MENDI LASTERKETAK
Sarako kontrabandisten lasterketa igandean
Sarako Kontrabandisten Lasterkaldiaren 57. edizioa abuztuaren 30an izango da
Naturan gaindi egiten den lasterketa hau Sara Korrika elkarteak antolatzen du, Sarako Herriko Etxearekin eta Euskal Elkargoko Turismo Bulegoarekin elkarlanean.
Sarako lagun talde batek 1961ean irudikatu eta sortu zuen Kontrabandisten lasterketa. Lehen edizio horren irabazlea Louis d ‘Olhette jauna (Urrugne) izan zen. Lasterkariak Sarako enparantzatik abiatu ziren, eta 25 kiloko zaku bat kargatu zuten Larruneko magaletan, herrira bueltan eraman zutena.
Kontrabandoa, “Gaueko lana” ere deitua, oso fenomeno hedatua izan zen herrialdeko gizon-emakumeen artean garai haietan, haien bizitza hobetzeko nahiak bultzatuta. Ez zen hori izan helburu bakarra haien jardunean, izan ere, kontrabandistek eta artzainek paper garrantzitsua jokatu zuten Bigarren Mundu Gerran. Mendia primeran ezagututa, iheslariak, pilotuak eta familia juduak Pirinioak zeharkatzen laguntzen aritu ziren (COMET sare ospetsua horren adibide).
Aurtengo edizioan, lasterkariak, Sarako plazatik abiatuko dira arratsaldeko 18:00tan, eta 8,4 kilometroko itzulia egin beharko dute, 77 metroko desnibela duena. Zazpi Fagora abiatuko dira lehenik (522 m), eta gero helmugara helduko dira (Sarako plazara, abialekura).
Lasterketaren inoizko marka onena Fernando Etxegaraik ezarri zuen 2006. urteko edizioa irabazitakoan, 38 minutu eta 36 segundutan helmugaratu zelarik.
Hitzordua Kanaldude herri telebistak emango du zuzenean, 18:00etatik aurrera bere webgunean zein sare sozialetan ikusgai egongo delarik.
Iazko edizioan, Joseba Larralde beratarrak eta Amaia Saint Martin saratarrak irabazi zuten Sarako Kontrabandisten Lasterketa.
17:00etan hasi ziren lasterketak. Lehenbizi, bi taldetan banatuta, haurrak aritu ziren, eta 18:00etan helduen txanda izan zen. Gizonezkoetan, guztietan bizkorrena Joseba Larralde beratarra izan zen. 40 minutu eta 35 segundoko denbora behar izan zuen 8,4ko ibilbidea osatzeko. Bere atzetik, Baionako Guillaume Levoy sailkatu zen (40:24) eta Asier Apezetxea aranztarra helmugaratu zen hirugarren (42:30). Emakumezkoetan bizkorrena Amaia St Martin saratarra izan zen (57:58) eta bigarren Baionako Amandine Levoy sailkatu zen (01:02:35).
2019. urteko sailkapen osoa ikusteko sakatu HEMEN
Azken urteotako irabazleak
2010: ETXEGARAI Fernando 40’23”20 ETXALAR
2011: bertan behera geratu zen lasterketa, beroaren eraginez
2012: ETXEGARAI Fernando 39’23” BERA
2013: ETXEGARAI Fernando 39’59” BERA
2014: LARRALDE Joseba 41’09” BERA
2015: ETXEGARAI Fernando 41’53” BERA
2016: LARRALDE Joseba 40’34” BERA
2017: Daniel Iparraguirre 42’25” ETXALAR
2018: Guillaume Levoy 40’32” AINHOA
2019: LARRALDE Joseba 40’35” BERA
Eneko Llanos eta Enara Oronoz garaile Aiarako Mendi Duatloian
Errelebokako sailkapenean Iñaki Carrok eta Koldo Etxebarriak osatutako bikotea nagusitu zen
Arrate Mintegi eta Urko Herran nagusi Gasteiz Duatloian
Proba herrikoian berriz, Pablo Alvarez eta Andrea Larrañaga izan ziren irabazleak
Isaac Nader eta Esther Guerrero nagusi Berangoko Nazioarteko Milia lasterketan
Larunbatean lehiatu zen XXXIII. Berangoko nazioarteko Milian Tokion egondako 16 atleta olinpiko bildu ziren