«UEFAn eskaera. Bazen garaia!»

UEFAn eskaera. Bazen garaia!

Iñigo Santxo
Martxel Toledo
ESAITeko abokatu eta koordinatzaile ohiak

Inor gutxik jar dezake zalantzan euskal selekzioaren ofizialtasuna FIFAn eta UEFAn eskatzeko egungoa baino garai hobeagoak egon direla gurean; batetik, erakunde hauen estatutuek aukera hori aurreikusten zutelako, eta, bestetik, ofizialtasunaren aldarrikapenak jendartean oihartzun zabalagoa izan edota euskal kirolarien artean inplikazioa handiago eta zuzenagoa zelako. Baina orain, hogei urte pasatu ondoren egin dute. Bazen garaia!

Euskal Kirol Federazio batek nazioarteko erakundeetan —kasu honetan FIFAn eta UEFAn— sarrera eskatu izana ikaragarrizko aurrerapausoa da, zinez aurrekari garrantzitsua markatzen duelako. Maila honetako jauzi bat gauzatzean, bestalde, egokia izaten da atzetik egindakoak baloratzea, aurrera begirakoak zehaztu ahal izateko.

1995ean sortu zen ESAIT, eta ia hogei urte eman ditu ofizialtasuna aldarrikatzen. Hori lortzeko, beti izan du argi nazioarteko erakunde horietan eskaera gauzatzea ezinbestekoa zela. Eta 1998tik aurrera, behin baino gehiagotan proposatu diogu Jaurlaritzari eskabide hori gauzatzea, une egokia zelako Futboleko Federazioak UEFAn sarrera eskatzeko, Euskadin kirolaren gainean eskuduntza osoa izanik, UEFAren orduko estatutuetan oinarrituta, sarrera erabat bideragarria zelako. Une hartan ez zen honakoa gauzatu, gehienbat geroago Kirol Zuzendaria izan zenak jarri zituen oztopo eta trabak izan zirela medio, eta aitzina Lizarra Garazikoa zapuztu egin zelako. Tamalez, aukera galdua izan zen, eskabidea une hartan egin izan balitz, orain Gibraltarrekin batera Euskadiko Futbol Federazioa UEFA barruan egongo litzatekeelako eta, ondorioz, euskal futbol selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialak jokatu ahal izango zituelako. Gibraltarrek sarrera eskatu eta gero, 2001ean, UEFAk estatutuak aldatu zituen —Espainiako futbol federazioak proposatuta, Euskal Herria, Katalunia eta besterekin gerta zitekeena aurreikusi zuenean—, UEFAn sartzeko ukanbehar gisa NBEk estatu independente gisa aitorturiko baten kirol federazioa izatea galdatuz. Orain erruak bota eta elkar seinalatzeko unea ez den arren, iragana beti hartu behar da aintzat, geroari begirako urratsetan asmatu ahal izateko.

Nazioarteko federazio batean sartu ahal izateko, bi fase garrantzitsu daude: lehena barneko fasea da, non sarbidea eskatuko duen federazio nazionalak bere erabakia estatutuen arabera dagokion organoan legez hartu behar duen. Horren ostean, akordio hori nazioarteko federazioari eskabide batekin adierazi beharko dio. Barneko fase hau erabat burutu du Euskadiko Federazioak.

Bigarren fasea onarpenarena izango da. Nazioarteko federazioak eskabidea jaso eta aztertu behar du, eta betebehar formal guztiak ondo gauzatuta daudela egiaztatuta, hortik aurrera federazio horren asanbladak erabakia hartu beharko du, zuzendutako eskabide hori ontzat jo ala errefusatzeko, muga bakarrak bazkideen borondatea eta Suitzako legedia izango direlarik.

Fase honetan berebiziko garrantzia hartzen dute lan diplomatikoak eta politikoak. Zentzu horretan, Espainiako Federazioarekin balizko akordio bat onuragarria izango da, nazioarteko lehiaketetan Euskal Selekzioaren presentzia lehiakorra bermatuko badu, eta horri begira ezinbestekoa da ofizialtasunaren alde Madrilgo Kongresuan dauden diputatu guztiek talde berean jokatzea, Euskal Federazioarekin koordinatuta.

Era berean, argumentarioa are gehiago indartze aldera, gai honen gainean Eusko Legebiltzarrean ez-legezko ekimenen bat onuragarria izan liteke, dagoen adostasun politikoa esanbidez islatuko lukeelako.

Erronka honek duen tamaina kontuan hartzen badugu, bistan da eragile guztiek —Jaurlaritzak, futbol jokalari profesionalek, federazioak, federatuek, klubek, alderdi politikoek eta gizarte-eragileek— batera jokatzea ezinbestekoa dela, desio dugun helmugara heldu ahal izateko.

Futbola oraingoan aitzindaria izan da bigarren fase hau irekitzen, baina EAEn baditugu beste 48 kirol federazio gehiago, eta hauetariko askok euren diziplinetan, gaur-gaurkoz, estatutu erabat desberdinak dituzten nazioarteko federazio desberdinetan sartzeko aukera dexente dituzte.

Beraz, partida hasita dago, eta irabazi nahi badugu, elkarlana inoiz baino garrantzitsuagoa da. Hel diezaiogun, bada!.

Jokin Ibarra: “Euskal selekzioak merezi du?”

Jokin Ibarra: “Euskal selekzioak merezi du?”

Espero dezagun, itzulitakoan, aipatu medioak eta besteak egindako ezikusia nolabait konpontzea eta merezi duten arreta egitea, finean, kirol mailan K-1 modalitatea xumea izan arren, euskal selekzioaz ari garelako.

Eneko Bidegain: “Futbola politika da”

Eneko Bidegain: “Futbola politika da”

“Frantziak Munduko Futbol kopako finala jokatzeak –eta irabazteak– karga politiko handia du. Ez gara kirolaz ari. Politika da, eta politika bakarrik. Kirolaren mozorro azpian eta jokoaren aitzakian, Frantziak sekulako gola sartu digu euskaldunoi”