HERRI KIROLAK/AIZKORA
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia hastear da
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko kanporaketa jokatuko dute gaur, urriak 24, Zestoan
Guztira hamar aizkolarik parte hartuko dute larunbateko kanporaketan: Mikel Larrañaga , Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Jon Rekondo, Julen Alberdi Txikia IV.a, Iker Vicente, Jexux Mujika, Jon Irazu, Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa. Lau kanaerdiko, 60 ontzako lau enbor eta lau oinbiko ebaki beharko dituzte hamar aizkolariek, eta denbora onena egiten duten sei kirolariak sailkatuko dira azaroaren 20an Bilboko Bilbao Arenan jokatuko den final nagusira.
Hau da, lehen mailako hamabi aizkolarietatik hamar arituko dira Zestoako kanporaketan, beste biak ezingo dutelarik parte hartu (Iñaki Azurmendi COVID19 gaitzaren eraginez konfinatua dago eta Juan Jose Lopez Azpilikueta arazo fisikoak ditu).
Aizkolariek beraiek antolatutako txapelketa izango da Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia. Izan ere, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatu ohi zuen txapelketa kirolariek beraiek antolatzea erabaki dute, bi aldeen artean dauden desadostasunengatik.
Asmoa da txapelketa hau egunen batean Euskal Herrikoaren baliokidea izatea, eta horregatik erabiliko dute arautegi bera, egin beharreko lanak ere berberak izango direlarik.
Txapelketaren lehen edizio honek aldaketak ekarriko baditu ere, formatu klasikoan aurkeztu da. Baina etorkizunekoetara begira formatu berritzaile eta erakargarriagoak lantzen ari dira, kontsumo-garai eta modu berrietara egokitzeko. Esaterako, bide berriak bilatu dituzte ingurune digitalean: webgunea sortu dute eta sare sozialetan kontua sortu.
Egun horretan, gainera, lehen mailarako promozioa lortzeko borrokatuko dira zortzi aizkolari hauek: Aratz Mugertza mutrikuarra, Larrea III, Corchero, Jauregi, Eneko Saralegi, Pellejero, Zelai lV eta Julen Kañamares.
Peñagarikano eta Aizperroren arteko desafioa Azpeitian
Desafioa mistoa izango da eta hiru herri kiroletan arituko dira nor baino nor gehiago. Harri jasotzen, aizkoran eta lasterka jokatuko dute apustua.
Urrezko Aizkolarien eta Harrijasotzaileen jardunaldia Lezan
Aizkoran Otaño irabazle, harrian Goikoetxeak 37 jasoaldi egin zituen eta Urruzuno aldiz lesionatu zen, eta Virginia Finolek 52 altxaldi eginda marka onena ezarri zuen
Egur Sport txapelketen hirugarren jardunaldia, larunbatean Lezan
Aizkoran Eneko Otaño eta Jesus Mari Mugika neurtuko dira, gizonezkoen harrijasotze lehian Imanol Albizu “Goikoetxe” eta Inhar Urruzuno, eta emakumezkoenean Virginia Finol