«Atzera-bueltarik gabea»
MARTXEL TOLEDO GARMENDIA
Esait-eko kide ohia
berria.eus
→ MARTXEL TOLEDO GARMENDIA • 2019.01.13 • berria.eus
→ Argazkia: berria.eus
Atzera-bueltarik gabea
MARTXEL TOLEDO GARMENDIA. Esait-eko kide ohia
Halakoa izan beharko luke iragan abenduaren 12an Durangon Euskadiko futbol federazioaren Batzarrak euskal selekzioaren ofizialtasuna nazioartean lortzeko UEFA eta FIFAri eskaera egiteko hartu zuen erabakiak. Batetik, garrantzitsua, aldarrikapen gisa euskal jokalariek eta ofizialtasunaren aldeko eragileek, klubek, zaleek… federazioari aspaldian egindako eskaera hori onartua izan delako. Ezinbestekoa, denok dakigun bezala, ofizialtasuna lortzeko bidean, lehen urratsa aipatu erakunde horietan euskal futbol federazioa bazkide onartua izatea delako eta, jakina, eskatuta ere zaila bada, eskatzen ez bada ezinezkoa delako. Eta atzera-bueltarik gabekoa, zeren, hainbeste urte ondoren, orain ez bada aurrera egiten, gure herriaren zati handi batek sostengatzen duen aldarrikapen horren atzean mantentzen den amets hori betirako ezerezean geldituko litzakeelako.
Euskal futbol selekzioak bere bizkarrean 100 urteko historia darama, konbinatu gisa gizonezkoek lehen agerpen ofiziala 1915ean Madrilen Asturiaseko Printzearen kopan egin zuenetik. Hala, nortasun ikuspegitik abiatuta, aldarrikapena bera, gerra aurretik zein ondoren hor egon arren, 1979an eta selekzioaren berragerpenarekin indartzen hasten da, batik bat, euskal kulturarekin lotuta eta Sustraiak antolatuta Bai euskarari lelopean San Mamesen Irlandaren aurka eta Atotxan Bulgariaren aurka jokatutako partiduak oso arrakastatsuak izan zirenetik..
Ondoren eta batik bat, ESAITen sorrerarekin, 1995ean, aldarrikapenak nazio ikuspegitik selekzioaren ofizialtasunaren beharra ikusten hasten da. Eta hori lortzeko bidean, aipatu eragileak EFFra beti eraman dituen proposamenetako bat, UEFA eta FIFAri eskaera egitea izan da. Erantzuna beti ezezkoa izan da. Euskal futbol jokalariek ere, ofizialtasuna ardatz hartuta, saiakera franko egin dituzte federazioarekin, baina jaso duten erantzuna berdina izan da. Beraz, esan dezakegu hogei urtetik gora daramatzala orain onartu berria den eskaerak EFFko mahai gainean aipatu eragileek eginda. Eta galdera litzateke: orain EFFn eskaera bideragarria dela ikusten bada, zergatik orain arte ez da onartu saiakera egitea?
Azken urte hauetan euskal selekzioaren etorkizuna jorratu nahian buru-belarri lanean ari den eragilea da EHKirolak, eta Durangoko erabakia baloratzeko garaian, hedabide bati egindako adierazpenetan, besteak beste dio: «Bozketa hau berandu iritsi da zeren orain hamabost urte egin izan balute, jokalariek ofizialtasunaren gaia mahai gainean jarri zutenean, beste egoera batean egongo ginateke, nazioarteko testuingurua ezberdina izango litzakeelako. Uste dut EFFren erabaki hau beranduegi datorrela, besteak beste, Gibraltarren eskaera oztopatzeko, Espainiak eskatuta, UEFAk 2001ean bere barne estatutuen 5. artikulua aldatzea erabaki izanak, estatu errekonozitua ez garen heinean, nazioartean ofizialtasuna lortu nahi bada, derrigorrez Espainiaren oniritzia behar dugulako. Eta aipatu data horien aurretik, Gibraltarrek egin zuen bezala egin izan bagenuen, ofizialtasunari dagokionez, egoera oso ezberdina izango zelako.
EFFri, orain, bileran erabakitako ebazpena gauzatzea dagokio, eta UEFA eta FIFAri integrazio eskaera bidaltzera behartzen du. Paraleloki, Espainiako Federazioarekin harremanetan jarri behar du, haren bermea behar baitu nazioarteko federazioek eskaera onar dezaten.
Baina antzeman genezaken modura, Espainiako futbol federazioko presidenteak esan du eskaera zentzugabea eta erabat gauzatu ezina dela.
Hori horrela, ofizialtasunaren aldeko partidua hasi baino ez da egin.
Euskal Herriko taldeak eta selekzioa Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan
Emaitza ikusgarriak lortu ditu Euskal Herriak Ipar Irlandan jokatutako munduko txapelketan
Euskal Pilotan Euskal Selekzio ofiziala!
Euskal Pilota Selekzioa kolektiboak aldarrikapen ekitaldia egin du Durangon Euskal Selekzioa aldarrikatzeko
[Iritzia] Ofizialtasunaren bidean?
Joxe Mari Artola, Mikel Azkune eta Beñat Larrañaga, EFF zuzendaritzako kideen iritzi artikuloa