HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA
Urrezko Aizkolarien finalera sailkatu da Julen Alberdi Txikia IV.a
Banakako Aizkolarien Txapelketako finalean izango da Julen Alberdi ‘Txikia IV’.a, Ubidean jokatutako finalerdian Ugaitz Mugertza mendean hartu ondoren
Pasa den asteazkenean, uztailak 22, Ubideako pilotalekuan, Egur Sportek antolatutako txapelketen beste jardunaldi bat jokatu zen arratsaldeko 18:30etatik aurrera.
Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketan, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Ugaitz Mugertza aritu ziren nor baino nor gehiago, lehiaketaren bigarren finalerdian.
Azkenean, Urrezko Banakako Aizkolarien XXIII. Txapelketaren finalean izango da Txikia IV.a, finalerdietako lanak 21 minutu eta 35 segundotan amaitu baitzituen aizkolari azkoitiarrak (erloju kontra 1´00´´, abiadurazkoan 2´31´´eta lanerdira 18´04´´), Mugertza II.ak 22 minutu eta 39 segundo behar izan zituelarik (erloju kontra 1´04´´, abiadurazkoan 2´48´´eta lanerdira 18´47´´).
Finalean hiru aizkolari ariko dira nor baino nor. Aurreko astean Iker Vicentek lortu zuen finalerako txartela, eta orain Txikia IV.ak irabazi du txapela eskuratzeko lehian aritzeko eskubidea. Hirugarren finalerdia larunbatean lehiatuko da Beizaman, eta bertan Larrañagak eta Otañok neurtuko dituzte indarrak, irabazlea izango delarik hirugarren eta azken finalista.
Oraindik ez dute zehaztu finalaren data, ezta non jokatuko duten ere, baina ziurrenik abuztuaren hasieran izango da.
Hiru Hamarreko Harri-jasotzaile Txapelketako neurketan, Xabi Peñak 43 jasoaldi egin zituen (zilindrikoari 17, kubikoari 13 eta bolari 13) eta Jokin Eizmendik, bat gutxiago, 42 (zilindrikoari 17, kubikoari 13 eta bolari 12).
Emakumezkoen Harri-jasotze Txapelketan parte hartu zuen Udane Ostolaza harri-jasotzaile gazteak. Oriotarrak 40 jasoaldi egin zituen saioan, aurrekoan lorturiko marka hobetuz (lau jasoaldi gehiago). Guztira, 50 kiloko zilindro zaharra 16 aldiz altxa zuen, pisu bereko kubikoa 10 aldiz, eta bolari 14.
XXIII. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa “Eusko Label Saria”:
Honako edizioan, bederatzi aizkolarik hartuko dute parte: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’, Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza II.a, Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Iñaki Azurmendi eta Jexux Mª Mujika. Egin beharreko lana, sei enbor ebakitzea hiru modalitate hauetan: erlojuaren aurkakoa, abiadurakoa eta azken proba.
Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketa:
Sei harri-jasotzailek parte hartuko dute lehenengo edizioan: Xabier Peña, Mikel Lopetegi ‘Urra’, Imanol Albizu ‘Goikoetxe’, Beñat Telleria, Inhar Urruzuno eta Urdax Magunazelaia. Txapelketa hiru harri ezberdinekin jokatuko da bi minutuko denboran, zilindro zaharra, kubikoa eta bola, hain zuzen ere, guztiak 125 kilokoak (berez 10 arroba direnak, hortik baitator “Hiru hamarreko” izendapena).
Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketa “Kirolbet Saria”:
Parte hartuko duten harri-jasotzaileak honakoak izango dira: Virginia Finol eta Karmele Gisasola (63 kiloko harri zilindriko, kubiko eta esferikoarekin arituko dira) eta Udane Ostolaza, 50 kiloko harri berdinekin arituko dena.
Urrezko Aizkolarien Kopako kanporaketa jokatu zen Donostian
Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Iker Vicente, Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo sailkatu dira finalerako
Alaitz Imaz eta Julen Gabirondo garaile bakarkako Sega Ligan
Almitzak antolatzen duen Euskal Herriko XII. Bakarkako Sega Ligako hirugarren eta azken saioa Etxalekun lehiatu zen
Julen Alberdi Txikia IV.a eta Jesus Mari Mujika txapeldun
Aiako probalekuan jokatutako Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketan nagusituta