TXIRRINDULARITZA
Uztailaren 14 eta 15ean Tourrera joango gara!
Argazkiak: Naiz.eus
Tradizioa bihurtua zen. ESAITek deituta, txirrindularitza martxa eta euskal festa Pirinioetan, aldarrikapena eta euskal txirrindulariei animoak uztartuz.
Aurten ere han izango dira ESAITeko kide ohiak, ekimenari eutsiz. Deialdi zabala egina dago: Uztailaren 14an Val Louron-etik pasa eta Saint Laryneko portuan amaitzen den etapan eta ostegunean, uztailaren 15ean, Tourmaletetik pasa eta Luz de Ardiden-en amaitzen den etapan, euskal kirolariak animatzen, gureak diren aldarrikapenak mundura zabaltzen.
Euskal Herria Kirolak bat egin du deialdiarekin eta zaletu guztiak ere animatu nahi ditu bertara joateko.
.
Ze balio du? Martxel Toledo, Joseba Beloki eta Mikel Astarlozaren erantzunak
MARTXEL TOLEDO (ESAIT-eko arduradun ohia)
Ze balio du deialdi honek? Zertara joaten zarete?
Gu betidanik helburu berdinarekin joan gara. Euskal ikurrak munduan zehar zabaltzera eta gure kirolariek nazioartean ofizialki lehiatu ahal dezaten aldarrikatzera, oihartzun izugarria duen ekitaldi batean eta noski, gureak diren kirolariei hauspoa ematera.
Ze garrantzia du jardun honek?
Kirolariek eurek asko eskertzen zituzten animoak, babestuak sentitzea, eta aurrera egiteko eta lehiatzeko indarra ematen geniela uste dut.
Ze giro egoten zen?
Garai ezberdinak bereiztuko nituzke. Batetik Euskaltel taldea zegoenekoa. Izugarrizko jendetza biltzen zen eta kriston giroa egoten zen. Guk, ESAITek, lanketa handi xamarra egiten genuen ere, txirrindularitza martxa, animazio-gunea musikarekin eta. Ondoren behera etorrita dago giro hori, baina berriro heldu nahi diogu.
JOSEBA BELOKI (Bost Tour lehiatua; bigarren eta hirugarren postuak eginak)
Ze balio du Pirineoetara joateak eta kirolariak animatzea?
Kirolari bezala, izugarrizko balioa izan du, oso polita izaten zen. Gure ikurrak, gure zaletuak, familiak, lagunak, ikurrinak, euskaraz oihuak… Izugarrizko balioa izaten zuen. Ez zen berdina Alpeetan aritu ala Pirinioetan, gure jendearekin. Izugarrizko indarra ematen zuen, kontutan izanda gu egun asko kanpoan ematen genituela eta holakoekin etxean sentitzen ginela.
Herri bezala gainera, euskal zalegoak leku berezia du txirrindularitza munduan, ez naiz ausartzen munduko onenak garela esaten, seriotasunez esan beharreko kontuak direlako horiek, agian, belgikarrak izan daitezke hobeak, ez dakit, baina euskal zaletuak leku berezia du munduko txirrindularitzan, ezaguna eta estimatua da.
Zer eskatuko zenieke zaletuei?
Orain arte bezala jarraitu dezatela, batez ere identitatearekin aritu daitezela. Oso inportantea da, eta txirrindularitzak gainera behar ditu, are gehiago garai hauetan.
MIKEL ASTARLOZA (Bederatzi urtez Tourrean lehiatua. Etapa bat irabazia)
Ze balio du Pirinioetara joateak, eta kirolariak animatzeak?
Izugarrizko balioa, Pirinioetara iristeko desiatzen egoten ginen. Munduko zalego onenetarikoa dugu, eta hori kanpotarrek ere esaten dute. Zaletua beroa, sutsua, baina errespetuz aritzen den horietakoa. Ni Euskaltelen aritu nintzen eta ondoren beste talde batzuetan ere. Beti sentitu dut beroa, animoa. Euskal zaletuek euskaldunak animatzen dituzte, dauden lekuan daudela eta besteekin errespetuz aritzen dira.
Ze garrantzia du kirolarientzat, errendimenduaren aldetik?
Izugarrizkoa. Oilo ipurdia jartzen zaizu eta ez duzun lekutik ere indarrak ateratzen dituzu.
Zer esango zenioke euskal zaletuari?
Eskerrak emango nizkioke. Emandako beroagatik, eta horrelaxe jarraitu dezala esango nioke, jarrai dezatela etxekoak animatzen, besteekiko errespetua mantenduz, eta tropelean duten izen onari eutsi diezaiotela.
ELKARRIZKETAK/MENDIA
Malen Osa eta Aitor Ajuria irabazle Aloñako Igoeran
Guztira, 335 lasterkarik hartu dute parte igande honetako proban, horietatik 31 emakumezkoak
Kontrabandisten Lasterketa eta Maratoi Erdia egin dituzte Urdazubin asteburuan
Iazko etenaldiaren ostean, duela bi urteko edizioaren oinarria jarraituz itzuli da Kontrabandisten Lasterketa
Eneko Llanos eta Enara Oronoz garaile Aiarako Mendi Duatloian
Errelebokako sailkapenean Iñaki Carrok eta Koldo Etxebarriak osatutako bikotea nagusitu zen