HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA
Urrezko aizkolari zein harrijasotzaileen finalak, igande honetan
Egur Sport-en hiru lehiaketen finalak jokatuko dira igande honetan, abuztuak 2, Aiako probalekuan, arratsaldeko 18:00tan hasita
Aizkora denboraldi ez-ohiko honetan, Egur Sportek antolatutako txapelketek bidea ireki zuten, izan ere, ekainaren 27an, Urrezko banakako aizkolari txapelketa, Hiru hamarreko harrijasotze txapelketa eta emakumezkoen harrijasotze txapelketa abian jarri ziren.
Ordutik sei jardunaldi lehiatu dira guztira eta azkenik igande honetan, abuztuak 2, hiru txapelketen finalak jokatuko dira.
XXIII. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa “Eusko Label Saria”:
Honako edizioan, bederatzi aizkolarik hartu dute parte: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’, Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza II.a, Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Iñaki Azurmendi eta Jexux Mª Mujika.
Egin beharreko lana, sei enbor ebakitzea hiru modalitate hauetan: erlojuaren aurkakoa, abiadurakoa eta azken proba.
Finalerdietako fasean, 2019ko XXII. edizioko lehen hiru sailkatuak sartu ziren zuzenean (Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’), final-laurdenetako irabazleen aurka lehiatu zirenak, zozketaren aurreko hurrenkerari jarraituz.
Beizamako azken kanporaketan Larrañagak mendean hartu zuen Otaño eta horrela, finalean arituko direnak Mikel Larrañaga, Iker Vicente eta Julen Alberdi Txikia IV.a dira.
Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketa:
Harri-jasotze modalitatea sustatzeko ildoari jarraituz, harrijasotze txapelketa berri bat jarri du martxan Egur Sportek, zeinean sei harri-jasotzailek parte hartu duten lehenengo edizioan: Xabier Peña, Mikel Lopetegi ‘Urra’, Imanol Albizu ‘Goikoetxe’, Beñat Telleria, Inhar Urruzuno eta Urdax Magunazelaia.
Txapelketa hiru harri ezberdinekin jokatu da bi minutuko denboran, zilindro zaharra, kubikoa eta bola, hain zuzen ere, guztiak 125 kilokoak (berez 10 arroba direnak, hortik baitator “Hiru hamarreko” izendapena).
Harrijasotzaileen azken jardunaldian Urdax Magunazelaiak Lopetegi baino bi jasoaldi gehiago egin zituen, finalerako txartela eskuratuz. Mikel Lopetegik ligaxkan dagoeneko lortuak zituen finalean sartzeko puntuak. Finaleko hirugarren harri jasotzailea Xabier Peñagarikano izango da.
Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketa “Kirolbet Saria”:
Parte hartu duten harri-jasotzaileak honakoak izan dira: Virginia Finol eta Karmele Gisasola (63 kiloko harri zilindriko, kubiko eta esferikoarekin aritu dira) eta Udane Ostolaza, 50 kiloko harri berdinekin aritu dena.
Lehiaketaren egutegiak fase bat izan du aurretik, eta harri-jasotzaile bakoitzak bi aldiz jardun du fase horretan. Finalerako guztiak sailkatu dira, eta azken markarik onena egina duena hirugarren postuan lehiatuko da egun horretan.
Beraz, emakumezkoen mailan finalean parte hartuko duten hiru kirolariak Virginia Finol, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Udane Ostolaza izango dira.
Hiru domina Euskal Herriarentzat nazioen arteko lehen saioan
Emakumezkoen 540 kiloko mailan zilarrezkoa, gizonezkoetan, 23 urtez azpikoan, zilarrezkoa ere eta 580 kiloko mistoan brontzezkoa.
Beste hiru domina euskal taldeentzat bigarren jardunaldian
Emakumezkoen 500 kilokoan Badaiotzek urrea eta Beti Gaztek brontzea. Gizonezkoen 600 kilokoan, Beti Gaztek brontzea
Euskal taldeek bost domina irabazi dituzte munduko txapelketako lehenengo egunean
Emakumezkoetan, Badaiotzek, Beti Gaztek eta Gaztedik. Gizonezkoetan Ibarrak eta Beti Gaztek