HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA
Urrezko Aizkolarien eta Harrijasotzaileen jardunaldia Lezan
Larunbatean, uztailak 11, eguerdi partean jokatu ziren Arabako Leza herrian Urrezko Aizkolarien eta Harrijasotzaileen txapelketako jardunaldiak
Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa “Eusko Label Saria” jokatu zuten aizkolariak Beizamako Eneko Otaño eta Ibarrako Jesus Mari Mujika izan ziren. Aurretik txapelketako bi jardunaldi jokatuak ziren dagoeneko, lehenengoan, Jon Rekondo leitzarrak erraz irabazi ziolarik Arraiarango Iñaki Azurmendiri eta bigarrengoan Mugertza II.ak Saralegiri.
Honakoan, Eneko Otaño izan zen irabazlea, bere lanak amaitzeko 23 minutu eta 53 segundo behar izan zituelarik, eta Mujikak aldiz, 26 minutu eta 34 segundo. Burutu zuten lana, 45 ontzako enborra, 65ekoa, bi kana-erdikoak eta lau 60 ontzakoak ebakitzea izan zen.
Hiru Hamarreko Harri-jasotzaile Txapelketan, Imanol Albizu “Goikoetxe” elgetarra eta Inhar Urruzuno ondarrutarra aritu dira nor baino nor gehiago. 125 kiloko hiru harrirekin (zilindrikoa, kubikoa eta bola) ibili ziren lanean harri-jasotzaileak, 2 minutuko txandetan.
Aurreko jardunaldietan, Urdax Magunazelaiak eta Mikel Lopetegik 44na altxaldi egin zituzten, Xabi Peñak 45 eta Eizmendik 41.
Lezako lehiari dagokionez, ezbehar latza izan zuen Inhar Urruzunok lehenbiziko harriarekin. Ondarroako harrijasotzaileak belaun atzealdean tiroia izan zuen eta ordurako 19 jasoaldi eginak zituenean lanak bertan behera utzi beharrean aurkitu zen. Goikoetxek jarraitu zuen bere lanean kubika eta bolarekin eta guztira hiru harriekin 37 jasoaldi burutu zituen.
Azkenik, emakumezkoen harri-jasotze txapelketan, Iruñako Virginia Finol aritu zen, 63 kiloko zilindro zaharra, kubika eta bolarekin. Aurreko jardunaldian Karmele Gisasola mailabiarrak 48 jasoaldi egin zituen, eta lehenengo jardunaldian, Udane Ostolaza gazte oriotarra bikain aritu zen 50 kiloko harriekin, guztira 36 altxaldi eginda.
Larunbatean, orain arteko markarik onena ezarri zuen Finolek, 63 kiloko zilindroa, kubika eta bola erabiliz orotara 52 jasoaldi burutu zituelarik.
XXIII. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa “Eusko Label Saria”:
Honako edizioan, bederatzi aizkolarik hartuko dute parte: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’, Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza II.a, Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Iñaki Azurmendi eta Jexux Mª Mujika. Egin beharreko lana, sei enbor ebakitzea hiru modalitate hauetan: erlojuaren aurkakoa, abiadurakoa eta azken proba.
Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketa:
Sei harri-jasotzailek parte hartuko dute lehenengo edizioan: Xabier Peña, Mikel Lopetegi ‘Urra’, Imanol Albizu ‘Goikoetxe’, Beñat Telleria, Inhar Urruzuno eta Urdax Magunazelaia. Txapelketa hiru harri ezberdinekin jokatuko da bi minutuko denboran, zilindro zaharra, kubikoa eta bola, hain zuzen ere, guztiak 125 kilokoak (berez 10 arroba direnak, hortik baitator “Hiru hamarreko” izendapena).
Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketa “Kirolbet Saria”:
Parte hartuko duten harri-jasotzaileak honakoak izango dira: Virginia Finol eta Karmele Gisasola (63 kiloko harri zilindriko, kubiko eta esferikoarekin arituko dira) eta Udane Ostolaza, 50 kiloko harri berdinekin arituko dena.
560 kiloko bigarren jardunaldia jokatu da Erandion
Tiraldi denak irabazita Gaztedi A nagusitu zen, eta atzetik Goiherri eta Gaztedi B sailkatu ziren
Urrak irabazi du Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa
Beñat Telleria izan zen bigarren eta Hodei Iruretagoiena sailkatu zen hirugarren
Zabalik da Lur Gaineko Sokatira Mundialerako talde eta selekzioen izen emate epea
Uztailaren 1etik abuztuaren 6ra TWIFek eskaintzen duen webgunearen bidez