EUSKAL PILOTA

Segurolak eta Azpirozek aurrerapauso handia eman dute Sagardoaren Txapelketan

2022/05/30

Argazkiak: oriamendi2010

Segurola eta Azpiroz (Petritegi) 30-21 gailendu zitzaizkien Aldabe eta Larrañagari (Bereziartua) Sagardoaren Txapelketan, sailkapenean aurrerapauso handia emanez. Bigarren postuan kokatu dira, hamabi punturekin berdinduta, Urriza eta Zubiri liderrekin, nahiz eta azken hauek partida bat gehiago jokatu duten. Bestalde, Aldabek eta Larrañagak (Bereziartua) ez dute garaipenik lortu, ezta puntu bat bera ere.

Segurolak eta Azpirozek ez zuten ia akatsik egin eta hori izan zen garaipenaren gakoa. Aldabe eta Larrañaga aurreko jardunaldietan baino hobeto hasi ziren, 4-9 irabaziz, baina gorriek erreskadan  egindako hamabi tantoekin, markagailua irauli zuten (16-9).

16-9kotik 20-11ra eta 20-15era pasa ziren eta hortik 25-18ra eta 30-21era joan ziren zuzenean. Segurolak 16 tanto egin zituen. Aldabe 12 tantotan geratu zen eta akats bakarra egin zuen. Atzean bi atzelariak sakearekin paretsu ibili ziren, Azpirozek zazpi tanto egin zituen eta Larrañagak, sei, baina piloteoan Azpirozek hamar tanto egin zituen guztira, eta Larrañagak zazpi.

Estelarrean garaipena lortu zuten Loitegi eta Barrenetxeak 40-36 Ansa II eta Martirenaren aurka. Partida zazpina, hamahiruna eta 17ra berdinduta hasi zen, baina gero gorriek abantaila garrantzitsuak hartu zituzten, 23-18, 30-24 eta batez ere 36-27, 38-30 eta 39-31. Orduan urdinek azken emaitza txukuntxea lortu zuten 39-36 eta 40-36koarekin baina garaipena ez zuten inoiz eskura izan.

Barrenetxea nagusi izan zen atzean eta Loitegik ondo eutsi zion Ansari. Ia zenbaki berdinekin bukatu zuten, 16-5 Loitegik 18-6 Ansak. Saketik bost tanto egin zituen Barrenetxeak, zortzi piloteoan, saketik lau falta egin bazituen ere.

Lehenengo partidan Etxarrik eta Odeik 35 eta 28 irabazi zuten Urrutia II-Apezetxearen aurka. 28rekin berdinduta zeuden, baina 7-0eko azken partzial batek erabaki zuen partida. Odeik sei tanto egin zituen saketik aipatu zazpi tanto horietatik eta partida erabaki zuen.

Emaitzak

  1. Etxarri-Odei 35 Urrutia II-Apezetxea 28
  2. Loitegi-Barrenetxea IV 40 Ansa II-Martirena 36
  3. Segurola-Azpiroz (Petritegi) 30 Aldabe-Larrañaga (Bareziartua) 21

Sailkapena-Sagardoaren Txapelketa

  1. Urriza-Zubiri (Larre Gain) 12 puntu (hiru partidu)
  2. Segurola-Azpiroz (Petritegi) 12 puntu (lau partidu)
  3. Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar) 11 puntu (lau partidu)
  4. Ansa II-Juanenea (Setien) 10 puntu (hiru partidu)
  5. Ezkurra II-Zaldua I (Gurutzeta) 6 puntu (hiru partidu)
  6. Aldabe-Larrañaga (Bereziartua) 0 puntu (bost partidu partidu)

Erremontearen Eguna ospatu da Galarretan

Erremontearen Eguna ospatu da Galarretan

Endika Barrenetxeak lortu zuen Urrezko Erremontea Saria aurrenekoz eta Estelarrean Juanenea-Ezkurra-Ion hirukoteak 40-35 irabazi zion Urriza eta Barrenetxeak osaturiko bikoari