“Estrategikoak”

KOLDO ALDALUR
Kazetaria
argia.eus


KOLDO ALDALUR • 2019.11.03 argia.eus
→ Argazkia: argia.eus

Estrategikoak

KOLDO ALDALUR IRIGOIEN 

Esku artean dugun proiektuaren azken helburua garbi izanik, erabaki estrategikoak hartzean, dauzkagun baliabideak egokiro nola erabil ditzakegun aztertu behar ei dugu.

Estrategikoa, proiektua, baliabideak…  Hitz handiak. Omen.

Ezin omen zaie eskatu kirol emanaldietan urteetan aditu rolean aritu direnei, komunikazio tresna duten hizkuntza, lanetik kanpo, landu dezaten. Ez omen dute soldatatxoa jasotzen euskaraz txukun aritzeagatik, adituak izateagatik baizik.

Era berean, ezin omen zaie eskatu prentsaurrekoetara azaltzen diren kirolariei, ahalegintxoa egin, eta euskara landuxeagoa erabil dezaten. Kirolariak dira, ez euskara irakasleak.

Ez omen da ulertzekoa, kirolari elkarrizketatuak erdaraz ere baldin badaki, soilik euskaraz erantzuteko aukera izatea.

Ez omen da parte onekoa kirol emanaldiak euskara hutsean eskaintzea, gure hizkuntza ulertzen ez dutenek ere zergak ordaintzen dituztela kontuan izanda.

Azkenik, gustu txarrekoa omen da, besteak beste euskarari esker lana duen kazetariari, kamera edo mikro aurrean ez dagoenean ere, euskaraz jarduteko eskatzea.

Euskaltzaleen Topaguneko buru berria den Kike Amonarrizek esana da giro sozio-politikoa hobera aldatu dela, eta, euskara erdigunera eramanez gero,  egungo egoera balia daitekeela aurrerapauso erabakigarriak emateko. Primeran.

EHUko Patxi Azpillaga irakasleak esan berri du, ikerketa talde baten ondorioak laburtzea xede, EiTBn erdarazko kateetan euskara gehiago sartzea komeni dela Euskal Herriko komunikazioan erreferentzia izateko. Dotore oso.

Ildo berean, EiTBko zuzendari nagusi Maite Iturbek Eusko Legebiltzarreko kontrol batzordean azaldu du erakunde publiko honek %20ko diru igoera behar duela aurrekontuetan, lehen katea indartu ostean, plantea daitekeelako euskarazko saio batzuk bigarren katean ematea erdarazko azpitituluz lagunduta. Erabat ados, baina…

Agian zuek erabaki estrategikoak  hartzen dituzuen horietakoak zarete. Ni ez. Niretzat estrategikoa da lankideak euskaraz ari direla entzutea; urteetan ondoan izan ditudan kirol adituak euren euskara txukuntzen ari direla jakitea; erdaraz galdetu beharrik ez izatea euskaraz dakienari; kirol emanaldiak nire hizkuntzan jarraitzea; herri bat garela sinesten duen kirolariak denontzat hitz egitea. Guztiok uneoro aletxoa jartzen ez badugu, euskararen etorkizuna besteen eskuetan utziz, akabo estrategiak.

No Results Found

The page you requested could not be found. Try refining your search, or use the navigation above to locate the post.