HERRI KIROLAK/AIZKORA
Urrezko Aizkolari Kopa irabazi du Hodei Ezpeletak
Urrezko Aizkolarien Kopako eta binakako harrijasotze txapelketako finalak jokatu zituzten pasa den ostiralean, abenduaren 31n, arratsaldeko 17:00etatik aurrera Asteasuko Usarrabi pilotalekuan.
Aizkora finalean hiru aizkolari aritu ziren: Jokin Urretabizkaia Basozabal donostiarra, Hodei Ezpeleta eibartarra eta Julen Gabirondo urnietarra (azken hau eri dagoen Xabier Zalduaren ordez aritu zen). Egin beharreko lana, hamabi kana-erdiko ahalik eta lasterren moztea.
Azkenean, Hodei Ezpeletak jantzi zuen txapela, bere lanak 27 minutu eta 13 segundotan amaituta. Bigarren postuan Jokin Urretabizkaia “Basozabal” geratu zen (28 minutu eta 14 segundo) eta hirugarren Julen Gabirondo izan zen (30 minutu eta 01 segundo).
Binakako harri-jasotze txapelketako finalari dagokionez berriz, hiru bikote aritu ziren nor baino nor gehiago: Mikel Lopetegi Urra eta Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrak, Jokin Eizmendi zarauztarra eta Gorka Etxeberria oriotarra eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarra eta Iraitz Arruti. Azken bikoteak Xabat Olaizola eta Jon Unanue Goenatxo III.a ordezkatu zuen, izan ere, Olaizola gaixo zegoen, eta Goenatxok ezin izan zuen parte hartu arrazoi familiarrengatik.
175 kiloko errektangularrarekin, 125 kiloko koparekin, 113 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko harri borobilarekin aritu ziren, hiru minutuko txandetan.
Eiza eta Urra izan ziren garaileak Binakako Harri-jasotze Txapelketan. Mikel Lopetegi Urra eta Iñigo Eizagirrek 14.679 kilo altxatu zituzten, 126 jasoalditan (laukizuzenari 16 jasoaldi, kopari 34, kubikoari 33 eta bolari 43).
Bigarren postuan sailkatuta, Jokin Eizmendi eta Gorka Etxeberriak 14.003 kilo jaso zituzten, 120 jasoaldi burututa (laukizuzenari 20 jasoaldi, kopari 24, kubikoari 31 eta bolari 45).
Eta hirugarren postua eskuratuta, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Iraitz Arrutik 12.189 kilo altxatu zituzten, 105 jasoalditan (laukizuzenari 15 jasoaldi, kopari 23, kubikoari 28 eta bolari 39).
Egur Sport enpresak Urtezahar egunean antolatutako jaialdian emakumeen arteko desafioak ere izan ziren, hiru modalitatetan: Trontzan Maria Iraizoz eta Ainhoa Iraizoz, Garbiñe Lopez de Uralde eta Ruth Linazaren kontra aritu ziren. Ingude-jasotzen, Maika Ariztegi eta Karmele Gisasola Zelai III.a aritu ziren (Lucia Orbek ez zuen parte hartu gaixotasunagatik) eta aizkoran berriz, Nerea Sorondo eta Laiene Pikabea izan ziren aurrez aurre.
Trontza lehiaketan, Garbiñe Lopez de Uralde eta Ruth Linaza nagusitu ziren (4 minutu eta 39 segundo), aurkari izandako Ainhoa eta Maria Iraizoizen (4 minutu eta 52 segundo) kontrako lehian.
Emakumezko ingude desafioan, Karmele Gisasolak 99 altxaldi burutu zituen eta Maika Ariztegik aldiz 91 jasoaldi.
Eta emakumezkoen aizkoran azkenik, Nerea Sorondok 6 minutu eta 43 segundotan amaitu zituen lanak eta Laiene Pikabeak 8 minutu eta 27 segundotan.
Herri kirol jaialdia Zigoitian
Urrezko Aizkolari Kopako azken jardunaldia, Aizkolari gazteen binakako txapelketako finalerdia eta emakumezkoen trontza ekitaldia jokatu ziren
Aimar Irigoien nagusitu da Harri Handien Txapelketan
Irigoien nagusitu zen 8.100 kilo altxatuta. Bigarren, Eizmendi sailkatu zen, 7.500 kilo jasota, eta hirugarren Goenatxo III.a, 5.350 kilorekin
Beti Gaztek irabazi ditu 4×4 sokatira lehiaketako azken bi txapelak
Lesakarrak nagusitu dira, gizonezkoen 320 kiloko kategorian zein emakumezkoen 260 kilokoan