HERRI KIROLAK/AIZKORA

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia hastear da

by | 2020/10/24

Argazkiak: egursport.com

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko kanporaketa jokatuko dute gaur, urriak 24, Zestoan

 

Guztira hamar aizkolarik parte hartuko dute larunbateko kanporaketan: Mikel Larrañaga , Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Jon Rekondo, Julen Alberdi Txikia IV.a, Iker Vicente, Jexux Mujika, Jon Irazu, Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa. Lau kanaerdiko, 60 ontzako lau enbor eta lau oinbiko ebaki beharko dituzte hamar aizkolariek, eta denbora onena egiten duten sei kirolariak sailkatuko dira azaroaren 20an Bilboko Bilbao Arenan jokatuko den final nagusira.

Hau da, lehen mailako hamabi aizkolarietatik hamar arituko dira Zestoako kanporaketan, beste biak ezingo dutelarik parte hartu (Iñaki Azurmendi COVID19 gaitzaren eraginez konfinatua dago eta Juan Jose Lopez Azpilikueta arazo fisikoak ditu).

Aizkolariek beraiek antolatutako txapelketa izango da Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia. Izan ere, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatu ohi zuen txapelketa kirolariek beraiek antolatzea erabaki dute, bi aldeen artean dauden desadostasunengatik.

Asmoa da txapelketa hau egunen batean Euskal Herrikoaren baliokidea izatea, eta horregatik erabiliko dute arautegi bera, egin beharreko lanak ere berberak izango direlarik.

Txapelketaren lehen edizio honek aldaketak ekarriko baditu ere, formatu klasikoan aurkeztu da. Baina etorkizunekoetara begira formatu berritzaile eta erakargarriagoak lantzen ari dira, kontsumo-garai eta modu berrietara egokitzeko. Esaterako, bide berriak bilatu dituzte ingurune digitalean: webgunea sortu dute eta sare sozialetan kontua sortu.

Egun horretan, gainera, lehen mailarako promozioa lortzeko borrokatuko dira zortzi aizkolari hauek: Aratz Mugertza mutrikuarra, Larrea III, Corchero, Jauregi, Eneko Saralegi, Pellejero, Zelai lV eta Julen Kañamares. 

Euskal Herria munduko mailarik gorenean sokatiran

Euskal Herria munduko mailarik gorenean sokatiran

SOKATIRA   Euskal Herriak ordiezkaritza ofiziala izan du Txinako Xuzhou herrian jokatu den Goma gaineko Munduko Sokatira Txapelketan: sei talde eta euskal selekzio bat aritu dira euskal banderapean. Emaitza, halakoa. Hamasei domina ekarri dituzte: urrezko bi,...