HERRI KIROLAK
Txinga-eroate eta Lasto-jasotze txapelketak jokatu zituzten igandean
Emakumezkoen eta gizonezkoen txinga eroate eta lasto jasotze txapelketak jokatu zituzten pasa den igandean, azaroak 29, Arabako Erdoñana herrian, 12:00etatik aurrera. Emakumezkoenak lehiatu zituzten lehenengo, eta jarraian gizonezkoenak.
Emakumezkoen txinga eroatekoan hiru bizkaitar lehiatu ziren: Ane Urresti, Nerea Egurrola eta Garazi Arruti. 25 kiloko bi txinga (bana eskuko) denbora mugarik gabe ahalik eta distantzia luzeenean eraman behar zituzten. Nerea Egurrolak jantzi zuen txapela, 43 plaza-1 zinta-0,28metro eginda. Bigarren postuan Garazi Arruti geratu zen (40 plaza, 0,18 zm) eta hirugarren Ane Urresti (10 plaza-2 zinta-6,40 metro). Ane Urresti estrainekoz aritu zen txapelketa batetan baina bere aurkariak aldiz asko ibiltzen dira txinga eroaten, eta marka politak dituzte biek.
Gizonezkoenean, berriz, zazpi izan ziren parte hartzaileak: Javier Urresti, Kerman Perez de Heredia Arbigano, Jon Beobide Ramirez, Eloy Salterain Azkarate, Mikel Zenitagoia Apraiz, Iker Goldarazena Pabollet eta Imanol Martin Muxika. Horiek 50 kiloko bi txinga (bana eskuko) denbora mugarik gabe ahalik eta distantzia luzeenean eraman behar zituzten, binaka arituta. Ez zen ezustekorik izan eta azken urteotako txapelduna den Kerman Perez de Heredia nagusitu zen, 34 plaza ibilita. Bigarren Eloy Salterain izan zen (17 plaza, 5,20m), hirugarren Javier Urresti (9 plaza, 1 zinta-5,85m), laugarren Imanol Martin (7 plaza, 3 zinta, 5,17m), bosgarren Jon Beobide (6 plaza, 1 zinta, 3,52m) eta seigarrena Iker Goldarazena izan zen (5 plaza, 2 zinta, 6,10m).
Azpimarratzekoa da, Urresti aita-alaba ondarrutarrek txapelketan parte hartu zutela. Javier Urrestik eskarmentu handia dauka herri kirol erakustaldietan zein txapelketetan, 2010ean etenaldia egin zuen arte, txinga eroateko txapelketetan 25 bat urtez aritu baita urtero-urtero. Ane alaba iaz hasi zen eurekin sokatiran, eta beretzat txinga eroateko lehen txapelketa izan da honakoa. Txinga eroateko erakustaldiak eginak ditu, eta aurten txapelketan parte hartzera animatu da Ane, txapelketa mundua gertutik ezagutzeko.
Lasto-jasotze Txapelketan aldiz, lau gizonezko (Andoni Elizondo, Ion Lapazaran, Beñat Amade eta Ion Loiola) eta bi emakume (Ruth Linaza eta Garbiñe Lopez de Uralde) aritu ziren nor baino nor gehiago aurtengo txapelaren bila.
Emakumezkoetan (30 kilo-5m-2 minutu) Garbiñe Lopez de Uralde nagusitu zen 30 jasoaldi eginda, Ruth Linazak 22 altxaldi egin zituelarik. Gizonezkoen mailan berriz, Beñat Amadek 20 jasoaldi egin zituen, Ion Lapazaranek beste horrenbeste, Jon Loiolak 18 eta Andoni Elizondok 18 ere.
Aizkolarien eta harri-jasotzaileen txapelketen lehenengo jardunaldia lehiatu da Leaburun
Aizkoran, Rekondok Azurmendiri irabazi zion. Harrijasotzen Magunazelaia eta Urraren arteko berdinketa eta Ostolazaren lan polita
Geure Sport aldizkari digitalaren 14. alea
Karmele Gisasola ZELAI III.arekin solasaldia, harrijasotze txapelketaren lehiakidea
Larunbatean hasiko da Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa
Hiru Hamarreko Harri-jasotze Txapelketa eta Emakumezkoen Harri-jasotze Txapelketaren saioak izango dira ere