HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA

Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketa etenda dago

by | 2020/04/03

Argazkiak: egursport.com

Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, martxoaren 19an Leitzan hastekoa zen Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa atzeratu egin da

 

Urtero egiten den Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketa abiatuta behar zuen dagoeneko, izan ere pasa den martxoaren 19rako finkatua zuen hasiera Leitzan. Bertan parte hartzeko 60 aizkolarik emana zuten izena, baina txapelketa hau harri-jasotzailena eta neskena bezalaxe, bertan behera geratu da koronabirusaren eraginagatik, eta agintarien agindu berria iritsi arte atzeratu egingo dira.

Esan bezala, aurreneko lehia Leitzan zen izatekoa hamabi aizkolarirekin, San Jose egunean. Hurrengoa Aramaion martxoaren 22an, eta jarraian Arribe-Atallun. Horrela jarraitu behar zuen apirilean eta maiatzean, amaiera ekainean izateko.

Momentuz ezinezkoa da jakitea txapelketa noiz hasiko den, eta jokatu ezkero asko luzatuko da eta beste txapelketek bereak dituzten datak hartuko ditu, batera lehiatu beharko direlarik edo bestelako soluziobideren bat asmatu beharko delarik.

Dena den, aurrera begira behintzat errazagoa da orain hasi gabe dagoen txapelketa bat berrosatzea, jadanik hasia legokeen lehiaketa bati irtenbidea bilatzea baino. Eta antolakuntzaren asmoa argia da, ororen gainetik txapelketa jokatzea nahi dute nahiz eta oraindik datarik ez den zehaztu.

Bestalde, oraindik ezin da aurreikusi zer-nolako eragina izango duen txapelketen etenaldiak arlo ekonomikoan, honakoa baita diru iturri nagusia heri kirolen munduan. Datozen hilabeteetan txapelketak edo erakustaldiak antolatuko ote diren deien zain daude aizkolari asko. Baina argi dago lehiaketa asko bertan behera geratuko direla eta horrek dudarik gabe bere eragina izango du, nahiz eta txapelketa garrantzitsuenak udazken aldera lehiatzen diren.

Aparteko kasua da, bertan behera geratu diren edota geratzekoak diren erakustaldiena, izan ere, aizkolarientzat diru sarrera garrantzitsua dira. Momentuz udako datarik garrantzitsuenak ez dira ailegatu, baina erakustaldiei dagokienez Deustoko jaietan (San Jose) ematen zaio hasiera denboraldiari eta hoiek dagoeneko galduak dira. Esaterako, Araban Prudentzio Deuna eta Estibalizeko erakustaldiak ezeztatu dira.

Gainera, aizkoraren munduan nekez ezarri daiteke bestelako kirol askotan ematekoa den aukera, ekitaldiak ikuslegorik gabe izatea alegia. Telebistako eskubideek ez dira oihartzun handiagoko kiroletan bezain mamitsuak eta gainera herri kirolen mundua oso lotua dago herriari, ikusle eta zaleei.

Iaz Iker Vicentek irabazi zuen Urrezko Aizkolarien txapela berriro ere

Iker Vicente zen Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketa, Eusko Label Saria, irabazteko faboritoa, eta Otsagabiakoak ez zuen hutsik egin, berak jantzi baitzuen txapela. Baina ondoan izan zituen aizkolariek ere lan bikaina egin zuten, Mikel Larrañagak txapeldunaren atzetik baina gertu amaitu zituen lanak eta  pittin bat atzeratuta Julen Alberdi Txikia IV.a aritu zen.

Azkenik, 45 ontzakoa erlojuaren aurka, kana-erdikoa zutik, oinbikoa etzanda eta sei enborrak ebakitzen Iker Vicentek 22 minutu eta 11 segundu behar izan zituen. Larrañagak 23´16´´ behar izan zuen eta Txikia IV.ak, 27´59´´.

Herri kirol jaialdia Zigoitian

Herri kirol jaialdia Zigoitian

Urrezko Aizkolari Kopako azken jardunaldia, Aizkolari gazteen binakako txapelketako finalerdia eta emakumezkoen trontza ekitaldia jokatu ziren