HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA
Urrezko aizkolari eta harrijasotzaileen finalak martxoaren 7an
Datorren martxoaren 7an, larunbata, arratsaldeko 18:30tan hasita herri kirol jaialdi ikusgarria izango da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan
Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finala, Emakumezkoen Aizkolari Binakako Txapelketarena eta Urrezko Harrijasotzaileena jokatuko dira.
Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finala
Jesus Maria Mujika-Iker Vicente, Mikel Larrañaga-Jon Rekondo eta Ugaitz Mugertza II.a-Julen Alberdi “Txikia IV.a” bikoteak neurtuko dituzte indarrak txapelaren bila.
Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako seigarren eta azken jardunaldia ospatu zen otsailaren 9an Beasaingo Antzizar kirolegian eta bertan Larrañaga eta Rekondok finalerako azken txartela eskuratu zuten, Saralegi eta Otañori irabazita. Aurreko jardunaldietan lorturiko garaipenak kontutan hartuta, txapela janzteko borrokan parte hartzeko sailkatuak zeuden jadanik Jesus Maria Mujika-Iker Vicente eta Ugaitz Mugertza II.a-Julen Alberdi “Txikia IV.a” bikoteak.
Emakumezkoen Binakako Txapelketaren finala
Emakumezkoen artean Maika Ariztegi eta Itxaso Onsalo lehiatu ziren Oñatin otsailaren 16an, txapelketaren ligaxkako seigarren eta azken jardunaldian. Ariztegik eskuratu zuen garaipena bere lana 5 minutu eta 10 segundutan amaituta, Onsalok minutu bat gehiago behar izan zuelarik. Horrela Maika Ariztegi eskuratu zuen finalerako txartela, dagoeneko sailkatuta zeuden Irati Astondoa eta Nerea Sorondorekin batera. Emakumezkoen txapelketa honetan, lau aizkolari ari dira lehian: Nerea Sorondo beratarra, Itxaso Onsalo aresoarra, Maika Ariztegi iturendarra eta Irati Astondoa bizkaitarra.
2020ko Urrezko Harrijasotze Txapelketa
Urrezko Harrijasotze Txapelketaren seigarren eta azken jardunaldia ere lehiatu zen Oñatin. Harri jasotze lanetan Urdax Magunazelaia izan zen garailea Oñatin Aimar Galarragaren aurka baina ordurako biak zeuden finalerako sailkatuta, Xabier Peñagarikanorekin batera. Hiruko hau arituko da nor baino nor Azpeitian, txapela nork eskuratu.
Gazte mailako txapelketak
Halaber, Urrezko Binakako 23 urtez azpiko Txapelketaren finala ere lehiatuko da Izarraitzen. Gazte mailako Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finalerdian zortzi aizkolari izan ziren Oñatiko plazan otsailaren 16an, eta horiek bi multzotan banatu zituzten, multzo bakoitzeko irabazleak zein galtzaileen artean jokatutako neurketako garaileak sailkatu zirelarik finalerako. Beraz, Ioritz Gisasola “Zelai IV.a”-Suharri Rodriguez, Julen Larrea III.a-Jokin Urretabizkaia “Basozabal” eta Hodei Ezpeleta-Unai Larrea bikoteak lehiatuko dute finala.
Azkenik, Urrezko Binakako 19 urtez azpiko Txapelketa izango da, non Axel-Larrañaga-Markel Zapiain eta Oier Larretxea-Endika Goia osaturiko bikoek indarrak neurtuko dituzten.
Euskal Selekzioak beste brontzezko domina bat lortuta amaitu du Mundiala
Euskal ordezkaritzak guztira 7 domina eskuratu ditu: urrezko lau eta brontzezko hiru
Euskal Herriko selekzioak bi urre irabazi ditu Munduko Txapelketan
Emakumezkoen 500 kiloko mailan eta gizonezkoen 560 kilokoan nagusitu dira euskal tiratzaileak
Beste domina bat euskal taldeentzat Mundialaren bigarren jardunaldian
Erandioko Goiherri taldeak brontzea lortu du 23 urtez azpiko 600 kiloko mailan