkarteak