“Zein kirolek dute arrakasta gehien emakumeen artean eta zergatik?”
JON TORNER ZABALA
Kazetaria
argia.eus
→ JON TORNER ZABALA • 2019.10.10 • argia.eus
→ Argazkia: argia.eus
Zein kirolek dute arrakasta gehien emakumeen artean eta zergatik?
Saskibaloiak duen indarra, taldekako kirolek “dibertsioarekin” edo ongi pasatzearekin duten harremana, eta erreferente geroz eta gehiago izateak duen eragina aipatzen dira, besteak beste, Ara agerkariak plazaratutako erreportajean. Kataluniako federazio bakoitzak zenbat lizentzia dituen aztertu dute artikuluan, Kirolaren Kontseilu Gorenak 2018ari dagozkion datuekin osatutako txostenetik abiatuta. Hego Euskal Herriko datuak gainbegiratu ditugu guk.
Espainiako Estatuan, federatu lizentzia daukate 3.866.867 lagunek: 2.978.250 gizonek (%77,7) eta 888.617 emakumek (%22,3). Katalunian, emakume kopurua %25,54koa da, eta hego Euskal Herrian %26,85ekoa (342.874 lizentzietatik 92.062). Kopuruok gorantz ari dira apurka-apurka.
Katalunian, gizonezkoen kasuan, hiru lizentziatik bat futbolekoa da (Hego Euskal Herrian ere, hortxe hortxe). Bigarren postuan, puska handi batera, saskibaloia dago (baita Euskal Herrian ere). Lizentzia guztien ia %50 bi kirol horiek hartzen dituzte. Aldiz, emakumeen artean lizentziak askoz ere barreiatuagoak daude, nahiz eta badiren bi kirol lizentzia kopuru handiagoak dauzkatenak: saskibaloia eta patinajea.
Saskibaloian, sorreratik bertatik
Saskibaloiak zergatik erakartzen ditu emakumeak? Enric Pratsek, Kataluniako Federazioko presidenteordeak, kirol horren sorreran bertan jarri du begirada: “Jakin ahal izan denez, hastapenetan, XIX. mende amaierako AEBetan, lehen saskibaloi partida jokatu eta astebetera emakumeen arteko partida bat jokatu zen jada. Halaber, Joko Olinpikoetan emakumezkoen kategorian jokatu zen taldekako lehenbiziko kirola saskibaloia izan zen. Eta, frankismoan, emakumeari jarduera fisikorako ateak ixten zitzaizkionean, saskibaloia sustatu egin zen”. Federazioak egindako lana, Internetez partidak ikusteko aukera izatea eta emakumeen artean saskibaloia sustatzeko kanpainak ere aipatu ditu Pratsek.
Hego Euskal Herrira etorrita: Nafarroan saskibaloi-lizentzia dute 3.884 emakumek eta 2.794 gizonek –gehiago dira hortaz emakumeak–. EAEn, 18.847 emakumek 20.692 gizonek.
Bestalde, patinajeari dagokionez, emakumeen kopuruak urtez urte gora egin du eta gizonezkoak baino gehiago dira gaur egun. Kirol oso gutxitan gertatzen da hori. Gimnasia da horietako bat. Ehunekoak irauli egiten dira kasu honetan; emakumezkoak alde handiarekin dira nagusi. Hego Euskal Herriko datuak ere horren erakusgarri dira: 3.101 emakumek dute gimnasia-lizentzia, eta 155 gizonezkok. Voleibola da Ara agerkariak hizpide duen beste kirol bat.
20.000 gizon eta 95 emakume ehiztari
Aldiz, futbolean, emakumeen lizentzia kopurua handitzen ari den arren, ehunekoak %10aren azpitik jarraitzen du. Hego Euskal Herrian apur bat handiagoa da zifra: lizentzia dute 12.375 emakumek eta 77.408 gizonek. Kirol guztien artean, gizon eta emakumeen artean alderik handiena, gimnasian baino are handiagoa baina kasu honetan gizonen alderantz, ehizan dago. Hego Euskal Herrian 21.204 lizentzia daude. Bada, horietatik 95 besterik ez dira emakumeak.
Erreferenteen garrantzia
Berta eta Martina Cortada ahizpen hitzak ere jaso ditu Ara-k. 12 urte ditu batak, eta futbolean ari da; 14 ditu besteak, eta igeriketa sinkronizatua egiten du. Martinenc klubean jokatzeak eragiten dion poza azaldu du Bertak, eskolan baino gehiago entrenatu eta asteburu guztietan jokatzen dituelako partidak, baita lagun berriak egiteko aukera izan duelako ere.
Martinaren hitzetan, kirolari erreferenteak izateak eragin handia du neska gazteengan: “Telebistan ikusten nituen, eta egiten zutena izugarri gustatzen zitzaidan. Hori egiten ikasi nahi nuen. Ur kirolak asko gustatzen zaizkit, eta talde-kirola izateak are gehiago erakartzen nau. Bakarrak huts egiten badu, denok huts egiten dugu. Telebistan ikusten ditudanean, egiten dituzten mugimenduak edota gorputza nola kokatzen duten begiratzen dut”.
Bergara Hiria pilota txapelketako finalak asteartean jokatu ziren
Nagusien mailan Ainhoa Ruiz de Infante eta Maite Ruiz de Larramendi izan ziren garaileak, eta Promesen kategorian Laia Salsamendi eta Ane Mendiburuk jantzi zuten txapela
Euskadiko Futbol Federakundeko Presidente Luis Mari Elustondo jaunari
Luis Mari Elustondo jaunari eskatzen diogu bete dezala ofizialtasuna eskatzeko erabakia eta egin dezala UEFAn sartzeko eskabidea.
Maite Maiorak irabazi du La Covatilla ultratraila
Gizonezkoetan, Jokin Garai sailkatu da bigarren postuan eta Iban Agirrezabala bosgarren izan da