KIROLA ETA EUSKARA
Realeko Fundazioa, euskararen bidelagun
«Reala erreferentzia garrantzitsua da eta ezinbestean euskararen bidelagun izan behar dugu»
Andoni Iraola (Donostia, 1962) Realean hainbat alor desberdinetan aritu da lanean. Azken urteetan Realeko Fundazioko arduradun eta Presidentziako zuzendari lanak egiten ditu.
Nola dago egituratua Reala kontu honetan?
Esango nuke Realak aspalditik duela hizkuntza politika bat. Prentsaurrekoetan, argitalpenetan… aspaldi hasi ginen euskararen erabilera kontuan hartzen. Gaur egungo euskara plana, hala ere, 2012an jarri zen martxan. EMUNen aholkularitzarekin hizkuntza irizpideak finkatu genituen eta euskara batzorde bat sortu. Hori egin eta gero, urtero helburuak eta ekintzak jasotzen ditugu kudeaketa plangintzan eta, hilero, jarraipena egiten die euskara batzordeak.
Zer da orain arte egin dena, edo egiten ari zaretena?
Esan bezala, 2012an hizkuntza irizpideak finkatu genituen. Gure idatzizko eta ahozko harremanetan, kontratazioan, formazioan eta abarretan euskarak izan beharreko gutxieneko tokia adierazten da. Hor jasotakoak eguneratzen ari gara gaur egun. Prentsaurrekoen edo kontratazioen inguruko lanketa ari gara egiten, besteak beste.
Zein dira euskarekiko epe motzeko eta epe ertaineko erronka eta helburuak?
Prentsaurrekoetan euskarari bere lekua emateko lanketa dezente aurreratua daukagu. Koronabirusak sortutako egoera dela eta, gaia atzeratu egin zaigu, hala ere. Baina, aurki, emaitzak ikusteko moduan izatea espero dugu.
Bestalde, Euskaraldian ere parte hartuko dugu eta barne-lanketa egiten ari gara. Esaterako, arigune batzuk definituta dauzkagu, dagoeneko.
Ze bitarteko eta ze ekintza plan duzue horretarako?
Euskara batzordea eta hizkuntza irizpideak, nagusiki. Euskara batzordean Zuzendaritza, Administrazio Kontseilua eta gainerako langileak daude ordezkatuta. Gaiaren arabera, lantaldeak ere sortzen ditugu. Adibidez, prentsaurrekoen gaian, komunikazioko lankideekin ekin genion lanketari. Edo, dendan, euskararen erabileran eragiteko, formazio saioak egin izan ditugu dendariekin. Lankide guztiei zabaltzen zaien hilabetekari bat ere sortu genuen, E TU aldizkaria, Euskara Txuri Urdinez.
Ze arazo nagusirekin topatzen zarete?
Agian, batzuetan, erabakiak hartzen ditugunetik, gauzatzen diren arte, nahi baino denbora gehiago igarotzen dela, baina gauzak ondo finkatzeko, beharrezko ikusten dugu gaiak lasaitasunez lantzea.
Ze eskatuko zeniekete instituzioei eta gizarteari, zuen bidelagun izateko baliogarri izan litekeena?
Euskararen aldeko ekimen askotan hartzen dugu parte eta horiek instituzioekin eta gizarte eragileekin elkarlanean egiten ditugu. Aldundiak gidatuta, esaterako, Gipuzkoa Berdinago ekimeneko partaide gara, D Ereduko kirola deituriko ikerketan parte hartu dugu eta bertan jarraitzen dugu Soziolinguistika Klusterrarekin eta Aldundiarekin elkarlanean. Euskaraldian ere erakunde eta euskara elkarteen Topagunearekin egiten dugu lan, edo Korrikan bertan ere ikusten da lankidetza hori. Esango genuke, bidelagun bagarela, dagoeneko. Ezinbestean izan behar dugu bidelagun, gainera. Reala erreferentzia garrantzitsua da eta Realak egiten duenak eragina du. Askotan jotzen dugu instituzio eta gizarte eragileengana eta eurek ere askotan jotzen dute guregana.
Aurrera begira, duzuen egitasmoen artean, zerk du lehentasuna?
Une honetan, besteak beste, hizkuntza irizpideak eguneratzen ari gara eta, Euskaraldian, bai barnera begira, bai kanpora begira, egingo dugun lanketa bideratzea.
“Futbolaren inguruko hizkuntz kultura berri bat sortu behar dugu”
Beñat Larrañagarekin hizketan, “Futbol entrenatzaile ikastaroak euskaraz” jardunaldiaren harira
Kirolean euskararen erabilera sustatzeko 2021-2024 plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak
Jokalarien artean, entrenatzailearekin edo epailearekin harremanak euskaraz ematea sustatu nahi du egitasmoak
Ahotik Zelaira, futbolean euskara indartzeko ekimen berri bat
Egitasmoan parte hartzen duen Haritz Otxotorenarekin solasean