EUSKAL PILOTA
Tafallak eta Etxarrik txapeletarako bidea argitu dute
Argazkiak: emakumemastercup.eus
Nafarroako I. Foru Komunitate Txapelketa fase erabakigarrienean dago jada, eta Tafalla eta Etxarriren artean jokatutako beste asteburu eder batek behin betiko argitu du txapeletarako bidea, bai esku-huskako modalitatean, bai gomazko paletan.
Tafallan esku-huskako txapelketa izan zen protagonista. Esaterako ekainaren 20an Uharte Arakilen jokatuko diren eliteen arteko pilota mistoko finalerdiak zehaztu dira bertan. Amaia Aldai-Naroa Agirrek Aldaregia-Maite Ruiz de Larramendiren aurka neurtuko dituzte indarrak eta Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldaik, berriz, Laia Salsamendi-Olatz Ruiz de Larramendiren aurka. Asteburu honetan, Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldai bizkaitarrek bereak eta bi sufritu behar izan zituzten Leire Garai-Nora Mendizabali 22-17ko emaitzarekin irabazteko. Askoz errazago izan zuten Amaia Aldai-Naroa Agirrek Iera Agirre-Arrate Bergararen aurka (22-8), atzelari galtzaileak erraztasun ugari eman zituen partidan.
Aldaregia-Maite Ruiz de Larramendik Ainhoa Ruiz de Infante-Oihana Orbegozoren aurka jokatutako partidan ere lan handia egin behar izan zuten irabazleek, beste 22-17 partida gogor batean. Azkenik, Laia Salsamendi nafar gazteak aurrerapauso handiak ematen jarraitzen du eta berriro ere trebezia handia erakutsi zuen tantoak bukatu eta partidak irakurtzerako garaian eta, Olatz Ruiz de Larramendi jotzaileak lagunduta, Etxebeste-Gaminde gailendu zituzten 11-22 argi batengatik.
Gazteen mailan Andrea Capellan da gehien nabarmentzen ari den pilotaria, bere kolpe eta jokatzeko moduarengatik. Maila honetako finalerdiak ostegun honetan erabakiko dira, eta igandean jokatuko dira nagusienekin batera.
Erabakita dagoen finala gaztetxoen mailako pilota goxokoa da eta Uharte Arakilen jokatuko da igandean. Leire Oscoz-Erika Alvarezek eta Leire eta Nagore Galeanok txapelketako bi bikote indartsuenak direla erakutsi dute, eta hala berretsi zuten Ereta pilotalekuan, Irati Salinas-Alejandra Byliak (18-9) eta Isabel Garcia-Leire Garcia (18-4) erosotasunez kanporatuta.
Etxarrin nabaritu zen pala klub indartsua dagoela bertan eta emakumezkoen gomazko paleta partidek jende asko erakarri zuten, beti ere edukiera mugen barruan eta segurtasun protokoloak errespetatuz. Partiden garrantzia ere bat zetorren ikusminarekin, modalitateko final guztiak zehaztuta geratu baitziren.
Gazteetan, Elaia Zabalza-Mikaele Mendiola Irati Garziaren-Maria Eguskizaren aurka neurtuko dira eta bigarren mailan Enara Anitua-Olatz Beitia Juncal Quevedo-Olaia Sarasibarren aurka. Bi final horiek ekainaren 20an jokatuko dira Uharte Arakilen 18: 00etatik aurrera.
Lehen mailako eta elite mailako finalak, berriz, Etxarrin jokatuko dira, ekainaren 26an, 18: 00etan, Navarra Televisión-eko kamerak zuzenean direla.
Lehen mailan Saralegi-Galarza/Mendinueta-Eskala izango dira aurrez aurre eta elite mailako finalistak, finalerdietan maila bikaina eman ondoren, Isasmendi-Ruiz de Azua eta Irazustabarrena-Arrieta izango dira.
Oier Apezetxeak ezin hobeto hasi du bere ibilbide profesionala
Aldaberekin batera 34-35 irabazi zuen Loitegi eta Zaldua I.aren aurka Berria Erremonte Txapelketako bigarren jardunaldian
Gaubekak ez du barkatu eta finalera sailkatu da
Armintzako aurrelariak Ibai Perez garaitu du finalerdietako azken partidan
Ate joka da federazioen arteko GRABNI Txapelketa
Pilotariek 33 modalitatetan parte hartuko dute, frontoietan (motza eta luzea) eta trinketean