EUSKAL PILOTA
Tambourindeguyk eta Lekerikak irabazi dute Donibane Lohizuneko hirugarren Masterra
Jon Tambourindeguy eta Unai Lekerikabeaskoa izan dira Donibane Lohizuneko “Internationaux” torneoaren hirugarren Masterreko irabazleak, Goikoetxea eta Aldazabal bi jokotan mendean hartu ondoren 11-15 eta 7-15.
Aurretik jokatutako finalerdietan, Goikok eta Aldabalek 2-0 irabazi zioten Beaskoetxea-Basque bikoteari, eta emaitza berdinarekin ere nagusitu ziren Tambourindeguy eta Lekerika Barandika eta Aimarren aurka.
Hortaz, astearte gauean jokatu zen finala, Campos Berri pilotalekuan, salgai jarri ziren 750 sarrerak salduta zeudela. Tambourindeguy anaietan gazteenak, lehiaketan min hartuta dagoen Olha ordezkatuz sartu zen eta azkenean partidaren jokalari onena izan zen. Bidarteko aurrelariak dena egin zuen ondo, pilota ederki arrimatu zuen ezker paretera, bikain ibili zen erreboteko pilotetan, eta aurrean tantoa amaitzen ere asmatu zuen. Defentsan primeran aritu zen eta erasoan bete-betean asmatu zuen. Atzean ondo aritu zen ere Unai Lekerika gernikarrak, denboraldi osoan erakutsitako maila bikaina berretsiz (bost garaipen eta porrot bakarra).
Aurreneko jokoa parekatua joan zen eta berdinketa ugari egon ziren markagailuan 9-9kora arte. Hortik aurrera urdinek hobeto jokatu zuten eta bost tantotako aldea ireki zuten (9-14), azkenean 11-15 irabazi zutelarik.
Bigarren jokoaren hasieran sei tantoko aldea lortu zuten urdinek baina gorriak berpiztu ziren eta markagailuan hurbiltzea lortu zuten (7-9). Jokoaren azkeneko zatian ordea, Tambourindeguyren lan onak erabaki zuen neurketa, azkeneko sei tantoak urdinen aldera erori zirelarik (7-15).
Dagoeneko soilik Master txapelketa bat geratzen da jokatzeke (Master 4 Torneoa), Donibane Lohitzuneko Grand Slam-a zeintzuk jokatuko duten erabakitzeko. Hartara, ostegun honetan, abuztuak 13, laugarren eta azken Masterraren finalerdiak lehiatuko dira gaueko 21:00tan hasita, norgehiagokak honakoak izango direlarik: Beaskoetxea-Lekerika vs Patxi Tambourindeguy-Maya eta Olharan-Etcheverry vs Hormaetxea-Etcheto.
Aurtengo denboraldiko Master Txapelketak
MASTER 1 Txapelketa: uztailaren 23tik 28ra (finalerdiak uztailaren 23an eta finala uztailaren 28an):
Txapeldunak: OLHARAN-LOPEZ
Txapeldunordeak: Erkiaga-Ihitsague
MASTER 2 Txapelketa: uztailaren 30tik abuztuaren 4ra (finalerdiak uztailaren 30ean eta finala abuztuaren 4ean):
Txapeldunak: BARANDIKA-LOPEZ
Txapeldunordeak: Erkiaga-Aimar
MASTER 3 Txapelketa: abuztuaren 6tik 11ra (finalerdiak abuztuaren 6an eta finala abuztuaren 11an):
Txapeldunak: J. TAMBOURINDEGUY-LEKERIKA
Txapeldunordeak: Goikoetxea-Aldazabal
MASTER 4 Txapelketa: abuztuaren 13tik 18ra (finalerdiak abuztuaren 13an eta finala abuztuaren 18an).
Lehiaketa hauetan emaitza onenak lortzen dituzten bikoteek azken torneo batetan (Gran Slam izenekoa) neurtuko dituzte indarrak haien artean.
SLAM Txapelketa: abuztuaren 20tik 27ra (lehenengo finalerdia abuztuaren 20an, bigarren finalerdia abuztuaren 25ean eta finala abuztuaren 27an).
Dena prest Binakako Master Laboral Kutxako finalerako
Igande honetan jokatuko dute Aldai-Capellan eta Arrizabalaga-Gaminde bikoteek
Aldabe-Apezetxeak eta Urrutia-Labakak irabazi dute eta finalaurrekora sailkatu dira
Berria erremonte txapelketako lehen faseko hirugarren eta azkeneko jardunaldia jokatu zen larunbatean
Erkiaga eta Zabala, txapeldun
Aritz Erkiagak eta Jon Zabalak bi setetan gainditu dituzte Iñaki Osa Goikoetxea eta Aimar Aldazabal (7-15 eta 12-15)