HERRI KIROLAK/SEGA

Sega Ligako lehen bi jardunaldiak jokatu dira

by | 2021/06/16

Argazkiak: almitza.eus

Almitza Sega Elkarteak antolatzen duen XII. Euskal Herriko bakarkako sega txapelketaren lehenengo saioa Zaldibian egin zen, aurreko larunbatean, eta emakumezkoetan Alaitz Imaz hernialdetarra eta Ainara Otamendi ibartarra izan ziren lehen biak.

Gizonezkoetan Migel Mari Jauregi ‘Altzo’ nagusitu zen, atzetik Julen Gabirondo eta Jon Otegi sailkatu zirelarik. Gizon gazteetan, Arkaitz Gabirondo gazteluarrak eskuratu zuen lehen postua eta mutil gazteetan Auritz Alkorta asteasuarra nagusitu zen.

Gaztetxoen mailan azkenik, Izadi Arrospide leaburuarrak erdietsi zuen garaipena nesken arteko lehian, eta mutikoetan Mattin Etxarri izan zen garailea.

Bigarren saioa berriz, igande honetan lehiatu zen, Altzon, 11:30ean hasita, guztira 29 segalari aritu zirelarik lehian. COVID-19aren inguruko neurriak direla eta, ikuslerik ez zen egon.

Emakumezkoetan Alaitz Imaz hernialdearra izan zen garailea,  Ainara Otamendi atzetik sailkatu zen eta Malou Henriksenek osatu zuen podiuma.

Gizonezkoetan Julen Gabirondok nagusitasuna erakutsi zuen, bigarren Migel Mari Jauregi Altzo izan zen eta hirugarren postuan sailkatu zen Mikel Lizartza tolosarra.

Gazteen mailetan Iñigo Etxabe belauntzarra, Auritz Alkorta asteasuarra, Mattin Etxarri eta Izadi Arrospide leaburuarra nagusitu ziren, bakoitza bere mailan.

Gauzak horrela, eta aurreneko bi jardunaldiak jokatu ostean, honela daude sailkapen orokorrak:

Gizonezkoak:

  • Julen Gabirondo 119 puntu
  • Migel Mari Jauregi Altzo 119 puntu
  • Jon Otegi Odriozola 115 puntu

Emakumezkoak:

  • Alaitz Imaz 120 puntu
  • Ainara Otamendi 118 puntu
  • Malou Henriksen 116 puntu

Gizon gazteak: 

  • Arkaitz Gabirondo 118 puntu
  • Jokin Mikeo 118 puntu
  • Iñigo Etxabe 117 puntu

Mutil gazteak: 

  • Auritz Alkorta 120 puntu
  • Oier Mitxelena 118 puntu

Haurrak (mutilak):

  • Mattin Etxarri 120 puntu
  • Xabi Beamount 118 puntu

Haurrak (neskak)

  • Izadi Arrospide 120 puntu
  • Iune Mikeo 118 puntu

Ligako hirugarren eta azken saioa Etxalekun jokatuko da uztailaren 3an, bertan erabakiko direlarik txapelak.