EUSKAL PILOTA
Salsamendi-Ruiz de Larramendi eta Arraiza-Gaminde, txapeldun
Argazkiak: emakumemastercup.eus
Urte eta erdi baino gehiago ateak ireki ezinik egon ondoren, hitzordu historiko baterako bere jantzirik onenak jarri zituen pasa den larunbatean Nafarroa Arenak, bere emakumezkoen lehen jaialdia jasotzeko, non Nafarroa Foru Komunitatea Torneoko lehen txapelak banatu ziren. Pandemia garai hauetan zailtasunak ugari izan diren arren, bere helburu guztiak bete dituen txapelketa izan da honako hau. Emakumezkoen kirola sustatu, erreferenteak sortu eta kirolean emakumea ikusarazteko helburuekin sortu zen lehiaketa hau, eta, alde horretatik, dena primeran irten da, ehundik gora izan baitira gomazko paletan eta eskuz parte hartu duten pilotariak, eta pilotazaleak ere Nafarroako pilotalekuetara hurbildu dira, neska hauek babestu eta haien kalitatezko jokoarekin gozatzeko. Larunbateko jaialdian, Nafarroa Arenan 400 zale inguru bertaratu ziren, eliteetan Salsamendi-Ruiz de Larramendik eta gazteetan Arraiza-Gamindek lortutako txapelekin gozatzeko asmoz.
Eta hain agertoki ikusgarriak, finalaren pisuak eta ETBko kamerek zuzenean duten presentziak bi finaletan euren eragina izan zuten, urduritasun eta presio gisa, bereziki eliteetan, laurei kosta baitzitzaien partidan sartzea. Horregatik, garrantzi berezia hartzen du Laia Salsamendi gazteak erakutsitako patxadak, izan ere, 14 urte baino ez ditu, eta argi utzi du etorkizuna ez ezik, oraina ere oso itxaropentsua duela onenen artean. Izabakoa ez zen kikildu eta kalitate eta ausardia handia erakutsi zituen, ederki amaitutako tantoekin eta Amaia Aldai gogor bati aurre eginez. Atzean Olatz Ruiz de Larramendiren laguntza ere izan zuen, beste behin, bere eskuin indartsuari esker atzean aldeak ireki zituena, eta azkenerako 18-22 gailendu ziren partida lehiatuan. Amaia Aldaik eta Naroa Agirrek, berriz, sendotasun handia erakutsi izan dute txapelketa osoan zehar, baina finalean gehiegi kostatu zitzaien partidara sartzea eta garesti ordaindu zuten. Bikote nafarra laster aurreratu zen markagailuan. 10-15ekoa bezalako uneak izan ziren, finala hausteko gai ziruditenak, baina Aldai eta Agirrek ez zuten etsi eta partidari eustea lortu zuten. Hala ere, bi tantora hurbildu ziren arren (18-20), euren erreakzioa hor geratu zen eta txapelak etxean geratu ziren 18-22 emaitzarekin.
Jardunaldia gazteen finalarekin hasi zen eta 16 eta 13 urte baino ez dituzten arren, Miriam Arraiza donostiarrak eta Enara Gaminde bizkaitarrak bikote oso sendoa osatu zuten Maddalen Etxegarai eta Uxue Oses oñatiarren aurka, 18-9ko emaitzarekin txapela janztea lortu zutelarik. Partida nahiko orekatuta hasi zen, eta nahiz eta halako final batek eragindako urduritasunak nabaritu ziren arren, oreka horri eutsi ahal izan zioten bosnakako berdinketara arte. Hala ere, ordutik aurrera, Uxue Osesek ezin izan zion Enara Gaminderi –finaleko pilotari nabarmenenari– eutsi, eta zazpi sake erantzun gabe utzita partida hautsi egin zen, merezimendu osoz irabazi zutelarik txapela Arraiza eta Gamindek.
2022ko E.H-ko Pilota Egokituko topaketa, larunbatean Azpeitian
Lehen aldiz, Euskal Herri mailako Pilota Egokituko topaketa bat antolatuko da
Markina-Xemeingo Grand Slama ekainaren 12an hasiko da
Puntistarik onenak ibiliko dira lehian, hiru bikoteko bi multzotan banatuta
Sagardoaren Txapelketaren lehenengo fasea amaitu da
Urriza-Zubiri, Goikoetxea V-Barrenetxea IV, Segurola-Azpoiroz eta Ansa II-Juanenea bikoak sailkatu dira