“Euskal futbol selekzioa: berragerpena, jarraipena, ala…?”
MARTXEL TOLEDO GARMENDIA
ESAITeko KIDE OHIA
naiz.eus / berria.eus
→ MARTXEL TOLEDO GARMENDIA • 2018.10.10 • naiz.eus • berria.eus
Euskal futbol selekzioa: berragerpena, jarraipena, ala…?
Ia bi urte pasatu dira azken partidua jokatu zuenetik eta berriro, ostiralean ariko da gizonezkoek osatutakoa Gasteizko Mendizorrotza futbol zelaian, Venezuelaren aurka.
Porrot modura definitu zuten Euskadiko futbol federazioak eta Jaurlaritzako Kirol Sailak 2016ko abenduaren 30ean San Mames futbol zelaian gizonezko euskal futbol selekzioak Tunisiaren aurka jokatutako partiduan gertatutakoa, alegia, 13.000 zale baino ez gerturatzea eta ondorioz, ohiko aldarrikapen girorik ez egotea harmailetan zein Bilboko karriketan. Jokalariek ere partiduaren ondoren egin zituzten adierazpenetan sentsazio bera transmititu zuten eta denon artean zerbait egin behar zela adierazi. Logikoa ere bada kezkatuta egotea, finean, beraiek direlako lehen pertsonan, bere izerdiarekin selekzioa ordezkatuz aritzen diren heinean, porrot horren ondorioak zuzenean pairatzen dituztenak.
Aipatu bi instituzioek barne hausnarketa egin ondoren zioten Gabonetako eredua eta zikloa bukatutzat eman behar dela eta beste alternatiba batzuk guztion artean bilatu behar direla zaleen itxaropena berreskuratzearekin batera, ofizialtasunaren bidean urrats berriak eta sinesgarriagoak emateko. Eta hori FIFA datetan jokatzea dela azpimarratu zuten. Nire ikuspegitik beranduegi iritsi arren, urteak eta urteak eman ditugu hori bera esaten, hein batean ados nago hausnarketa horrekin, alegia, Gabonetako eredua eta zikloa bukatutzat eman behar dela, zeren bide horretatik ez gindoazelako inora, egungo egoerara baino, alegia, etsipenera, frustraziora… Beraz, konturatu bagara, gaitz erdi!
Baina zein da ezberdintasuna FIFA datetan jokatzea edo urtean zehar, besteak beste orain arte egin duen bezala Gabonetan egitea? Izan daiteke bakoitzak geure buruari egin diezaiogun galdera.
Agerikoak direnak aipatzearren, bizpahiru nabarmenduko nituzke. Lehen biak kirol arlokoak dira. Bata, FIFA datak selekzio ezberdinak lehiatzeko jarrita dagoenez, jokalariek kluben baimena dute horretarako eta zentzu horretan, euskal selekzioak aukera izango luke nazioarteko beste Ligetan ari diren euskal jokalariek ere aukeratzeko.
Bi, aldi berean, selekzio indartsuagoen aurka aritzeko aukera, zergatik ez, hauek ere aipatu egunak horretarako erabiltzen dituztelako. Eta hirugarrena eta azkena baina agian garrantzitsuena izan daitekeena, ofizialtasunaren arloan, FIFA datetan selekzio ofizialak lehiatzen diren heinean, euskal selekzioak ere jokatzea, nazioartera begira sinesgarritasunaren bidetik urratsak emateko aukera eskura jartzen duelako, besteak beste, leiho gisa erabiltzeko balio dezakeelako.
Baina adi! Ez gaitezen itsutu FIFA datekin, hauek, aukera gisa onartu eta aurkeztu arren, datak baino ez direlako eta orain arte bezala jarraituz gero, alegia, formatu berdinean noiz behin partidu bat jokatuz, FIFA datak ere «tapagailu» datak bihurtu daitezkeelako ofizialtasunaren arloan ezer ez aurreratzeko. Horregatik, hemendik aurrera, urratsak sendoak eta atzera bueltarik gabekoak ematea izan behar du helburua, besteak beste, hiruko edo lauko torneoak antolatu eta behingoz, UEFA eta FIFA erakundeetan euskal federazioaren sarrera-eskaera egin. Bestea jendea engainatzea baino ez delako.
Horretarako, aipatu instituzioen aldetik orain arte izan duten jarrerarekin alderatuta ausardia eta batik bat borondate politiko zintzoagoa behar dute, ez baita nahikoa, aipatu bezala, noiz behin partidu bat antolatzea eta jendea bertara eramatea horretarako ofizialtasunaren eta aldarrikapenaren amua erabiliaz. Guztiok ikusi dugu Gabonetako azken partiduek zertarako balio izan duten, frustrazioa eta etsipena guztiongan sortzeko eta aldarrikapena ezerezean uzteko.
Horregatik eta aurrera begira sinesgarritasuna berreskuratzeko, garrantzitsua litzateke futbol eremuko eragile, erakunde eta instituzio ezberdinen arteko elkarlana eta konpromisoa indartzea. Zentzu horretan, oso positiboa iruditzen zait EHKirolak eragile gisa EAEko futbol federazioetan eta euskal selekzioaren ofizialtasunari begira egindako proposamena eta martxan jarritako ekimena, besteak beste, logikoena, ibilbide horren lehen urratsak etxetik, alegia, federaziotatik abiatuta egitea komeni delako.
Partida promozionatzeko egindako bideotxoak dioen modura, euskaldunak badugu hizkuntza bat, badugu izaera bat, badugu nortasun bat, badugu kultura bat. Eta galdera da, zergatik ez euskal selekzio bat?
Bagare, bagire, bagara, bagera… elkartuta jarrai dezagun urratsak egiten, merezi du eta.
Ostiralean zita bat dugu Mendizorrotzan. Bertan ikusiko dugu elkar.
San Fermin Torneoaren bigarren jardunaldia jokatu da
Urriza-Aizpuru bikoteak Juanenea-Barrenetxea IV.arekin jokatuko du finalerako txartela
Andikona Albizurik eta David Garciak irabazi dute Tabirako mendi lasterketa
Durangoko Tabira auzoko jaien barruan antolatutako ekimenean, 120 korrikalarik parte hartu zuten
Mendi Tourra Azpeitian
Seigarren edizioa egingo da Soreasu antzokian, uztailak 6 eta 8, asteartea eta osteguna