HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA
Urrezko aizkolari txapelketako jardunaldi bikoitza lehiatu da
Urrezko banakako aizkolari txapelketako jardunaldi bikoitza lehiatu zen pasa den asteburuan: larunbat arratsaldean Arribe-Atallun aritu ziren eta igande eguerdian Getarian (Gipuzkoa), Antxua Egunaren barruan.
Larunbat arratsaldean Arribe-Atallun
Arribe-Atalluko larunbateko jardunaldian bederatzi aizkolari aritu ziren final-laurdenetarako hiru txartelen bila. Hirunaka aritu ziren lehian, batetik Borja Fernandez, Jon Rodriguez eta Julen Olano, bestetik Julen Gabirondo, Ibai Soroa eta Xuban Kañamares, eta azkenik Eneko Saralegi, Daniel España eta Txomin Amundarain.
Bigarren fasera sei aizkolari sailkatu ziren eta haien artean binakako kanporaketetan zehaztu ziren azken hiru sailkatuak: Xuban Kamañares V.ak Julen Olanori irabazi zion, Ibai Soroak Eneko Saralegiri eta Txomin Amundarainek Jon Rodriguezi.
Gizonezko aizkolariez gain, emakumezkoen harri-jasotze txapelketaren barruan, Marina Blanco palentziarra 63na kiloko harri kubikoarekin eta borobilarekin aritu zen. Guztira 20 jasoaldi burutu zituen, 7 kubikoari eta 13 bolari.
Getariako Antxua Egunean igande eguerdian
Urrezko banakako aizkolari txapelketak segida izan zuen igande eguerdian Getarian. Hemen sei aizkolari lehiatu ziren final laurdenetako hiru txartelen bila: Joxean Etxeberria, Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Oier Kañamares IV.a, Ugaitz Mugertza II.a, Suharri Rodriguez Paolla eta Julen Alberdi Txikia IV.a. Azkarrenak honakoak izan ziren, hartara txapelketan aurrera egitea lortu zutelarik: Txikia IV.a (12.39), Mugertza II.a (12.19) eta Paolla (12.39).
Gizonezkoez gain, emakumeak ere aritu ziren aizkoran Getarian, emakumezkoen banakako aizkolari txapelketan. Karmele Gisasola Zelai III.a mallabitarrak lortu zuen hurrengo kanporaketarako txartela 9.51ko denbora eginda, Uxue Ansorregi (Mendaro), izan zen bigarren (11.20) eta Beatriz Tanco (Murillo el Fruto) hirugarren (13.23).
Emakumezkoen harri-jasotze txapelketan, berriz, Lur Errekondo eta Lucia Orbe aritu ziren, 63na kiloko harri kubikoarekin eta borobilarekin. Orbek 35 jasoaldi eman zituen denera (13 kubikoari eta 22 bolari) eta Errekondok 29 (11 kubikoari eta 18 bolari).
Mikel Larrañagak eskuratu du finalerako hirugarren txartela
Aizkoran Larrañagak Otañori irabazi zion, harrian Urrak 42 jasoaldi egin zituen eta Magunazelaiak 44, eta Karmele Gisasolak 49 altxaldi egin zituen
Urrezko Aizkolarien finalera sailkatu da Julen Alberdi Txikia IV.a
Aizkoran Txikiak Mugertzari irabazi zion, harrian Peñak 43 jasoaldi egin zituen eta Eizmendik 42, eta Udane Ostolazak aurreko marka hobetu zuen
Mikel Lopetegi ‘Urra’ nagusitu da Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketan
Harriaz aparte, sega txapeketa, giza proba eta idi-dema lehiatu ziren Usurbilgo Herri Kirolen Egunean