«Eurokopa 2020 Bilbon, eta orain zer egin?»

MARTXEL TOLEDO GARMENDIA
Esait-eko kide ohia 


→ MARTXEL TOLEDO GARMENDIA ·  Argazkia: berria.eus

Eurokopa 2020 Bilbon, eta orain zer egin?

MARTXEL TOLEDO GARMENDIA. Esait-eko kide ohia

Gizonezkoen futbol Eurokoparen fase bat Euskal Herrian, Bilbon (San Mamesen), jokatuko da datorren urteko ekainaren 15etik 24ra, eta bertan, anfitrioi gisa, alegia, etxekoa bezala, Espainiako selekzioa arituko da. Hori horrela izanik, gurean egon daitekeen zalantza da: eta orain zer? Alegia, guk zer egin, betiko kontserbadoreek dioten bezala, harro sentitu eta eskerrak eman Eurokopak Bilbo hiria mundu mailan ezagunago egingo duelako eta, bide batez, ikustera etorriko den jendeak bertan sosak utziko dituelako, ala, azkenaldi honetan gurean antolatu diren beste ekitaldi garrantzitsu batzuekin egin den modura, esaterako Frantziako Tourra edota Espainiako itzulia, goi mailako kirol gertakizun hau nazio ikuspegitik Euskal Herriak dituen eskubide politikoak, sozialak eta kulturalak aldarrikatzeko erabili? Nik ez daukat inongo zalantzarik.

Bilbon jokatuko den Eurokoparen aurkezpen ofiziala orain gutxi egin bada ere, besteak beste, azken fasea jokatu berria delako, lehen aldiz 2014an jakin zenean SanMames izan zitekeela xedea eta Espainia sailkatuz gero bertan izango zela, hasi ziren gurean agintari politikoen aldetik horren inguruko lehen iritziak eta balorazioak ematen. Besteak beste, EAEko lehendakaria den Iñigo Urkulluk eta garai hartan Bizkaiko Foru Aldundiko Diputatu nagusia izan zen Jose Luis Bilbaok egindakoak aipatu nahi ditut. Jose Luis Bilbaok, besteak beste, hau zioen: «Espainiako selekzioa San Mamesen onartzeko baldintza objektiboak, Euskadiko selekzioaren aurka kanpotar gisa aritzea izango litzateke». Iñigo Urkulluk, berriz, «oraindik sei urte falta direnean, nire aspirazioa izango zen Eurokopa hori Euskadiko selekzioak jokatzea, San Mameseko xedea Euskadik jokatzeko delako». Adierazpen horiek guregan zalantza mordo bat sortu arren, ez zirelako sinesgarriak, positiboki eta itxaropen pittin batekin hartu ziren.

Baina sei urte pasatu dira, bai, eta, tamalez, datu objektibo bakarra da ofizialki Espainiako selekzioa arituko dela Eurokopan, eta euskal selekzioa, ez.

Hala ere, agintari batzuentzat badirudi sei urte hauetan gauzak aldatu direla, zeren geure selekzioaren egoera tamalez berdina edo okerragoa izan arren, (nazioartera begira ez da urrats txikienik ere egin), mezua oso ezberdina delako, orain euskal selekziorik gabe ere inork ez duelako zalantzan jartzen Eurokopa Bilbon jokatzea ohore bat dela guztiontzat, eta horregatik harro eta pozik egon beharko genukeela gure babes osoa emanez. Alegia, geurea ikusteko genuen ilusioa alde batera utzi, eta asimilaziora pasatu behar dugula, Espainiakoari ongietorria emanez, Urkulluk, Rementeriak, Aburtok eta Elizegik iradokitzen diguten modura. Uste dut, hasieran bezala, demagogia egiten jarraitzen dutela, euskal gizartearen gehiengo bat ez dagoelako Eurokopa Euskal Herrian jokatzearen aurka, baizik eta haserre, Espainiako Federazioaren jarrerarekin, geurearen ofizialtasuna oztopatzen duen erakunde nagusiena delako.

Euskal selekzioek ofizialak izateko eta nazioarteko txapelketetan parte hartu ahal izateko bete behar duten lehen baldintza nazioarteko kirol federazioetako kide izatea da; futbolaren kasuan, UEFAn edo FIFAn. Eta Euskadiko futbol federazioak iazko abenduan egindako batzarrean bazkideek eskaera hori egitea erabaki bazuten ere, badirudi agindua ez dela bete, eta oraindik federazioko kaxoi batean gordeta egon daitekeela, besteak beste, Federazioen barruan ere beste interes batzuk egon badaudelako. Horren adierazle garbia egon diren dimisioak izan daitezke. Beraz, etsaiak, kanpoan izan ezik, etxean ere badaude.

Hasierara itzuliz, eta guk zer egin Eurokopa honen aurrean? Irentsi beharko dugun espainiartasunari alfonbra gorria jarri eta kitto, aipatu pertsona horiek dioten modura? Edo, gure instituzioetan, federazioetan, futbol zelaietan, kalean… nazio gisa dagozkigun eskubideak, artean geurearen ofizialtasuna, lau haizeetara aldarrikatu eta borrokatu?

Gasteizko Parlamentuan, alderdi ezberdinek EAEko estatus berria izan dute mintzagai. Eurokopa honek balio beharko luke ere alderdi bakoitzak nola eta zer indarrekin defenditzen duen nazio eskubide hori ikusteko, begi bistan gelditu delako, oraingoan ere, Euskal Herriak ez duela hori gauzatzeko aukera praktikorik izan, zeren eta, etxean jokatu arren, geure selekzioa beste behin mespretxatua eta lehiatik kanpo gelditu delako.

Horregatik, 2014an genioen bezala, Eurokopa 2020, San Mamesen bai, euskal selekzioa ere bai!

Koldo Aldalur: «Ito zorian»

Koldo Aldalur: «Ito zorian»

«Inora ez goazela iruditzen zait: eragin eta eragin egiten dugu geure burua engainatu arte, baina beti toki berean gabiltza»